Bizikutzu 41 – 2022ko Uztaila

“Greenwashing-a klimaren ukatze berria da” Laurence Tubiana

Editoriala

Aspalditik ezagutzen dugu greenwashing printzipioa, beren komunikazio estrategian marka handiei aplikatzen zaien heinean batez ere. Praktika higuingarria zen jadanik, eta oraino gehiago politikan sartzen denean. Txioak analisi sakonak baino entzungarriagoak direnean, eta hitz onek obratzeei lotzea dispentzatzen dutenean.

Kolore bakarreko Diputatu Biltzarraren bukaerak, beharbada, parlamentariei, azkenean larrialdi klimatikoari, baita turismo-guneetako etxebizitzaren arazoari edo, Bidasoak hilerri itxura duen garaian, etorkinen harreri erantzuteko beharrezkoa den libertatea emanen die.

Bizik daraman Burujabe proiektuak aterabide zehatzak ematen ditu arlo hauetan beste hainbatetan bezala. Ondorioz, aterabideak badira, eta nehork ezin du orain ez ikusiarena egin… edo alegia egin.

Artetik errateko euskaraz Greenwashing-en antonimoa Hitza hitz da.

Potreta : Grégory – 30 urte– ziburu

«Biziki atsegin dudana «Gogo-Komunitate» bateko kide izatearen sentimendua da.»

Bizin hartu nuen engaiamendua hasi zen duela kasik bi urte Euskal Herrira heldu nintzenean. Hori baino lehen Parisen bizi nintzen, elkarte baten kultura sailean engaiatua: besteak beste musika label ttipi bateko kide izan nintzen. Baina klima-aldaketak eta desberdintasunen areagotzeak dakarten antsiarengatik – ezintasun politikoaren sentimendu mingarria aipatu gabe – gai horiek beretuak zituen mugimendu militante batekin bat egin nahi nuen. Ni lekuz aldatzearen ondotik, Bizin boluntario bilakatzea pertsona berriak topatzeko modua zen ere! Elkartean, bestalde, biziki atsegin dudana hauxe da, “Gogo-Komunitate” bateko kide izatearen sentimendua, non bakoitzak bere baitan baitarama arazo ekologikoen eta sozialen kontzientzia areagotua. Horrek ez ditu baztertzen eztabaidak ezta, bereziki, bozkariozko uneak ere!

Orain, Hego-Lapurdiko herrietan engaiatua den Bizi Larrun taldeko kide naiz. Helburua dugu Biziren norabide nagusiak lokalki ezagutzera ematea, mobilizazio-ekintzak antolatuz edo herriekin harremanak sortuz. Taldea hilabete luzez geldian egon bada besteak beste Covid-19aren ondorioz, orain berriz hor gara. Gehiago dena: mobilizazio bat prestatzen ari gara heldu den sartzerako. Beraz, parte hartu nahi baduzu edo gehiago jakin nahi baduzu, helbide huntara idatz iezaguzu: larrun@bizimugi.eu !

Kanpoko berri: Konpentsazioaren borroka


Joan den martxoaren 5ean, Euskal Elkargoko Kontseiluak bozkatu zuen, 169 boz alde eta 8 kontra, Iparraldean tiran den eremuko 24 herrientzat, konpentsazio-mekanismo bat finkatzen duen araudia. Horrek erran nahi du jabeek azalera bereko egoitza berri bat eskaini beharko dutela herri berean, turismo-etxe bilakatzen den edozein etxebizitzarentzat. Aitzinamendu garrantzitsu hau hainbat hilabeteko herritarren mobilizazioaren ondorioa izan zen (oroit gira 2021eko azaroaren 20ko manifestazio jendetsua). Baina jabeen elkarteek auzitegira jo zuten konpentsazio-mekanismo hura hausteko eta ekainaren 3an Paueko administrazio auzitegiak haren obratzea bertan behera utzi zuen. Alta, honek eragin zuzena du etxebizitzen krisian, alokairu pribatuko kopuruaren hemorragia geldituz eta milaka etxe eta bizitegi berreskuratzea ahalbidetuz, gehiago betoiztatu gabe edo lur gehiago artifizializatu gabe! Ekainaren 8an, «Se loger au Pays-Herrian bizi» plataforma bateratu berriak elkarretaratzera deitu zuen Euskal Elkargoko egoitzaren aitzinean, Paueko hiru epaileen erabaki politikoa gaitzesteko. Baliteke, Euskal Elkargoak hautetsiei deliberamendu berri baten aurkeztea uztailaren 9ko ondoko osoko bilkuran. Erakundeak ezinbestean hitza hartu behar du eta baliabide guziak erabili gure etxebizitzak berekin hartzen dituen Airbnb tsunamia behin betikotz geldiarazteko eta ahal bezainbat etxebizitza berreskuratzeko!

