Bizikutzu 47  – 2023ko uztaila

“Ikuspegi politikotik, printzipio bakar bat bada, norberaren bere buruari buruzko burujabetza” Victor-Hugo

Editoriala 

Uztail hasieran Euskal Herrian gelditzen diren Frantziako Tourreko txirrindularien gisan, Biziko militanteak arras beste  izaera duen denboraren kontrako lasterketa prestatzen ari dira: Euskal Herria Burujabe. Haren ildo nagusiak joan den hilabetean prentsaitzinekoan aurkeztuak izan ziren.

Urriaren 7an eta 8an Baionan, lurralde proiektu honen zazpi gaiak hitzaldi ugariren bitartez eta Hervé Le Treut klimatologoa edo Timothée Parrique ekonomialaria bezalako aditu eta intelektualen esku-hartzearen bitartez aurkeztuko dira. Hori lortzeko gauzatu beharreko ekintza zehatzak aurkeztuko dizkigute.

Baina asteburu hartan besta giroko topaketak bizitzeko parada izanen da, elkartruke informalak ukaitekoa eta musika gozatzekoa, bereziki Zea Maysen ahots magikoarekin edo Zoufris Maracasen erritmoekin.

Egon informatua programari buruz eta ez izan zalantzarik proiektu hau eramaten duten laguntzaileei juntatzeko! 

Potreta: Elouan, 26 urte, Baiona

“Hemen bizitzea erabaki nuen Bizi edo Alda bezalako erakundeekin borrokatzeko, ikusi nahi nuen zergatik funtzionatzen zuen hain ongi Euskal Herrian!”

Aterabide zentzudunik ikusten ez nien ingeniari ikasketen ondotik, Alternatiban zerbitzu zibikoa egiten saiatu nintzen. Horrek itxaropen guziak gainditu zizkidan eta hiru urte eta erdi eman nituen han permanente gisa. Joan den udan, Euskal Herrian bizitzea erabaki nuen Bizi edo Alda bezalako erakundeekin borrokatzeko. Enetzat Bizi erreferentzia bat da bere jeinuarentzat, militantziaz duen ikusmoldearentzat, lurraldeko eta haren baitako alternatiben ekosistema aberatsean finkatzearentzat. Ikusi nahi nuen zergatik funtzionatzen zuen hain ongi Euskal Herrian!

Biziren koordinazioa animatzen dut: aldi berean, aktibitateak egituratzen eta planifikatzen ditut, boluntarioak laguntzen, kanpainen jarraipena egiten dut, eguneroko arazoei konponbideak aurkitzen ditut, komunikazioan laguntzen dut… Eta nola ez, aurtengo proiektu handiaren antolaketan parte hartzen dut: Euskal Herria Burujabe. Gaitzeko desafioa eta parada ederra lurraldearen metamorfosira buruz jauzi egiteko!

Aldaren baitan ere inplikatua naiz, Biziren lana osatzen duen elkartean, Biziren hein bereko garrantzia duena: hainbat indar indibidualismoa eta besteen menpe egotea sustatzen tematzen diren bitartean, ultraeskuinak aurrera egiten duenean, Aldak elkartasunak berpizten ditu eta Euskal Herri zuzenago baten oinarriak pausatzen, herritar xumeen errealitateei adi egonez. Horri esker itxaropena berpizten da, bidea luzea eta zaila baldin bada ere.

Kanpoko berri: LoverDose jaialdia

LoverDose jaialdia ospatu zen Baionan maiatzaren 19tik 21era. Iparraldeko PAF kolektibo feministak (Alternatiba feminista baten alde) antolaturik eta Bizi!k lagundurik, maitasunari eta patriarkatuari eskainitako ekitaldia izan zen. Antolatzaileen erranetan, helburua zen “PAFek kasik 15 urte honetan defendatzen duenaren irudiko jaialdia sortzea: generoa, arraza, etnia, sexu-orientazioa, klase soziala, gaitasun fisiko eta mentala kontuan harturik, desberdintasunak eta diskriminazioak ulertzera eta haien kontra borrokatzera entseatzen den feminismo intersekzionala; sistema guzi hori, zeinaren gainean ordena patriarkala antolatzen den ekoizteko,  gorputzak eta bizitzak  kontrolatzeko eta mugatzeko. » Sistema hori bera da ( ondorio suntsitzaileak oso goiz ezagutu zituena) aurrekaririk gabeko klimaren eta giza harremanen nahasmenduaren abiarazlea. Mugimendu ekofeministarentzat mekanismo berberak daude lanean. Baliabide naturalen harrapaketan oinarritzen den bezala, sistema kapitalista, kolonialista eta heteropatriarkal honek emazteen gorputzak baliatzen ditu bere menpekotasuna jartzeko eta gero eta etekin gehiago biltzeko. Neholako lurralderik ez da, ezta Iparraldea ere, gure bizitzetan dituen kalteetaz libratua denik: “pentsa genezake gure harreman afektiboak sistema honetatik salbu daudela, gurekin ezberdina dela. Baina ez da horrela, eta intimitatearen arloan, deseraikitze… eta berreraikitze lan handia bada oraino…», dio PAF kolektiboak.

