Bizik ostiral honetan, martxoaren 22an, banderola handi bat zabaldu du Mugerreko Herriko Etxearen isiltasuna salatzeko, hainbat elkartek Mugerreko hezegunean Enovis enpresari hitzeman kokalekua SAGE Adour Aval-ean lehentasunezko hezegune gisa sailkatua dela jakitera eman eta hiru aste berantago. Bizik dei egiten die hautetsiei beren ardurak har ditzaten eta Enovis-i lurraldean alternatiba bat laster proposa dezaten, lanpostuak eta hezeguneak zaintzeko. Elkarteak Mugerreko hezegunera saldoan etortzeko gomita luzatzen die bizilagunei, martxoaren 30ean, larunbatarekin, 14:00etan, “mehatxaturiko hezeguneen defentsa egunarentzat”.
Uraren Mundu Egunaren karietara, ostiral honetan, Bizi elkartea etorri da Mugerreko Herriko etxeari galdatzeko, Mouguerre Cadre de Vie, CADE eta Bizik ostiralean, martxoaren 1ean, plazaraturiko elementuei buruz Herriko Etxeak bere jarrera argi dezan. Martxoaren 1ean, elkarteek agerian utzi zuten Enovis mediku-ekipamendu enpresarentzat aitzin ikusia zen kokapenak neurri handi batean SAGE Adour Aval (Uraren Garapen eta Kudeaketa Eskemaren) araudiak “lehentasunezkoa” sailkatzen duen hezegune bat hartzen zuela. Enpresak salbuespenetarako irizpideak ez dituenez betetzen, haren bertan plantan emateak ezinezkoa dirudi.
Agerraldi hortarik landa elkarteek Roland Hirigoyen Mugerreko auzapeza topatu dute martxoaren 5ean. «Mugerreko PLUak SAGEren araudia gainditzen zuela erran zigun. Geroztik, berririk ez». dio Emma Tosini elkarteko bozeramaileak. Bere aldetik, Bizik lehentasunezko hezegunearen kokapena egiaztatzen duen mapa lortu du, eta Mugerreko Herriko Etxeak (egin ez duen bezala) bere PLUari SAGE araudia errespeta arazi behar zuela informazioaren segurtapena.
«Kosta ahala kosta Enovis Mugerreko hezegunean instalatu nahian, hautetsiak aterabiderik gabeko norabidean sartzen ari dira, azken finean egoeraz ohartuko den enpresa galtzeko arriskuarekin. Aterabide alternatiboen bideragarritasuna aztertu behar dugu, dio Emma Tosini-k Bizirentzat. Hori da enpresaren eskaerei erantzuteko molde bakarra… Mugerreko hezeguneak babesten dituen araudia errespetatuz».
Bizik Mugerreko hautetsiei galdatzen die, baina baita euskal elkargoari ere, azterketa seriosak egiteko engaiamendua hartzea, proposamen alternatiboen bideragarritasuna egiaztatzeko: lehentasunezko erosketa egiten ari den Mugerreko Salines delakoen eremuan edo Enovis-i harrera egiteko proposatu zen St Martin de Seignanx-en.
Bizik herritarrak “mehatxaturiko hezeguneen defentsan” egun baten pasatzera gomitatzen ditu, martxoaren 30ean, larunbatarekin, Mugerreko hezgunean. 12:30etatik goiti piknikarekin hasiz, 14:00etan ekintza desberdinak eskainiko dira: hezegunearen defendatzeko argazki kolektiboa, deskubritze ibilaldia, artifizializazio proiektuaren eta alternatiben aurkezpena, haurrentzat jokoak…
“Lagunarte giroko momentoa izanen da, klima nahasmendutik biodibertsitatearen kolapsora arte, egunetik egunera okertzen ari diren krisi ekologikoei aterabidearen zati bat ematen duten hezegune hauek ezagutzeko eta sustengatzeko. Etor saldoan!” bururatu du Emma Tosinik.