Bizikutzu 53 – 2024ko uztaila

« Existitzea buru egitea da. »
Jacques Ellul

Editoriala

Hautatzen dugun eskala eta ematen diogun izena edozein izanikan ere, ondorioa bera da: eskuin muturra beti aitzina doa. Askotan erantzun politikorik gabe gelditzen diren frustrazio eta haserreaz elikatzen dela badakigu. Hala ere, ez du erantzun sinesgarririk eskaintzen, bere baitan heste hilgarria izan ezik.

Haren azken etsai ugarietako bat ekologia da. “Zigortzailea” litzateke, norbanakoen askatasuna urratuko luke eta aitzinamendua motelduko.

Bizik, beste eragile batzuen ondoan, bere indarrak bikoiztu behar ditu, beraz, jarrera horien erabateko zentzugabekeria behin eta berriz azaltzeko, eta, aldi berean, gure argumentuen oinarri arrazionalak argi uzteko.

Bizik, ber maneran,  betidanik bultzatu gaituzten elkartasun baloreak zabalago eramaten segituko du. Duela hamabost urte hasiriko borroka eta sekula baino gehiago bat egitera gomitatzen zaituztegu.

Potreta
Lilas, 25 urte, Baiona

“Ene militante ibilbidearen hasieran, zailtasunak nituen zilegi sentitzeko. Bizin, antolakuntza mailak harritu ninduen. Espazioa ematen zidatela sentitu nuen, ene iritziak inporta zuela.”

Lilas dut izena, 25 urte ditut eta Baionan bizi naiz. Kasualitatez heldu nintzen Euskal Herrira, hizkuntzalaritza ikasketen karietara egin ikastaldi batentzat. Biarritzen frantsesa kanpoko hizkuntza gisa irakasten zuen eskola batean lan egiten nuen. Zinezko  turismo industria!

Giro ona zen baina ez nuen ene burua balore horietan kokatzen. Ikasleak hizkuntza bidaia batean ziren, hegazkinez heltzen eta Airbnb-etan egoten…

Garai hartan, elkarteetan eta klimaren alde engaiatu nahi nuen. Surfriderrekin hasi nintzen, gero pixkanaka Bizi! eta Alda ezagutu nituen.

2023an, Bizin herritarren zerbitzurako iragarki bati erantzun nion,  eta hara nola ur handietara jauzi egin nuen! Momentuz, kontratu finkoarekin nago Aldan baina agorrilaren 19tik goiti Biziko koordinatzaile berria izanen naiz. Hilabete eta erdi izanen dut egungo koordinatzailearekin, Oihanarekin, trantsizioa lantzeko.

Ene militante ibilbidearen hasieran, zailtasunak nituen zilegi sentitzeko.  Bizin, antolakuntza mailak harritu ninduen. Espazioa ematen zidatela sentitu nuen, ene iritziak inporta zuela. Iniziatibak hartzeko paradak eskaini zizkidaten. Fite ulertu nuen ez nindutela sekula bakarrik utziko. Gauza asko ikasi nituen, ber mementoan bizi pertsonalean une latza pasatzen ari nintzelarik. Bizik lagundu ninduen ene buruaren baitan konfiantza biltzen. 

Kanpoko berri
Zaintzekoa dugun itsasoa, errespetatzekoak ditugun jendeak

Urte baten buruan, Nice hirian NBEren itsasoari buruzko konferentzia iraganen da. Klimaren gaia bezain funtsezkoa da hau, bereiztezina baitzaio. Itsasoa gure planetaren birika eta termostatoa dela jakinik. Gure CO2 isurketen kasik herena xurgatzen du, Lurraren gainazaleko klima erregulatzen du eta haren fitoplanktonak oxigenoaren erdia sortzen du.

120 GKE eta kolektibo, horien artean Bizi!, “itsasoaren zaintzearen aldeko herritar koalizioaren” baitan bildu dira berrikitan, Frantzia biltzar honen gomitatzailea bere itsas eremuak hobeki babestera bultzatzeko.

Frantziako gobernuak nazioarteko uren babesaren alde harturiko engaiamenduak aitzinean ematen dituelarik, bere ur metropolitanoen  % 0,1a baino gutiago egiazki babesten du.

Bizik beraz koalizioarekin bat egiten du, lurraldeko uretan arrantza industriala baztertzea galdegiten du, bereziki hondasare arrantza, itsas hondoa funditzen duena eta itsas bioaniztasunarentzat eta karbonoaren xurgatzeko gaitasunarentzat biziki suntsitzailea dena.

Hemen, Bizik uste du neurri horrek euskal kostaldea ez ezik Landesetako kostaldea ere hunkitu beharko lukeela, hondasare arrantzaren eragina handiagoa baita han. Neurri horrek tokiko “arrantza ttipiari” egokitzea eskatzen dio (batez ere 12 metrotik beheitiko ontziei, eta bolintxari ttipiei), arrantza horrek – eta bertako kontsumitzaileek – ahalik eta hobekien balia ditzaten babesaren ondorioak.

Laborantza herrikoiarekin gertatzen den gisara, arrantza ttipiaren baliabideak eta mozkinak oraino gutiegi ezagunak dira, orduan, garrantzitsua izanen da haien xedeko espezieak (boga, atun marraduna, umbrina…) tokian bertan hobeki ikertzea, arrantza anitza eta ondorioz erresilientea sustatuz. Era berean, tokiko arrantza (jantoki kolektiboaren bidez) eta pelagiko ttipien kontsumoa (sardina, berdelak, antxoa, boga…) instituzionalki sustatzen saiatuko da, bolintxa arrantzak karbono aztarna ahulena baitu.

Gai berri bat irekitzen da eta sustatzaile guzien laguntzarekin baizik ez da hetsiko.

