Bizi elkartearen ekintza/kolaketa, “Asiloa eta Immigrazioa” eskuin-muturreko legearen salatzeko eta hemengo 3 parlamentariren erantzukizuna oroitarazteko.

Kontseilu Konstituzionalak “Asiloa eta Immigrazioa” izeneko legea konstituzioaren araberakoa denetz adierazteko bezperan, astelehen honetako (urtarrilaren 22ko) arratsean, Biziko militanteek afixak kolatu dituzte Baionan eta Biarritzen, Vincent Bru diputatuaren eta Max Brisson eta Denise Saint-Pé senatarien erantzukizuna gogorarazteko. 
Militanteek afixak itsatsi dituzte bereziki parlamentariek Biarritzen dituzten egoitzetan eta Baiona handiko karriketan. Afixa horiek 3 hautetsien argazkiak erakusten dituzte, eta “RN bozkatu du” idatzia dute, lege hori, hein handi batean, Rassemblement National/Front National alderdiaren ideologian inspiratua dela salatzeko. Afixa batek azalpen hau darama: “RNk horrekin amesten zuen… Gure aitzinean onartu dute. Asilo-immigrazio legeari EZ!”.

Permanence biarrote du député Vincent Bru


Ostegun honetan (urtarrilaren 25ean), Kontseilu Konstituzionalak lege horri buruzko iritzia eman eta konstituzioaren araberakoa denetz erabaki behar duenean, BIZIk berriz ere (ikus abenduaren 20ko komunikatua) deitoratzen du Ipar Euskal Herriko hautetsiek bozkatu ahal izan dutela, horrela, Frantziako klase politikoaren zati batek hasi bihurgune xenofoboaren sintoma den eskuin muturreko testu hori. Testu horrek atzerritarren eskubideetan atzerapen handiak inposatzen ditu: legez kanpoko egonaldiaren delitua berriz ezartzen du, lehentasun nazionalaren printzipioa plantan ematen, familiak berriz elkartzea eta egonaldi baimenak eskuratzea zailtzen, sorlekuaren eskubidea urratzen, laguntza sozialak eskuratzeko baldintzak gogortzen…



Ekintza hori lege horren kontrako elkarretaratzeen eta ekimenen segidan sartzen da, hala nola “201en Deialdia” ekimenaren eta joan den urtarrilaren 14an eta 21ean Frantziako estatu guzian antolatu 160 martxen segidan. Ipar Euskal Herrian, alor horretan ari diren elkarteek eta hemengo eragileek burutu gertakari horiek ehunka pertsona mobilizatu dituzte.