Bisita gidatua: Jakazan/k, BIZIko eskulangileak

 “Eskua erabiltzen dugu besteek burumuina erabiltzen dutelarik!” laburbiltzen dute Jakazan/kariek. Bai eguneroko, bai noizbehinkako logistikaren ardura duen itzaleko talde horrek BIZIk ekarri ideia guziak argitara ematea ahalbidetzen du, batzuetan obra ikusgarriak eginez. “Egiazko neurriak ukanen dituen ostruka bat eginen dugu“, eta hara klimaren aldeko martxaren lehen lerroan zen ostruka egina! Hots, Jakazan/kek gure ametsik eroenak gauzatzen ditu.

Sortzeko gaitasun horren ulertzeko, on da jakitea Jakazan/k hilabetero trago baten inguruan biltzen den talde bakarra dela…

Talde horrek manifestazioetako banderolak eta dekoratuak egiten ditu, kanpaina guzietako afixa-kolatzeak antolatzen, eta jan-edariez arduratzen da, Patxokian.

Sartzeko bide erraza eta atsegina da kide berrientzat, BIZIko talde eta ekintzak ezagutzeko.

Jakazan/kek kudeatuko du Patxokia Baionako bestetan, arroltze eta xingarra eskainiz (artekia, ardi-gasna, arroltzea, ogia) eta musika programazio bikaina antolatuz!

Ez izan dudarik talde hau ezagutzeko eta bestetan harekin parte hartzeko. Taldean sartzen ahal zara, izena hemen emanez: https://forms.gle/qDwraEaJiS9mE2he6 

Jakazan/k taldearen bilkurak hilabeteko 3. astelehenean egiten dira, Patxokian (Baionako Upelgileen karrika, 23bis).

Egin dugu: Burujabetza konkretua eztabaidaren muinean jarri.

2018az geroztik, Bizi Euskal Herri iraunkor, solidario eta burujabe baten proiektua garatzen ari da. Bere ekintza guziei zentzua eta koherentzia ematen dien jendarte proiektua da. Nahi duten guzien gogoeta eta eztabaidarako oinarri izan nahi duen lan honek Euskal Herria Burujabe du izenburua.

Testuinguru horretan, apirilaren 16an Baionako Gaztetxean “Tokiko alternatibak, burujabetza konkretuaren euskarriak…” gaiaren inguruan hitzaldia emana izan da.

Julien Milanesi ekonomia irakasleak eta Txomin Poveda militante eta soziologian doktoreak burujabetzaren nozioa azaldu eta Ipar Euskal Herriko alternatiben aberastasuna aurkeztu dute.

Karia horretara, krokis moduko sketchnote bat ere argitaratu da, lurralde alternatibei buruzko kapituluaren laburpena marrazkiz eginez. Gai bakoitza horrela deklinatua izanen da beraz, Burujabe dokumentua ezagutarazteko eta publiko zabalago bati zabaltzeko!

Egutegia: Uztaila

  • Uztailaren 11n, astelehenez, 18:30 – 20:30: Hitza Hitz / Begiraleak –Lurralde trantsizioa lantaldearen bilkura, MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan
  • Uztailaren 14an, ostegunez 18:30-20:15 Migranteak – Etorkizuna lantaldearen bilkura, Biziren egoitzan, Kordelierren karrikako 22an, Baionan
  • Uztailaren 14tik 17ra, Iparraldeko Klima eta Justizia Soziala Formakuntza Egonaldia, Mugerre Elizaberrin
  • Uztailaren 20an, asteazkenez, 19:00 – 21:00: Kide berriei harrera MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan
  • Uztailaren 21ean, ostegunez, 19:00 – 21:00: Komunikazioa lan taldearen bilkura Biziren Maiatz egoitzan, Kordelierren karrikako 22an, Baionan
  • Uztailaren 21ean, ostegunez, 19:00 – 21:00 Bizi! Barnekalde Biziren tokiko lantaldearen bilkura, EHLGko egoitzan
  • Uztailaren 25ean, astelehenez, 18:30 – 20:30: Digitala lan taldearen bilkura Biziren Maiatz egoitzan, Kordelierren karrikako 22an, Baionan
  • Uztailaren 25ean, astelehenez, 18:30 – 20:30: Habitat-Etxebizitza lan taldearen bilura MRA Fundazioaren egoitzan, Kordelierren karrikako 20an, Baionan
  • Uztailaren 27tik-31ra, asteazkenetik igandera: Baionako Bestak.