Bizikutzu 25 – 2019ko urria

Sinesten dut amesten dugun guzia gauzatzen ahal dela gure batasuna lagun. Mundua eraldatzen ahal dugu.

Patti Smith

Editoriala :

Bortizkeria ezak badu indar subertsibo handia eta gure indar guziak mobilizatu behar dira egoera aldatzen ahal duten borroketan. Hasieratik, pentsamendu horrek du Bizi! gidatzen, eta G7aren karietara horren arabera eginiko hautuek beren egokitasuna erakutsi dute. Dikatadura militar baten giroa nagusi zen Ipar Euskal Herrian, sirenak, helikopteroak, karrika hutsak eta polizia kontrolak alde guzietan… mezua pasatu da: podereak protesta kontrolatu nahi du. Baina ozenki salatzen jarraituko dugu mundu osoaren aitzinean, Macronen politika ez dela erronka klimatikoak galdegiten duenaren heinekoa.

Biziren historiaren orri berri bat irekitzen da bere antolakuntzako zutabe ziren hainbat pertsonak ardura postuetan erreleboa uztearekin, baina azken hilabeteek erakutsi digute gure oinarriak indartsuak direla eta energia militanteak baditugula etortzekoak diren lan sailetan engaiatzeko.

Potreta : Romain, Baiona, 25 urte

«Urgentziazko deiadarrak gero eta ugariagoak diren garai honetan, Bizik proposamen eta salaketa indar izaten segitu behar du.»

Baionan nago, eta Bizin, 2018ko maiatzaz geroz. Ene master bukaerako ikastaldiaren bali egiteko jin nintzen, bai eta esperientzia konkretu baten ukaiteko ere, Alternatiba mugimenduari buruz idazten ari nintzen ikerlanarentzat. Militante nintzen, jadanik, baina ontsa zegokidan talde bat xerkatzen nuen, oraino. Bizin sartzean gustatu zait nola mugimenduak ontsa lotzen dituen zorroztasuna eta momentu lasaiak, bai eta erradikaltasuna eta pragmatismoa, bere ekintza-estrategian. Buru belarri sartu nintzen 2018ko Alternatibaren antolaketan eta, geroztik, ez naiz gelditu. Gertakari eta formakuntza anitzez baliatu naiz gaitasun berri batzuen nireganatzeko. Hartu dudan Biziren koordinatzaile berri postuaren zeregin nagusia Koordinaketa animatzea da; izan ere, Koordinaketaren eginkizuna da elkarteko kideek erabaki bide-orria plantan ematea. Lantaldeen jarduerak koordinatu behar ditut. Helburua izanen da mugimenduaren filosofiaren atxikitzea, aldi berean berrikuntza ekartzera entseatuz eta funtzionamendua hobetzen segituz.

Urgentziazko deiadarrak gero eta ugariagoak diren garai honetan, Bizik proposamen eta salaketa indar izaten segitu behar du. Desafio handia da, baina biziki motibatua naiz eta ahal dudan guzia emateko prest.

Kanpoko berri: Burua goitik behera

Hilabete honetan, ondoko IPCC edo GIECeko txostena prestatzeaz arduratzen diren ikertzaile frantsesek 2100. urterako zazpi graduko berotzearen posibilitatea aipatzen dute, mobilizazioek aitzina jarraitzen dute eta desobedientzia zibileko ekintzak biderkatzen dira politikarien geldotasuna salatzeko.

G7aren karietara, Baionan mila pertsona bildu zituen potreten martxa, zalantzarik gabe indarkeriarik gabeko mugimendu horren parte da, eta iritzi publikoaren eta legearen aitzinera eramaten du borroka. Ez bortizkeriarekin behartu, baizik eta herri presioaren eta borroka judizialaren bidez, “borroka kultural” hori erakutsi, frogatu, informatu eta irabazi Gramsci-k teorizatu zuen bezala. Aitzina joatea, itzulika ibili ordez.

Eta Lyongo auzitegiaren azken erabakia aitzinamendu bat da. Macronen potreta deslotu zuten bi ekintzaile, delako «décrocheurs» haiek, askatu zituen “beharrezko egoera eta arrazoi zilegiengatik”. Azken sei hilabeteetan, Frantzian zehar 130 presidente-potreten erauzte baino gehiagoko ekintza honek, berriz ere zilegitasunaren eta legezkotasunaren arteko arazoa erakusten du. Justiziak ezin du eztabaida hori baztertu. Hemen hobengabetzea badago, zergatik kondena beste nonbait? Eta elkarrekin egindako ohointza aitortzen bada, zergatik ez dira agorrilaren 25eko manifestariak atxilotu potretak gordetzeagatik?

Macron ez da bakarra buruz behera dabilena, justiziak ere norabidea galdurik dirudi. Beste auzi batzuk 2020rako aurreikusten dira. Beste mobilizazio batzuk ere izanen dira. Guk aldiz atxik dezagun burua hotza.

Bizi!-n bisita gidatua : Dena autoari alternatiba lantaldea berriz martxan, proiektu andana batekin!

