Bizi-k, gaur 2013ko otsailaren 27 huntan utzi gaituen Stéphane Hessel omentzen du. Militante ezin asea eta erresistente izana, bere hiltzeak partikulazki hunkitzen gaitu.
Alabaina, Stéphane Hessel-ek 2012 urte ondarrean 2013ko Alternatiba egunaren aitabitxia izaitea onartu zuen, urriaren 6an antolatzen dugun aldaketa klimatikoari alternatiba herrixka, GIEC-aren (gobernu arteko klimaren eboluzioaren adituen taldea) bostgarren txostena argitaratu eta zonbait egun berantago. Bere sustengu testuak “mundu hobeagoa elgarrekin eraiki dezagun, erronka klimatikoari aurre eginez” zioen. Hau egonen da 2013ko Alternatiba egunaren lema.
Stéphane Hessel-ek Euskal Herriko Laborantza Ganbarari, Euskal Herriko laborantza ganbara alternatiboari ere ekarri zuen bere sustengua, podere publikoek bere debekatzea galdegiten zutelarik. “Indignez-vous” liburuaren idazle famatua ez zelarik oraindik, Baionan Rene Cassin-en sortetxea eta suprefetura lotzen zituen jende katea sustengatu zuen.
Bere laguntza baliosarentzat, uzten daukun engaiamendu, iraunkortasun eta jendetasun ereduarentzat, Bizi-k bihotzetik eskertzen du Jauna haundi hori, eta bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie bere famili eta hurbilekoei.