Bizik gogor salatzen du astearte gauean Frantziako Parlamentuan bozkatua izan den Asilo-Immigrazio Legea. Diskriminazioa sustatzen duen lege horrek Frantzian bizi diren atzerritarren eskubideak larriki urratzen ditu, eta Macronen gobernuaren eta eskuin muturraren arteko lerrokatze ideologikoa modu oso kezkagarrian sendotzen du.
Atzerritarren eskubideen atzerakaden zerrenda luzea da: urteko immigrazio kuoten finkatzea, ikasle atzerritarren eskubideen kontrako erasoa, Frantziako Lurraldea Uzteko Obligazioa duten pertsonen larrialdiko aterpetzerako eskubidea baztertzea, elkartasun delituaren berrezartzea, jaiotzeko zoru eskubide automatikoaren kentzea, familia berriz elkartzeko posibilitatearen zailtzea, laguntza sozialak eskuratzeko baldintza gisa lurraldean 5 urtez egon behar izatea…
Desoreka klimatikoa eta biodibertsitatearen gainbehera gero eta larriagoak diren garaiotan, eta arazo horiek gero eta desplazatu eta errefuxiatu klimatiko gehiago eragiten dituztelarik, Bizi, argi eta garbi, testu xenofobo honen aurka dago. Gobernuak erantzukizun handia eta larria du diskriminazio-neurriak errazteagatik, neurri horiek, hein handi batean, Rassemblement National alderdiaren ideologian oinarriturik daudelarik, eta etorkizun jasangarri baten bila ari diren pertsonei bizitza ezinezko bihurtzen dietelarik.Herrialde garatuek, horien artean Frantziak, erantzukizun handia eta historikoa dute hegoaldeko herrialdeetako bizi-baldintzen andeatzean. Gobernuaren erantzuna, ondorioak jasaten dituztenekiko gizatasunik gabea izateaz gain, bidegabea ere bada, gobernu horrek berak hondamen horretan duen ardura ikusirik.
Immigrazioaren arazoaren erantzun bakarra ezin da izan, eta ez da izan behar, itxiera eta bazterketa! Xenofobiaren instituzionalizazio horri aurre egiteko mobilizazio baten beharra ikusirik, Bizik elkartasunezko erantzun baterako eta bi hitzordutan parte hartzeko deia egiten du:
- “Gure herria elkartasun deitzen da” elkarretaratzea, abenduaren 22an, ostiralarekin, 18:00etan, Etorkinekin-Diakité elkarteak antolaturik, suprefeturaren aitzinean.
- Abenduaren 31 honetan Patxokian antolatua den Elkartasunezko Urtatseko besta, 12:00etatik goiti. Informazio gehiago hemen: https://bizimugi.eu/eu/urtats-arratsalde-solidarioa-etorkinen-sustenguz