Ostegun honetan, ekainaren 16an, Baionako Merkatu Estali aitzinean, Bizik urkatze eszena bat simulatu du, klimaren arloan erabakiak hartzen dituztenen geldirik egoteak jendartea bere heriotza kondenara bultzatzen duela sinbolizatzeko. Gaur egun Euskal Herrian eta frantses Estatuan izigarri goiz gertatzen ari den berote handia dela eta, hondamendi klimatikoak bata bestearen ondotik datozelarik eta bizkortzen ari direlarik, Bizik deiadarra jotzen du: ekiteko premia baitezpadakoa da.
Tokiko tenperaturak 40°C-tik hurbil direlarik, Bizik urkamendi bat plantan eman du eta Biziko ekintzaile bat izotz bloke baten gainean xutik eman da. Bloke hori urtzearekin batera, ekintzailea zintzilik zen kordan hartua zen. Horrek, ber norabidean tematzen bagira, gure zain den mehatxua sinbolizatzen du.
2022an, muturreko gertakari klimatikoen seriea jadanik hasi da: Indian eta Pakistanen 50°C-tik goitiko tenperaturak, gosete larria eta mundu mailako hornidura arazo larriak ekarriz, frantses Estatuan idorte goiztiarra eta orain berote handia frantses eta español Estatuetan. “Klima nahasmendua jadanik hemen da eta berotegi-efektuko gasen isurketak ez baditugu berehala murrizten, salbuespena, norma bilakatuko da. Zientzialarien txostenek gogorarazten diguten bezala, oraindanik eta nonahi, hori geldiarazteko ekin behar dugu.”, ohartarazi du Oihana Driollet(e)k Biziko bozeramaileak.
Ez ikusiarena egitetik ateratzea
Jendartearen jarduerak eragiten duen klima-aldaketak berote handien maiztasuna, iraupena eta intentsitatea biderkatzen du. Duela guti plazaratu den IPCCren 6. txostenaren 3 atalek joera hori berretsi dute. «Milioika pertsonek beren lurraldea ezin bizizko lurraldea bilakatzeko arriskua badute bide horretan segitzen badugu. Graduaren hamarren bakoitzak balio du, eta txarrena saihesteko orain da ekiteko garaia” ohartarazi du Biziko Teddy Atlani-(e)k.
Nahiz eta alerta horiek argiak izan, politikariek ostrukak bezala ez ikusiarena egiten dute. Emmanuel Macronen lehen agintaldiko 5 urteetan, Frantziako Estatua bi aldiz kondenatua izan da klimaren arloan geldirik egon baita eta Philippe Ledenvic-ek, Ingurumen Agintaritzako presidenteak, duela guti adierazi du ere “Trantsizio ekologikoa ez da hasia frantses Estatuan”.
Lokalean ere jardun behar dugu
Bizik, ber maneran tokiko kolektibitateak arduraz jokatzea deitzen ditu: haiek dira, zuzenean edo zeharka, berotegi-efektuko gasen emisioen %50aren erantzule. Anthony Lubrano, Biziko bozeramailearentzat, “Ezin da metamorfosi ekologikorik gertatu herriko etxeen eta koletibitateen inplikazio masibo, bizkor eta zehatzik gabe“. Biziren Begirale Ekologikoek Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko lehen txostena argitaratu dute azaroan: Euskal Elkargoak eta Herriko Etxeen gehiengoak, 2020an engaiamendua hartu zuten metamorfosi ekologikoa plantan ematea. Metamorfosi hori ez dute hasia ere…
«Herritarren inplikazio sendoak bakarrik ditu buruzagiak premiazko neurriak hartzera behartuko», dio Xelina Bouvet(e)k. Inertziari bukaera emateko, Bizik Ipar Euskal Herriko herritarrei, igande honetan klimarekin zinez engaiatuak diren hautagaiak sustengatzeko deia luzatzen die. Ber maneran, elkarteak herritarrak gomitatzen ditu klima eta justizia sozialeko gaietan trebatzeko Bizi! eta Aldak uztailaren 13tik 17ra Mugerre Elizaberrin antolatzen duten Formakuntza Egonaldian parte hartzera, mobilizazio orokorra indartzeko.