Bide berezituak autobusendako: Biarritzeko Hiriaren gezurren frogak

Dokumentua telekargatzeko hemen

2019ko maiatzaren 15ean, Bizi-k ekintza bat burutu zuen Biarritzeko Victoria Erreginaren etorbidean, azken hau Tram’busari zuzendutako diruarekin erreberritua izan zela salatzeko. Egun horretan, publikoki, adierazi genuen Garraio Publikorako Sindikatu Mistoaren proiektuak (SMTC-GPSM) garbi xedatzen zuela autobusendako bakarrik den bide propioa eginen zela etorbide horretan berean. 2011n, SMTC-GPSMaren proiektuak ahalbidetu zuen Ingurumeneko Grenelle-tik marka eta funts garrantzitsuak eskuratzea Tram’busarentzat. Are gehiago, proiektu berak adierazten zuen gune propioan ziren autobus-bideek BSMTC-GPS Biarritz kasik etengabe zeharkatuko zutela, Aguileratik hiriaren erdialderaino, «Hôtel du Palais» Jauregi Hotelaren heinean.

Oroz gainetik, zehazten dugu Ingurumeneko Grenelle-ko TCSP (Garraio publikoa gune propioan) proiektuaren deiari erantzun zion SMTC-GPSMaren buru, Michel Veunac bera baizik ez zela, Biarritzeko egungo auzapeza.

Biarritzeko Herriko Etxearen gezurrak: orain Bizik frogak ekartzen ditu

Orduan, Michel Veunac-ek gure oharrak ukatu zituen eta Biziren errabia salatu zuen, Biarritzek G7ari harrera eginen ziola-eta. Sud-Ouest egunkariaren maiatzaren 16ko edizioan, Christophe Landrin jaunak, hiriko Zerbitzuen Zuzendari Nagusiak, adierazi zuen “Hiriaren erdialderaino heltzeko hainbat bertsio aztertu dira, baina ez Bizik bultzatzen duena”. Mugikortasunen sindikatuak, egunkari berean, ukatzen zuen “Victoria etorbideko erreberritze proiektua gune propioan sekula aurreikusi zenik”.

Alta, Bizik garaiko baieztapenen frogak dakartza egun. Honekin batean diren dokumentuak, orduko Ingurumen Grenelle-aren TCSP proiektu deialdiari erantzuteko, SMTC-GPSMek egin proiektuaren aurkezpen dokumentuaren kopiak dira. Bertan atzematen dira delako dosierraren azala eta bi mapa non argi eta garbi erakusten baita Ingurumenaren Grenelle-ari ederki saldua izan zitzaiola Biarritzeko Tram’busaren ibilbidea. Biarritzeko sartzetik -Aguileraren parean- hiri barneraino -Hôtel du Palais-ren parean- ibilbidearen gehiengoa bere gune propioan eginen duela ageri baita. Lattre de Tassigny etorbidean hitzeman antolamenduen (eta sekula ez gauzatuak) murrizte plana ikusten da eta argi eta garbi irakur daiteke: “Nathalie Erreginaren eta Victoria Erreginaren etorbideak, biak norabide bakarrean, Biarritzeko sarrera historikoa osatzen dute, zeinen identitatea eta xarma mantendu behar diren espazio publikoa birkalifikatuz.Bereziki, gaur egun abantzu autoari bakarrik eskainitako espazioa (bi aldeetarik aparkalekuz azpatu bidea) birbanatua izan behar da gune propioaren erreia libre uzteko.Ibilbidea hiriaren erdi-erdianbururatzen da, Victoria Surf egoitzaren aitzinean, Hôtel du Palais eta Herriko Etxetik bi urratsetara“.

Nola erran daiteke goraki “autobusa hiri barnera heltzeko bertsio anitz aztertuak izan direla, baina ez Bizik sustengatzen duena” edo “Victoria etorbidearen antolamendu proiektua ez dela sekula autobus bide berezitu gisa pentsatua izan“?

Erakuts Ingurumenaren Grenelle-ari helarazi txosten osoa!