Dena autoari Alternatiba lantaldeak nahiantak biltzen ari da bizikletei, autobusei eta oinezkoei toki gehiago uzten dien mugikortasun jasangarria lehenesten duten hiri antolaketa proiektuak bultzatzeko. Biziren sortzeaz geroztik, Dena autoari alternatiba lantaldeak tokiko mailan hainbat borroka eder eraman eta usu irabazi ditu! Chronobusa, Baionako hirigunean autobusendako berezitua zen lehen bidearen defentsa, edo, Bizikletari buruzko hiritar diagnostikoa dira hainbat aterabide zehatz gaur egun gure tokiko paisaia markatzen dutenak. Duela zonbait hilabete, Dena autoari Alternatiba lantaldea handitzen ari da eta mobilizatzen ari ere norabide txarra hartzen duten proiektuen kontra: tranbusaren obretan bizikletaren tokia, Ipar Euskal Herrian hartu behar diren egiazko neurriak garraio kolektibo publikoak sustatzeko. Bi Klima-martxa eta hainbat ekintza gai horren inguruan gauzatu dira. Mobilizazioa aitzina doa! Dena Autoari Alternatiba taldeak bizikleta, garraio kolektibo eta beste mugikortasun alternatiboen zaleei elakr topatzeko parada ematen die. Heldu den bilkura, urriaren 7an astelehenarekin 19:0etan, MRA Fundazioaren egoitzan, kide berriei harrera egiteko eta bide-orri bat plantan ezartzeko datorren urterako. Interesatua izanez geroz, etor gurekin!

Egin dugu! Irailaren 21aren karietara mobilizatuak

Irailaren 20 eta 21 hauen karietara mundu osoa mobilizatu da Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko klimari buruzko gailurraren bezperan, zientzialarien azken aurreikuspenen arabera testuinguruak erakusten baitu beroketa klimatikoa 2100 urte inguruan +7°C-etara heltzen ahal dela. Baionan, 500 lizeotarrek eskola greba egin zuten eta ostiralean, irailaren 20an desfilatu. Suprefeturaren aitzinean, gazteek Lyoneko potreta deslotzaileen kargugabetzeak txalotu zituzten, die-in bat inprobisatu aitzin, gobernuaren geldirik egoetaren kontra. Manifestaldia Roland Barthes zelaian bukatu zen eta bertan gereziondo bat landatu zen sinbolikoki, oihanen desagertaraztearen desmasia salatuz. Larunbatean, irailaren 21ean, justizia klimatikoaren aldeko martxak 70 pertsona zituen ditu Baigorrin eta 1000 Baionan, han berean manifestaldia bururatu zen San Izpirituko zubiaren okupazio alai eta determinatuarekin. Bertan jende harresi batek autoen zirkulazioa moztu zuen, autobusak, bizikletak eta oinezkoak pasatzera utziz.

– Egutegia

  • Urriaren 2an asteazkenez, 19:00 – 20:30 Bizi!-ren Hilabeteko Biltzar irekia,

Cordeliers karrikako 20an, Baionan

  • Urriaren 3an ostegunez 18:30 – 20:00 Trantsizioa – Hitza-hitz lantaldearen bilkura berezia 2020-2026-Itunari buruz Cordeliers karrikako 20an, Baionan
  • Urriaren 3an ostegunez 19:00 – 21:00 Migranteak – Etorkizuna lantaldearen bilkura Cordeliers karrikako 22an, Baionan
  • Urriaren 7an asteazkenez 19:00 – 20:30 Euskaraz Bizi!-n lantaldearen bilkura Cordeliers karrikako 20an, Baionan
  • Urriaren 8an asteartez 9:00 – 21:00 Bortizkeriarik ezaren/pazifismoaren kontzeptuen inguruko solasaldia: taktiken osagarritasuna, estrategia desberdinen eraginkortasuna, etab. Cordeliers karrikako 22an, Baionan
  • Urriaren 9an asteazkenez, 18:00 – 18:55 Trantsizioa Lantaldearen bilkura, Cordeliers karrikako 22an, Baionan
  • Urriaren 10ean 19:00 – 21:00 Jaka zank Logistika eta antolakuntza lantaldearen bilkura Cordeliers karrikako 22an, Baionan
  • Urriaren 15ean asteartez 18:30 – 20:30 Ekofeministen bilkura Cordeliers karrikako 22an, Baionan
  • Urriaren 16an, asteazkenez, 19:00 – 21:00 Kide berriei harrera Cordeliers karrikako 20an, Baionan

  • Urriaren 23an asteazkenez, 18:00 – 18:55 Trantsizioa Lantaldearen bilkura Cordeliers karrikako 22an, Baionan
  • Urriaren 24an ostegunez 19:00 – 21:00 Bizi Larrunen bilkura Donibane Lohizunen- Commandant Passicot etorbidean 15.ean (lehen estaian, interfonoan behereko botoia zapa)
  • Azaroaren 6an asteazkenez, 19:00 -20:30 Bizi!-ren Hilabeteko Biltzar irekia, Cordeliers karrikako 22an, Baionan