Alternatiba Itzuliak asteburu honetan Baionan eta Biarritzen bere etapa egin du, ehunka herritar, eragile, elkarte eta partalier bilduz, gaurkotasuneko gaiak, hala nola, klima aldaketaren, eskuin muturraren eta bigarren etxebizitzen ugaritzearen kontrako borroka nabarmentzeko, eta horiei guziei buru egiteko aterabideak aurkezteko.
Asteburua txirrindularien etorrera-jaialdi batekin hasi zen, “txirrindiraultza” lagun. Ekintza kolektiboaren ikur diren Alternatibako 3 eta 4 tokiko bizikletak segituz, 100 txirrindularik banderola, pankarta, musika eta lema ezberdinekin jende lerroa osatu dute BAB etorbidean eta San Izpiritu zubian ageri den bezala, arras eskasa iduritzen zaien Ipar Euskal Herriko mugikortasun politikan haustura galdatzeko.
«Ipar Euskal Herrian mugikortasuna da berotegi-efektuko gasen isurpenen bigarren iturria. Arlo hortan ukaiten ahal ditugu hobekuntza maila handienak. Hemen, auto indibidualaren kultura errotua da, eta kultura hotarik askatzeko politika publikoak ahulegiak dira», azaldu du Thibaut Godin, Biziko bozeramaileak.
Bi hitzaldi antolatuak izan dira, 150 parte-hartzaile bilduz, Bizi, Alda, Alternatiba eta ANV-COP21 mugimenduen estrategiak aurkezteko, eskuin muturraren gorakadari eta klima aldaketari buru egiteko. Cécile Duflot, Oxfam France-eko zuzendari nagusia eta Alternatiba Itzuliko goxama ere, hor zen, eskuin muturraren arriskuari buru egiteko kolektibo izateak eta elkartzeak duen garrantzia oroitarazteko!
“Sistema honen kontra borrokatzeak erran nahi du behar direla alternatibak proposatu, ekologikoki eta sozialki zuzenak, eta eskuragarriak behar direla bilakatu. Elkartrukatuz, lurraldeetan elkarrekin eraikiz, biztanleetarik ahal bezain hurbil birtokiratuz erantzuten diegu larrialdi hauei», azaldu du, konparazione Alternatibako bozeramaile den Gaëlle Nourry-Gardienek.
Alternatiba Itzulia, 3 eta 4 tokiko bizikletetan eginiko herritarren mobilizazio handia da, ekainaren 2an Nantesetik atera dena eta urriaren 4an Marseillara helduko dena, nahasmendu klimatikoaren ondorioei buru egiteko lurraldeak molde konkretu, jasangarri eta desiragarrian eraldatzea helburu duena. Euskal Herrira eginiko bisita klima aldaketari buruz hitz egiteko parada izan da, frantses Estatuko hedabideen radarretik kanpo egon diren errekorren eta hondamendi klimatikoen beste urte batetik landa.
Eta asteburua bururatzeko, Herrian Bizi – Se loger au pays plataformak “Stop ! Aski! Bigarren Etxebizitza” banderola erraldoia zabaldu du Biarritzen. “Gutiengo batek hainbat etxebizitzen ukateko eskubidea baino lehenago bakoitzak etxebizitza izateko eskubidea segurtatu behar da”, azaldu du Ainize Butron–ek Herrian Bizi – Se loger au Pays!-ko bozeramaileak, eta “etxebizitzen % 20 baino gehiago bigarren etxebizitzak dira jadanik Euskal Herrian. Zenbait herritan, gaur egun bigarren etxebizitzen proportzioa etxebizitzen % 50aren heinera hurbiltzen da, edo are gainditzen du».
Bizik Klima Egonaldi berria antolatzen du irailaren 12tik 15era Mugerre-Elizaberrin, 4 egun formakuntza, antolatzen ikasteko, klimaren alde borrokatzeko, demokrazia defendatzeko, alternatibak indartzeko… Azken batean, asteburu honetan aurkezturiko ekintzak eta proposamenak praktikan ematen segitzeko.