Arrangoitzeko bilan ekologikoa: 10 hilabetez oroitarazteak eta ekintzak legezko gutienekoa lortzeko

Arrangoitzeko Herriko Etxeak, azken finean, Bizi! elkarteak eta Administrazio-agirietarako Sarbide Batzordeak (Cada delakoak) eskaturiko adierazleak helarazi ditu. Bizi! elkartearentzat erantzuna, Herriko Etxeak egiten ahal zuen guttieneko bertsioa da, ez da batere gogobetegarria. Herriko Etxearen aldetik borondate txarra agerikoa da eta herritarrek ezin dute ikuspegi inpartzial bat ukan kargualdi honetan egina izan denaz.

2025eko urtarrilean, Bizik informazio eskaera bat bidali zien 2020az geroztik Metamorfosi Ekologikoaren Itunaren arloan segitzen dituen 56 Herriko Etxeei. 4 oroitarazte egin ziren posta elektronikoz urtarrila eta apirila artean.

Arrangoitzek erantzunik ez zuenez eman, Bizik Administrazio-agirietarako Sarbide Batzordea (Cada) aktibatzea erabaki zuen martxoan. Batzordeak hainbat adierazle jakinaraztearen aldeko iritzia eman zuen, urriaren 3ko komunikatuan.

Urtarrileko lehen eskaeraz geroztik herriaren aldetik inolako mezurik lortu gabe, Bizik egoera mediatizatu zuen azaroaren 18an Arrangoitzeko Herriko Etxean agerraldi bat eginez. Elkarteak azpimarratu zuen Ipar Euskal Herriko 3500 biztanletik gorako herrien artean, kargualdiaren bilan ekologikoa egiteko parada emanen zuen ingurumenari buruzko informazioa emateari uko egin zion Herriko Etxe bakarra zela.

Ekintza burutzen ari zen unean Herriko Etxeak iragarri zuen Cadak eman irizpidea segituko zuela eta legeak komunikatzera behartzen dituen informazioak hilabete bukaera baino lehenago bidaliko zituela. Eta ondodrioz, azaroaren 29an, larunbatarekin, 20:45ean helarazi zituen aipaturiko datuak. Elkarteak sarean ezarri ditu, gainerako herrietan bezala.

«Hamar hilabete baino gehiago hartu dira eta baliabide guziak erabili behar izan ditugu edozein herritarrek eska dezakeen informazio hutsa lortzeko. Gardentasun falta eta borondate txarra nabariak dira. Hori, zinez deitoragarria da. Herritarrei kontuak emateari uko egitea, haien izenean bete den agintaldi baten bukaeran, zinezko arazo demokratikoa da», salatu du Anthony Lubranok, Bizi!-ko bozeramaileak.

«Parisko Akordioetatik hamar urtera, eta larrialdi klimatikoa jendartearen kezka nagusi den testuinguruan, herritar orok eskubidea badu bere herriaren ekintzei buruz iritzi argia izateko Herriko Bozak hurbiltzen diren garai honetan. Momentuz, hori oraindik ez da posible