Martxoaren 31n, larunbatarekin, Bretainia, Okzitania, Altsazia, Korsika, Katalunia eta Euskal Herriko hainbat hiritan, elgarretaratzeak burutuko dira Frantses Estatuko hizkuntz historikoen estatutu ofizial baten eskatzeko. Hizkuntz lege hau aspaldidanik hitz eman digute eta hainbat aldiz ukatu, François Mitterandekin hasiz, Nicolas Sarkozyraino. Alta baitezpadako tresna da hizkuntz horien loratze eta garapenerako, gaur egun munduan ezagunak diren 6 000 hizkuntzen erdia desagertzeko mehatxupean dagoelarik.
Hizkuntzak ez dira bakarrik ideia eta kulturen hedatzaileak, haien matrizeetako bat eta haien adierazpen nagusietako bat osatzen dute ere. Hain da egia non, euskararen kasuan, euskal nortasuna eta kulturaren zati behar beharrezko batzuk zuzenki haren gainean oinarritzen baitira.
Hizkuntza bakoitzak bere baitan munduaren ikuspegi bat dakarrenez, hizkuntz eta kultur aniztasunaren defentsa globalizazio kapitalistaren kontrako borrokaren funtsezko elementua bilakatzen da. Kultur uniformizazioaren zaplazteko makina horrek kontsumitzaile zintzo eta estandarizatuak bilakarazten gaitu, haien diferentziez eta munduari ekarri begirada gurutzatuez elgar aberasten diren hiritar eragile eta solidarioak izan ordez.
Etorri beharreko aldaketa handi eta krisi sakon garai hauetan, uniformitatea eragozpen bat izanen da lurraldeen egokipenari dagokionez. Aniztasuna abantaila bat izanen delarik krisi hauei eta nahasmendu hauei forma anitzeko aterabideak asmatzeko unean.
Arrazoin guzi hauengatik, Bizi Ipar Euskal Herriko mugimendu altermundialistak, haren kide eta segitzaile guziak deitzen ditu kopuru handian Deiadar manifestaldira hurbiltzera, heldu den martxoaren 31n, larunbatarekin, 17:00etan Baionan, euskararen ezagutza ofizialaren alde eta Frantses estatuko hizkuntz historikoen aldeko hizkuntz politika ausart eta eraginkor bat abian ezartzeko.