2023ko urriaren 7 eta 8an, Euskal Herria Burujabe 2023 ekitaldiaren karietara, Baionako erdigunea eraldatu dugu, proposatzen dugun Euskal Herri jasangarri, burujabe eta solidarioa nabari izan dadin.
Pario ero hori emankorra izan da: 8.000 lagunek parte hartu dute ekitaldian, eta indartuak atera dira ekintza palanka konkretuekin, ezagutza berriekin, topaketekin, inspirazioarekin eta borrokan segitzeko elkarretaratzearen euforiarekin!
Euskal Herria Burujabe 2023 ekitaldi militantea, besta eta lagunarte girokoa izan da, nahi dugun lurraldea islatzen duena. Asteburuan zehar ongi egorria egin diegu:
- 115 hitzaldi, mahai inguru, lekukotasun edo hitza hartzeri fakultatean eta karriketan
- 45 kontzertu, performantzia, ikusgarriri
- 130 egiturari, hots arlo askotan aktibo diren elkarte, kooperatiba, kolektibori…
- eta Euskal Herria Burujabe, Denon mundua eskuetan berriz har dezagun liburuaren argitaratzeari!
Umore onean eta lagunarte giroan herritar ainitz ibili dira gure lurraldea eraldatzeko bitarteko eta ideia konkretuak ezagutzeko, energia, etxebizitza, garraio, laborantza, etab. arloetan.
Koralak, erakusketak, mahai-inguruak, etxaldeetako ekoizpenekin egin bazkaria, herriko giroa guk nahi dugun lurraldearen irudia dira: lagunarteko giroa, jendeen arteko harremanei lehentasuna emanez, ondasun materialei baino gehiago.
750 laguntzaile mobilizatuak
Hori guzia posible izan da, ekitaldi hau biziarazten parte hartu duten 750 laguntzaileei eta egitura guziei esker, aitzinetik edo asteburuan, ordu batzuz edo asteburu osoan zehar.
Berriz ere frogatu dugu: elkarrekin, indar alimalea gira!
Hitzaldi sendo eta engaiatuak
Ekitaldia hainbat hitzaldi sendorekin iragan da: Christophe Cassou klimatologo eta IPCCko kidearen hitzaldi hunkigarria; Alternatiba mugimenduaren 10 urteen ospakizuna –2024an Itzuli berri bat iragarri du– eta Euskal Herrian eraikiak izaiten ari diren hainbat alternatiben ezagutza.
Beste lurraldeekiko elkartasuna ezinbestekoa da defendatzen dugun burujabetzaren kontzeptuan. Horregatik argazki kolektibo bat atera dugu Castres eta Okzitzaniako Tolosa arteko A69 autobidearen proiektuaren kontrako gose grebalariekin gure sostengua erakusteko.
Musika eta dantza hor ginituen ere dena borobiltzeko. Horrela, Jurgi Ekizak osaturiko “Bihar” himnoaren interpretazioan parte hartu dugu, norbanakoak ekintza kolektiboan duen engaiamendua erakusten duen “7 jauziak” dantzatu, Malika Danzaren ekialdeko euskal dantza miretsi, denak kulunkatua interludioak alaitzen zituen Batukadaren soinuaz. Bi egun hauek jendetza bildu duten kontzertuekin bukatu dira, Zea Mays, Zoufris Maracas, La Main Courante, Juanita Banana, Buuzbu eta Miss Fraggle taldeekin.
Geroari buruzko deia
Emozioz eta jarduerez aberatsa izan den asteburu bizi honen bukaeran dei egiten diegu bertan ziren egitura kolektibo guziei – enpresei, administrazioei, instituzioei, erakundeei, bai eta hor ez zirenei, metamorfosi ekologiko eta sozialeko prozesu kolektibo batean aritzeko, maila guzietan:
- Larrialdi ekologiko eta sozialaren kontra doan edozein proiektu errefusatuz,
- Elkarrekiko laguntza eta auzo bizitza garatuz,
- Beharrezkoak ez diren ontasunen, hondarkinen eta energiaren ekoizpena masiboki murriztuz,
- Gure joan-jinetan garraio publikoa lehenetsiz,
- Ostalaritza kolektiboaren ingurumen-inpaktua handizki ttipituz,
Edonon bizi izanik ere, gauzak kanbiatzeko ahalmena badugu. Sistema, eta ez klima, aldatzeko ahalmena badugu. Euskal Herriko biztanleak dira haren zortea finkatzen dutenak.
Aitzinera joateko eta gure bizi-baldintzen gure esku hartzeko energia dira borroka eta eraikuntza kolektibo hauek. Gure etorkizuna horren menpean dago. Menpekotasunetik interdependentziara pasatzen den mundu amankomuna eraikitzeko deia egiten dugu. Indibidualismoak eta lehia ekonomikoak murru baten kontra eramaten gaitu zuzenki, baina denok gai gara molde kolektiboan bideak aldatzeko!
Elkarrekin, alimaleko indarra gara eta gauzak kanbiatzeko ahalmena badugu!
Denen artean, eraiki dezagun gaur eta biharko Euskal Herri jasangarri, burujabe eta solidarioa.