Bizik bere barometro ekologikoa argitaratu du Herriko Bozentzat 10 egun eskas direlarik

Herriko bozen lehen itzulirako 10 egun falta direlarik, Bizi! elkarteak bere barometro ekologikoa argitaratu du. Tresna digital honek hautagai-zerrendak biltzen ditu, Klima eta Euskal Herriko Biztanleen aldeko Ituna sinatu duten ala ez adierazten du, baita azken kargualdian Herriko Etxearen ardura zuten taldeen bilan ekologikoa zehazten ere. 51 zerrenda jada engaiatu dira klima eta interes orokorra eskuz esku aitzinaraztera, beren Herriko Etxean eta Euskal Hirigune Elkargoaren mailan. Bizik informazio horiek kontuan hartzera deitzen du martxoaren 15ean eta 22an bozkatzeko momentoan.

Frantses Estatu mailan, aitzinekorik gabeko uholdeak, otsail bukaeran lekuka bero-errekorrak hautsi dira, klima-aldaketa larriagotzen ari da eta haren ondorioek gero eta gehiago eragin dute Ipar Euskal Herrian. Berotegi-efektuko gasen emisio globalen igotzearen ondorioz, muturreko eguraldi-gertaeren maiztasunak eta intentsitateak handitzen jarraitzen dute. Emisio horien murrizketa handiak eta lasterrak soilik murriztuko ditu gizakien osasunari eta gure lurraldeen bizigarritasunari dagozkion mehatxuak.

Desafio historiko honek politika publiko handiak eskatzen ditu, beharrezko eraldaketak bidezko moldean laguntzeko gure mugitzeko, elikatzeko, bizitzeko eta baliabideak erabiltzeko moldeak aldatuz. Helburua da planetaren mugak errespetatzea eta ber maneran jendeen beharrak asetzea.

Joan den irailean, Bizik presentatzen zuen Ipar Euskal Herriaren metamorfosi ekologikoaren egoera. Metamorfosiaren gauzatzetik urrun izan arren, Ipar Euskal Herriko hainbat Herriko Etxek ekintza eredugarriak abiarazi dituzte, goraipatu eta lurralde osorako inspirazio-iturri gisa hartu behar direnak. Haien orokortzea zinezko palanka izango litzateke beharrezko metamorfosi ekologikoa zalutzeko. Baliabide mugatuekin ere, borondate politikoa da batez ere metamorfosi ekologikoan inplikatzeko baldintza nagusia.

Bizik proposatzen die hautagai zerrendei Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen aldeko 2026ko Itunaren alde engaiatzea. Itun honek premia ekologikoei eta biztanleen beharrei erantzuten dieten neurriak proposatzen ditu.
Bizik horrela, ondoko xedeak ditu: hautagai-zerrenden programen anbizio ekologikoaren maila goratzea, hautetsi bilakatuko direnak beren kargualdi osoan zehar tresnez hornitzea eta herritarrak tokiko kolektibitateen boterearen neurriaz jabetzen laguntzea eta herriko bozetan kontzienteki bozkatzera bultzatzea.

2026ko Ituna bertsio bururatuan argitaratu zen joan den abenduaren 15ean. Ondotik, Bizik zabaltze-lana egin zuen: hautagai-zerrenda guziei posta elektronikoz bidaltzea, hirigune-elkargoko hautetsiei eskuz ematea, telefono deiezko jarraipenak, eta hala galdatzen zuten hautagai-zerrendekin topaketak eta trukaketak egitea.

Barometroak Ipar Euskal Herriko 158 herrietako hautagai-zerrenda guziak biltzen ditu. Adierazten du zerrendek Klima eta Euskal Herriko Biztanleen aldeko Ituna sinatu duten ala ez. Ber maneran, Bizik azken kargualdian segitu dituen 56 Herriko Etxeetako gehiengoren metamorfosi ekologikoaren arloko puntuazioa ematen du. Horrela, bakoitzak sinatzaileen engaiamenduaren sinesgarritasuna maila ezagutzen ahalko du, haien bilanaren arabera.

Martxoaren 4an, 9:00etan, jada 51 zerrendak sinatu dute 2026ko Ituna, Iparraldeko hiru probintzietako 34 Herriko Etxe desberdinetan. Zerrenda horiek honela banatzen dira: 31 hirietan, 12 herri ertainetan eta 8 herrixketan.

2020an metamorfosi ekologikoaren Ituna sinatu ondoren kargualdia gehiengoan iragan duten zerrenda gehienek berriz ere engaiatzea erabaki dute 2026ko Itun berri honekin. 2026ko Ituna oraino sinatu ez duten zerrendak baina martxoaren 13ko arratseko  Ituna izenpeturik itzuliko digutenek, barometroan gehituak izanen dira.

Bizik herritarrak deitzen ditu beren botoa ematera Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen aldeko 2026ko Ituneko neurriak beren programetan txertatu dituzten eta 2020-2026 kargualdiaren ondorioak atera dituzten hautagai-zerrendei.