Bisita gidatua
Biziren irudien atzean.

Komunikazioa Biziren ezinbesteko ekintza da, informatzeko, alertatzeko, proposatzeko… Argia, zehatza eta erakargarria izan behar du. Hau da gure elkarteko diseinatzaile grafikoen artea.

Nolakoa litzateke Bizi! bere diseinatzaile grafikorik gabe? Gure elkarteak zuzentzen dituen kanpainek halako eragina baldin badute, neurri handian haiei esker da. Identitate bisuala, bideoak, afixak, maskotak…

Itzaleko komunikazio-lan ezinbesteko hau laguntzaile guti batzuek egiten dute, eta horietatik bi gutienez, gaur egungo “permanenteak”, noizean behin deitzen dituzten beste hiruzpalau laguntzailerekin ari diren profesionalak dira.

Zabaldu behar diren informazioaz erabakiak hartzen dituen Komunikazio taldeari lotuak, Biziko grafistek itxura anitzeko taldea osatzen dute, Biziren komunikazioa beti izan denaren antzera!

Militantismoari egokituriko marketin eta publizitate kodeen ezagutzak eta jabetzak Biziren kanpainei ikusgarritasun gehiago ematen diete. Diseinatzaile grafikoek Logistika taldearekin ere lankidetza hertsian lan egiten dute. Lan talde honi esker grafisten ideiak gauzatzen dira banderola, esku-banderola eta beste euskarrietan. 

Diseinatzaile grafikoek bi funtzionatzeko molde dituzte: batek irudia sortzen du eta besteek formatu ezberdinetan deklinatzen dute (sare sozialentzat, web-arentzat, publizitate agirientzat, etab.), edo pertsona bera A-tik Zra kanpaina osoaz arduratzen da. Taldeak indar berriak behar ditu, ondorioz, grafistagaiak, ager zaitezte gustian! Etor Bizirekin! 

Egin dugu
Ondoko lau urteetako bide-orriaren idazketa lana abiatua dugu

4 urtean behin, Biziko kideek parte hartzen dute ondoko  lau urteetarako lan-eremuak zehazten dituen.

4 urtean behin, Biziko kideek parte hartzen dute ondoko  lau urteetarako lan-eremuak zehazten dituen eta gero koordinazio-taldeak gauzatu beharko duen bide orriaren hausnarketa eta idazketa prozesuan.

Lehen prozesuak, 2016an idatzitako “Sustraiak eta hegalak”, adibidez, Euskal Herria Burujabe lurralde proiektua idaztera bultzatu zuen. Bigarrenak, 2020ko “Trantsiziotik metamorfosira” txostena besteak beste, etxebizitzaren inguruko proiektua martxan ezarri zuen eta Hitza Hitz-ren lanaren garrantzia berretsi zuen. Prozesu bakoitzak elkartearen barne funtzionamendua hobetzeko parada eskaini du.

Dokumentu egituratzailea  da Biziren aktibitate, kanpaina eta iritzi guzientzat. 

Prozesua tokiko eta mundu mailako egoeraren azterketa fase batetik pasatzen da, Biziren azken urteetako lanaren ebaluaziotik eta justizia sozial eta klimatikoaren arloko borrokan lehentasunak zehaztetik.

Elkarte kide guziek parte hartzen dute testu baten lantzean, azken hau emandakinen bidez eraikitzen delarik, ezohiko biltzar nagusian bozkatua izan aitzin. Joan den maiatzeko Biltzar Nagusian abiatu zen hausnarketa, etapa ezberdinen egutegia udazkenean hedatuko dugu …

Hitzorduak

Uztailaren 4an, ostegunarekin   18:30 – 21:00
Begirale Ekologikoen hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Cordeliers karrika 20 – Baionan

Uztailaren 10etik 14ra
Baionako Bestak

Uztailaren 15ean, astelehenarekin   19:00 – 20:30
Begirale Ekologikoen Komunikazio lantaldearen bilkura
Bizi!ren lokalean
Cordeliers karrika 22 – Baionan

Uztailaren 26an, ostiralarekin   19:00 – 21:00     
Bizi! Barnekalde, tokiko taldearen bilkura
EHLGren egoitzan – Ainiza-Monjolosen

Agorrilaren 3tik 17ra 
oporrak!

Agorrilaren 19an, astelehenarekin   19:00 – 20:30
Begirale Ekologikoen Komunikazio lantaldearen bilkura
Bizi!ren lokalean
Cordeliers karrika 22 – Baionan

Agorrilaren 26an, astelehenarekin   19:00 – 21:00  
Euskaraz Bizi!n lantaldearen bilkura
Bizi!ren lokalean
Cordeliers karrika 22 – Baiona

Agorrilaren 27an, asteartearekin   19:00 – 20:30   
Etxebizitza-Habitata lantaldearen bilkura
Bizi!ren lokalean
Cordeliers karrika 22 – Baionan

Irailaren 4an,  asteazkenarekin   19:00 – 21:00      
Biziren hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Cordeliers karrika 20 – Baionan

Irailaren 9an, astelehenarekin   18:30 – 21:00   
Begirale Ekologikoen hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Cordeliers karrika 20 – Baionan

Irailaren 12tik 15era, ostegunetik igandera      
Klima Egonaldia / Biziren 15 urtemuga
Ibar Trinketean, Mugerre Elizaberrin

Irailaren 16an, astelehenarekin   19:00 – 20:30   
Begirale Ekologikoen Komunikazio lantaldearen bilkura
Bizi!ren lokalean
Cordeliers karrika 22 – Baionan

Irailaren 16an, astelehenarekin   19:00 – 21:00      
Jakazank Logistika lan taldearen bilkura
Patxokian
Tonneliers karrika 23 – Baionan