Klima eta euskara, borroka bera: Bizik azaroaren 21eko manifestaldian mobilizatzera deitzen du!

Euskara biziaraztea eta klima babestea lurraldearen etorkizuna, aniztasuna eta justizia soziala defendatzea da. Bizi! elkartearen kide guziak, euskaldunak izan ala ez, azaroaren 21ean, Baionako manifestaldian parte hartzera deituak dira.

Bizi! mugimenduaren borroka nagusiak larrialdi ekologikoa eta justizia soziala dira. Baina klima aldaketaren kontrako borroka ezin da gure lurraldetik, gure kulturatik eta gure hizkuntzatik bereizi. Horregatik, azaroaren 21ean Baionan eginen den euskararen aldeko manifestaldian parte hartzea ez da gure ohiko engaiamenduetarik urruntzen: Biziren balioekin eta estrategiarekin koherentzian aritzea da.

Biziren eta Euskararen aldeko mobilizazioaren arteko 3 lotura zuzen:

 

Lurraldean errotzea: gure borroken eraginkortasunaren giltza

Biziren hitzarmenak argi dio Ipar Euskal Herria dela mugimenduaren ekintza-eremu nagusia, eta gure borroka kultur aniztasunaren defentsan ere kokatzen dela. Euskaraz Bizin taldeak landu gogoetak ideia bera azpimarratzen du: tokiko kulturan eta gizartean errotu ekintzaileek hobeki ulertzen dituzte herritarren errealitatea, beharrak eta kezkak, eta lotura sendoagoak eraiki ditzakete haiekin.

Klima aldaketaren kontrako borrokan, lurraldeko biztanleen eguneroko errealitatearekin konektatzea ezinbestekoa da metamorfosi ekologikoa kolektiboki plantan emateko. Euskara ere lurralde horren funtsezko osagaia da. Euskararen alde mobilizatzea, beraz, gure lurraldean errotzeko eta gure borroken eraginkortasuna indartzeko modu bat da.

Hizkuntza-aniztasuna eta bioaniztasuna: logika bera

Euskaraz Bizin liburuxkak gogorarazten digu hizkuntza-aniztasunak eta bioaniztasunak logika berdintsua dutela: aniztasunak bizirauteko, egokitzeko eta etorkizuneko erronkei buru egiteko aukerak biderkatzen ditu. Hizkuntza bakoitzak mundua ikusteko, ulertzeko eta partekatzeko manera bereziak berekin daramatza. Hizkuntza bat galtzen denean, jendartearen ondare bat ez ezik, pentsatzeko eta sortzeko parada batzuk ere galtzen dira.

Klima aldaketaren aitzinean ekosistemen aniztasuna babesten dugun bezala, hizkuntza-aniztasuna ere zaindu behar dugu. Ez dugu nahi mundua hizkuntza bakar baten inguruan homogeneizatzea, naturan ere espezie guti batzuen nagusitasuna ez dugun bezala helburu. Bioaniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna babestea bizitzaren aniztasuna defendatzea da.

Justizia eta eskubideak: euskarak bizirik irauteko baldintzak behar ditu

Bizik justizia soziala defendatzen du, metamorfosi ekologikoa bidezkoa izan dadin eta nehor ez dadin bide bazterrean egon. Euskararen egoerak ere justiziaren ikuspegia eskatzen du. Ipar Euskal Herrian, euskarak frantsesaren nagusitasuna duen diglosia-egoeran segitzen du: frantsesak administrazioan, ekonomian, hezkuntzan eta bizitza publikoan funtzio nagusiak betetzen ditu; euskararen erabilera, aldiz, eremu askotan mugatua da.

Horregatik, ez da aski euskara ondare gisa aitortzea edo haren aldeko atxikimendua adieraztea. Euskaraz ikasteko, lan egiteko, administrazioarekin harremanak izateko eta eguneroko bizitza euskaraz egiteko baldintza errealak behar dira. Azaroaren 21eko manifestaldiak, hain zuzen, euskararen koofizialtasuna, hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen lege ausarta eta Ipar Euskal Herriko erakundeen hizkuntza-politika eraginkorra eskatzen ditu.

Bizik badaki klima-justizia ez dela borondate on hutsez lortzen: politika publikoak, eskubideak eta baliabideak behar dira. Euskararen biziberritzeak ere baldintza horiek eskatzen ditu.

Klima-larrialdian bezala, euskararen arloan, bere geldikeria gordetzeko Estatua larderiatsu

Klima-larrialdiaren arloan, Frantziako Estatuak hainbat aldiz erakutsi du ez dituela beti behar bezain laster eta behar bezain sendoki gauzatzen metamorfosi ekologikoak galdatzen dituen neurriak. Klima-justiziaren aldeko mugimenduek, gainera, presio politikoak eta errepresio edo intimidazio egoerak salatu izan dituzte.