Bi hilabete berantago, 2019ko ekainean, ingurumenaren Grenelle-ari helarazi SMTC txostena prentsari erakustea galdegiten genien mugikortasunen sindikatua eta Biarritz Hiriari. Erraten genuen arduradun desberdinek ahalak ematen ahal zizkiela tokiko prentsa eta biztanleei, hauek baiezta dezaten nork zuen egia erraten, arduradunek ala guk, Victoria Erreginaren etorbideaz eta honentzat Ingurumenaren Grenelle-an aurkeztu proiektuan aurreikusia zenaz. Debaldetan izan da, txostena tirante batean gakoturik gelditu baita. Alta eremu publikoko proiektua da hau eta zerga ordaintzaile orok aztertzeko parada ukan behar dezake, trantsizio ekologikoari eskaini 20 milioi euro baino gehiago lor baititzake zuzenki Euskal Herri-Aturri mugikortasun sindikatuak, eta baita anitzez gehiago ingurumenaren Grenelle labela eskuratzearen zeharkako eraginei esker. Guk, herritarrok, trantsizio ekologikoari zuzendu funtsak bidegabeki erabiliak ez direla baieztatzeko eta labela eta dirua lortzeko Grenelle-ari zer aurkeztua izan zaion jakiteko eskubidea dugu.

Gaur egun Bizik lortu eta publiko egin orriek eztabaida berpiztu dute eta sekula baino gehiago derrigortzen Biarritzeko Herriko Etxea (eta aipatu obrak burutzen dituen mugikortasunen sindikatua) gai honi buruzko azalpenak ematera eta eskatu dokumentuak agertzera.

Esplikazio horien faltan, hara Bizi! elkarteak bere aldetik atera dituen ondorioak:

2014-2020 kargualdian, gaur egun Biarritzeko auzapeza den Michel Veunac-ek, blokeatu edo mugatu ditu autobusendako berezituak diren bideak bere herrian, den mendreneko doiarekin geldituz (Biarritzeko Tram’Busean % 10 baino gutiago). Auzapezak, SMTC-GPSMaren lehendakari ohiak, hots Michel Veunac-ek berak, hitz-ematen zuenaren justu alderantzizkoa egin du.

Horrek zinezko arazo etiko eta demokratikoa eragiten du, proposatu zen txostenak BABko Tram’Busarentzat 20,04 milioi euroko dirulaguntza biltzea ahalbidetu baitzuen (jakinez TCSP Proiektu Deialdi honentzat atxiki ziren 78 proiektuek batez-beste 7,56 milioi euro bildu zituztela). SMTC-GPSMaren txostenean agertzen zen xedeari esker, hobekien finantzatua izan zen proiektua bilakatu zen. «Gu gara hobekien finantzatua izan den proiektua(…) Emaitza hori lotua zaio txostenaren kalitateari» adierazi zuen garaian Euskal Kostalde–Aturri Hiriguneko lehendakaria zen Jean Grenet-ek, Michel Veunac-ekin batean eman zuten prentsa-aitzineko batean (ikus 2011/02/12ko Sud-Ouest egunkariko artikulua). Horrez gain, gehitu zuen Ingurumenaren Grenelle-ko labelak palanka efektu garrantzitsua ukanen zuela eta horren bidez «beste finantzatzaile batzuk galdatuak izaten ahalko zirela», hots Feder-a, lurralde kolektibitateak, Ademe-a, Garraioen Antolatzaile den Autoritatea (AOT), etab.

Bere egoera larriagotuz, Biarritzeko Herriko Etxeak ez du dudarik ukan Tram’Busaren aitzinkontuarekin autobusendako berezituak izan behar ziren hainbat etorbide, autoarentzat bakarrik egokituz arraberritzea.

Biarritzek franko apaldu du Tram’Busaren lehen linean autobusarentzat berezituak diren zatien batez-bestekoa. Hasiera batean % 76koa izan behar zen, jakinez finantzamendua sare osoarentzat onartua izan zela, Biarritzeko hiri erdiguneraino. Biziren aburuz, du horrelako jarrera, deitoragarria da, ikuspuntu ekologiko eta klimatikotik, bai eta osasun publikoaren, etikaren eta demokraziaren ikuspuntutik. Gai publikoaren kudeatzeko molde hori zigortua izan behar da.

Hori dugu adieraziko, besta eta umore giroan, larunbat honetan, otsailaren 8an, goizeko 11:00etan, Europako biribilgunean, Biarritzen. Etor gurekin, elkarrekin, horrelako praktiken eta jokamoldeen bukaera galdegiteko!

(*) Bide berezituak, autobusak lasterrago ibiltzeko, autoei eta aparkalekuei, eta batzuetan bizikletei ere kentzen eta osoki autobusei eskaintzen zaizkien eremuak dira.