Bizik herritar kanpaina abiarazten du legea urratzen duten hirigintza-antolaketak identifikatzeko

Angeluko ​​Brindos etorbidean eginiko antolaketa lanentzat Paueko Auzitegi Administratiboan auzi-errekurtsoa aurkeztu delarik, Bizik herritar kanpaina abiarazten du, Ingurumen Kodearen L228-2 artikuluan ezarritakoa betetzen ez duten Ipar Euskal Herriko hirigintza-lanak identifikatzeko eta zerrendatzeko helburuarekin. Inprimaki bati esker, herritar guziek ohartarazten ahalko dute orain, beren ustez, legea betetzen ez duten antolaketa lanetaz.
 
Kolektibitateek ia sistematikoki baztertu arren, LAURE legeak, bere L228-2 artikuluarekin, xedatzen du salbuespen bakan batzu gorabehera, hiri-bideen arraberritze orok bizikletaz ibiltzeko antolaketak aitzin ikusi behar dituela. Lege hori 1996ko abenduaren 30ean ezarri zenetik aplikatua izan balitz, frantses Estatuko lurraldea bizikletaz ibiltzeko instalazioez estalia izanen zen, eta, beraz, txirrindulariez. 2019an aitzineko legea zuzendu zuen LOM legeak, alta kolektibitateen betebehar horren inguruko anbiguotasuna moztu zuen.

Bada hainbat urte Bizi! eta beste txirrindulari elkarte frango molde ezberdinekin saiatzen ari direla lege hori Ipar Euskal Herriko auzapezei errespetaraztea. “Alta, bizikleta erabiltzaileen eguneroko segurtasuna da jokoan, bai eta ere berotegi-efektuko gasen isurketa murriztea eta klimaren egonkortzea!” azaldu du Thibaut Godin, Biziko bozeramaileak.
Izan ere, garraio sektorea berotegi efektuko gasen bigarren erantzulea da Ipar Euskal Herrian, eta lehena euskal kostaldean. Bizikleta antolamenduen biderkatzea Euskal Elkargoaren jomugan da bere Mugikortasunen Egitasmoan baita bere Klima Aire- Energia Lurralde Egitasmoan ere.

Legea urratzekotan diren herriko etxeak aurreikusitako lanak aldatzera bultatzeko edo auzipetuak izan daitezen, Bizik kanpaina bat abiatzen du, egokiak ez diren bide antolaketak zerrendatzeko. Beraz, bizikleta bide kopurua emendatzea nahi duten herritarrak deituak dira beren ekarpenaren egitera. Egokiak ez diren bide obrak ikusten dituen Euskal Herriko edozein herritarrek esteka honetan klik egin eta eskaturiko informazioak bete behar ditu, gehienez 2 minututan: http://bit.ly/l228-2. Inprimaki horren paper formatuak ere eskuragarriak dira bizikleta saltegi gehienetan, bizikleta elkarte edo klubetan, etab.

«Errolda horri esker, fite jakinen dugu zein antolaketa egiten ari diren eta zeintzuk ez duten bizikleta antolaketarik egiten, lasterrago ihardukitzeko» dio Thibaut Godin Biziko bozeramaileak. Gisa horretako oharren ondotik, Biziko militanteek Biarritzeko herriko etxea gibelarazi zuten Kennedy etorbidearen antolaketari zegokionez (2020ko abenduan), eta prozedura judizial bat abian da Angeluko herriaren kontra, Brindos etorbidean (2022ko urrian) eginiko lanei buruz.