Bisita gidatua: Hilabeteroko topaketak

Maiatzaz geroztik, Hilabeteroko biltzarra proposamen berri batek ordezkatzen du: Hilabeteroko Topaketa! Topaketa hauek hilabeteko lehen asteazken guziez egiten dira, 19:00etatik 21:00etara. Lagunarteko mementoa da, hurbilerraza eta atsegina, Bizi-k lantzen dituen kanpainak baloratzeko eta nola parte hartu jakiteko. Ez da bazkide izan beharrik, hitzordu hau denei irekia da, bakoitzak ekintza kolektiboan ekarpena egiteko aukerarekin, bere heinean eta bere ahalbideen arabera.

Topaketa Bizi-k aitzineko hilabetean eginiko aktibitateen gain-soako labur batekin hasten da, gero bidean den kanpaina batean arreta jartzen da. Jende guziak gomitatuak dira parte hartzera, arazo desberdinez gogoetatzera… eta azkenik aperitifa ttipi baten inguruan bururatzen da, giro bero batean trukatuz elkar ezagutzeko parada da. Hilabeteroko Topaketa hauek Manu Robles-Arangiz Fundazioan egiten dira (Baiona, Kordelierren karrikako 20an).

Usaian ez bezala, uztailaren 5eko Topaketa, asteazkenarekin, Patxokin eginen da (Kordelierren karrika, 23bis), EUSKAL HERRIA BURUJABE 2023, 2023ko urriaren 7 eta 8an, Baionan, Bizik antolatuko duen besta-giroko ekitaldi handiari eskainia izanen zaio.

Egin dugu: Begirale ekologikoek anbizio klimatiko eta soziala berriz ezartzen dituzte Herriko Etxeen ekintzen muinean

Ekain hasieran, Ziburun, Ingurumenaren Mundu mailako Egunean, Bizik puntua egin zuen Iparraldeko Herriko Etxeek egin klimaren aldeko ekintzen egoerari buruz eta kargualdi-txostena aurkeztu. Tresna honek 3 urteko kargualditik landa bilana egiteko aukera ematen du eta urtarriletik ekainera Hitza Hitz taldeak eta haren begirale ekologikoek egin lan izigarriaren fruitua da.

Emaitza argia da: lurraldean ekintzak gauzatuak izaten hasiak dira, baina sobera axalekoak dira.  

Horregatik, “merezimendutsuenak” ziren Herriko Etxeei  “Métam’Or Trofeo” trofeo ironikoak eman eta gero (urrezko ostruka, burua hondarrean gehienik sartu duen Herriko etxearentzat, urrezko karpa, bere ekintzei buruz isilenik gelditu denarentzat, eta metamorfosi ekologikoarekin gehienik engaiatua den Herriko Etxearentzat urrezko tximeleta), Bizik orain herritar-ekintzarako deia egiten du SuiviPacte2020.bizimugi.eu webgunera joz:

Bakoitzak ekin dezake Herriko Etxeen ekintzak eskalaz alda eta anbiziotsuagoak izan daitezen!

Egutegia

  • Uztailaren 5ean, asteazkenarekin 19:00 – 21:00 Biziren Hilabeteroko topaketa,  Manu Robles-Arangiz Fundazioa, Kordelierren karrikako 20., Baionan. 
  • Uztailaren 17an, astelehenarekin 19:00 – 21:00 Jakazan/k Logistika Patxokian, Tonneliers-en 23bis-ean.
  • Uztailaren 24an, astelehenarekin 18:30 – 20:30 Etxebizitza lantaldea,  Manu Robles-Arangiz Fundazioa, Kordelierren karrikako 20., Baionan. 
  • Uztailaren 26tik 30era: Baionako Bestak
  • Uztailaren 28an, ostiralarekin 19:00 – 21:00 Bizi Barnekalderen bilkura, EHLGren egoitzan, Ainhiza-Monjolosen
  • Agorrilaren 14an, astelehenarekin 18:30 – 20:30 Begirale Ekologikoen topaketa,  Manu Robles-Arangiz Fundazioa, Kordelierren karrikako 20., Baionan. 
  • Agorrilaren 21ean, astelehenarekin 19:00 – 21:00 Jakazan/k Logistika Patxokian, Tonneliers-en 23bis-ean.
  • Agorrilaren 28an, astelehenarekin 18:30 – 20:30 Etxebizitza lantaldea,  Manu Robles-Arangiz Fundazioa, Kordelierren karrikako 20., Baionan.