Euskararen arloan ere, Estatuaren jarrera oztopo izan daiteke aurrerapauso instituzionalentzat. Adibidez, Pirinio Atlantikoetako prefetak auzitan ezarri ditu Ipar Euskal Herriko hainbat herriko etxek euskararen koofizialtasunaren alde egin adierazpen sinbolikoak. Horrek agerian uzten du euskararen aitortza instituzionala ez dela eztabaida sinboliko hutsa: hizkuntza-eskubideen eta lurraldearen etorkizunaren inguruko gatazka politikoa ere bada.

Bi borroketan, beraz, galdera bera da jokoan: herritarren mobilizazio demokratikoak bultzaturiko aldaketa sakonak gauzatzeko prest al da Estatua, ala aldaketaren alde ari diren mugimenduak moteldu edo mugatuko ditu? Bizik badaki herritarren presio kolektiboa ezinbestekoa dela erakundeek norabidea alda dezaten.

Euskara gurea da, euskara jakin ala ez

Biziko kide guziek, kidetze ituna izenpetuz, argi uzten dute euskararen etorkizuna ez dela euskaldunen ardura soilik. Euskaraz mintzatzen ez garenok ere lurralde honetako hizkuntza baten biziraupenaren aldeko erantzukizuna dugu. Euskarak egiten gaitu herri; hizkuntzak gure paisaia kulturala, harremanak, memoria kolektiboa eta lurraldearekiko lotura osatzen ditu.

Manera ber beran, klima ez da ekologisten kontu hutsa: denen bizi-baldintzak baldintzatzen ditu. Era berean, euskara ez da euskaldunen kontu hutsa: Euskal Herriaren aniztasunaren eta etorkizunaren parte da. Klima denena den bezala, euskara ere denen ardura da.

Horregatik, euskara jakin ala ez, hizkuntzaren aldeko komunitatearen parte gira. Manifestaldian parte hartzea elkartasuna adieraztea da, baina baita gure lurraldearen etorkizunari buruzko hautu politiko eta soziala egitea ere.

Eskuin muturraren gorakadaren arriskua kontuan hartu behar dugu

Euskararen aldeko mobilizazioak badu beste premiazko arrazoi bat: eskuin muturra boterera iristeko arriskua. Frantziako eskuin muturra bereziki bereizten da eskualdeetako hizkuntzak eskolan irakastearen aurka agertu izan delako, hizkuntza gutituen nazioarteko babes-mekanismoen aurka egin duelako eta frantsesaz gain beste hizkuntza batzuei ofizialtasuna aitortzeari uko egin diolako.

Beste alderdi batzuek, maila desberdinetan bada ere, hizkuntza horien transmisioa eta erabilera publikoa defendatu izan dituzte. Baina euskara ondare gisa aitortzea ez da aski bizirik iraun dezan: irakaskuntzarik, babes juridikorik eta bizitza publikoan erabiltzeko aukerarik gabe, hiztunak galtzeko eta frantses Estatuko hizkuntza-aniztasuna pobretzeko arriskua handitzen da.

Klima-larrialdiaren eta justizia sozialaren aldeko borrokek ere badakite eskubideak ez direla behin betiko irabazten. Aitzinapausoak babesten eta borrokatzen segitu behar da, bereziki eskubide kolektiboak eta aniztasuna zalantzan ezartzen dituzten indarrak azkartzen direnean.

Azaroaren 21ean, Biziko kideak Baionara!

Euskararen aldeko manifestaldi hau ez da «euskararen aldeko beste manifestaldi bat» soilik. Euskararen biziberritzeari indar berria emateko, hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko eta Euskal Herriko gizartearen atxikimendua erakusteko aukera kolektiboa da.

Biziko kideei dei egiten diegu, euskaldunak izan ala ez, azaroaren 21ean Baionan eginen den manifestaldian parte hartzeko eta ingurukoak mobilizatzeko. Euskaraz Bizin taldearen gogoetek erakusten duten bezala, gure mugimenduaren borrokak, gure lurraldearekiko atxikimenduak eta hizkuntza-aniztasunaren defentsak norabide bera dute.

Bizik datozen egunetan zehaztuko du manifestaldian parte hartzeko erabiliko duen antolaketa eta manera. Anartean, data agendan atxik, ingurukoak informatu eta mobilizatzeko prestatu gaitezen.

Klima babestea, justizia soziala defendatzea eta euskara biziaraztea: lurralde jasangarri, solidario eta burujabearen aldeko borroka bera dira.

Azaroaren 21ean, Baionan, euskararen alde eta gure lurraldearen etorkizunaren alde!