150 pertsonek okupatu dute supermerkatu bat Baionan bertan igandeko lana salatzeko. Ekintza hori iragan da 2009tik geroz Ipar Euskal Herrian larrialdi klimatikoaren eta justizia sozialaren arloan lanean ari den Bizi! mugimenduaren 10. urtebetetzea ospatzeko asteburuan.
Igande goiz honetan, ekainaren 16an, 10:00etan, Emmanuel Macron-en dei parodiko bati erantzunez, azken hau eskupaperen bidez banatua zen, Biziko ekintzaileak etorri dira Baionako Hayet bideko Intermarché-ra beren igandetako ohiturazko aisialdien gozatzerat: goizaren erdia ohean pasatzea, birla eta petanka jokoetanarizaitea, lasterka ibiltzea, oinezko ibilaldia, irristailuak eta bizikleta, arrantza edo mahai-futbola, badmingtona edo gozoan alfer egotea, zintzur bustitze-kilikatze eta piknika. Supermerkatuaren sail ezberdinetan bata bestea bezain bitxiak diren eszenak iragan dira, denek gure bizi eta jendarteak prekario eta merkantzia bilakatzea salatzen zutelarik. Horren bidez Bizik salatu du gehiago lan egin, gehiago kontsumitu eta ondorioz gehiago kutsatu gurpil zoroa. Gauregun gurpil zoro horrek alde dramatikoago bat badu zeren planetaren oreka ekologiko handiak kinka larrian dira.
Gure bizi baldintzak berreskuratu ditzagun
Ekintza hau, 2009an igandetako idekitzeak plantan ematen hasi berria zen ber Intermarché-an Bizik egin okupazioaren jarraipaena da. «Garaian ondoko galdera pausatzen ginuen: noizko supermerkatuen gauetako idekitzea?» adierazi du Dominika Durrutik, Biziko bozeramaileak, ondokoa salatuz «Hamar urte geroago hori egina izaiten ari da. Hainbat supermerkatu jadanik hasiak dira gau osoa idekiak izaiten, haietarik bat Gironde departamenduko Mérignac hiriko Casino-a, 2019ko otsailetik geroz. Uko egite eta etsimenduen ondotik, babes guziak hausten dira, eta atzera bideruntz eramanak gira, mende batez aitzinamendu soziala lortu zutelarik gu aitzin zirenen engaiamendu eta borrokek»
Biziren beste ordezkari batek, Jean-Marc Sarthou-k deia luzatu du «gure bizi baldintzak berreskuratzearen alde. Posible zaigu, hori erabakitzen badugu. Gure erosketak igandean egitea gelditzen ahal gira. Egun hortan idekitzen duten supermerkatuak boikotatzen ahal ditugu. Erabakia hartzen ahal dugu hori ahalbidetzen duten politikentzat ez bozkatzea. Gure erosketen egiteko beste molde batzu deskubritzen ahal ditugu, merkatu ezberdinen bidez, tokiko, kalitatezko eta prezio eskuragarrizko ekoizpenekilako sare eta zirkuitu laburren bidez. Adibidez Baionako Iparraldean den Otsokop supermerkatu parte hartzailearen bidez. Antolatzen ahal gira. Eta gure lan eta soldata baldintzen hobetzeko, ez gaitezen behartuak izan igandetan lan egitera. Enpleguari lotua den mehatxuari buru egiten ahal diogu. Denak elkarrekin borrokatzen ahal gira, hobeki bizitzea ahalbidetzen duten lanen eta aberastasunen partekatze politika batzuren lortzeko, planetaren mugen errespetuan .Hainbat dugu irabazteko: elkartasuna, denbora librea, gure bizi eta jendarteen zaintzea, errespetua, duintasuna, munduaren edertasuna»
Bizik, jadanik 10 urte
Ekintza honek burutzen zituen Bizi! elkartearen 10. urtemuga ospatzeko Baionan iragan diren 3 eguneko besta eta topaketak. Bertan, asteburu osoan milatik goiti pertsonek parte hartu dute. Bizi! mugimendua, besteak beste, Alternatiba mugimenduaren sortzailea da eta ANV-COP21 edo zerga ihesaren kontrako Aulki Bahitzaileen sortzaileetarik da, ber maneran, Euskoa, euskal tokiko moneta ekologiko eta solidarioa bezalako hainbat alternatiba zehatzen sortzea lagundu duelarik,… Hainbat hitzaldi, bereziki Geneviève Azam, Corinne Morel Darleux, Joseba Azkarraga edo Alazne Intxauspe Elola-rena iragan dira asteburuan, bai eta ere hitz hartze ezberdinak azken 10 urteetan Biziren partaide diren hainbat erakundetako ordezkarietaz. Biziri beren goresmenak eta sustengua adierazi dutenetan Khaled Gaiji, Amis de la Terre-France-eko lehendakaria, Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza ELA sindikatutik, Fanny Delahalle Alternatiba / ANV-COP21-eko Koordinaketatik, Serge «Poupi» Emmaus Lescar Pau Herrixkatik edo Victor Pachon CADE-eko bozeramailea entzuteko parada ukan dugu.