Bizik antolaturiko 7 jauzien sekuentzia Baxe-Nafarroan pasatu da, Ainhiza-Monjolosen, ekainaren 24 honetan larunbatarekin. Menuan: nola egituratu kalitatezkoa, tokikoa eta ekologikooa den saila ostalaritza kolektiboa hornitzeko? Hausnarketa aberatsa, sardedetik sardexkara doan katearen hainbat katebegi osatzen duten eragileek elikatua.
Ostalaritza kolektiboa palanka garrantzitsua izan daiteke, urtero 5,7 milioi apairu baino gehiago ematen direlako Ipar Euskal Herriko eskola, kolegio eta Lizeoetan, Elikaduraren Lurralde Planeko datuen arabera. Anitz erronka badira: xahutzea ttipitzea, hondakin plastikoak, elikagaien nutrizio-eta osasun-kalitatea, laborantza herrikoiaren eta ez produktibistaren defentsa eta esnekien eta haragiaren portzentaia tipitzea.
EHLGko Francis Poineauk gogorarazi du 2050ean gure platerak esneki eta haragi gutiago beharko dituela, aldiz, zereal, lekale, fruta eta barazki gehiago. Elikagaiek karbono-aztarnean duten garrantzia kontuan harturik, klima-aldaketa mugatzeko erronka handia da. Gai horri buruz, Bizik Herriko Etxeen balorazioa egin du eskola-jantokien bidez, eta lege-betebeharra izan arren orain arte gabe ziren 5.000 ikasleri astero menu begetarianoa ezartzea lortu du.
Thierry Poussonek Akitania Berriko eskualdeko manatze-biltze elkartea den ACENAren sorreran parte hartu du. Ipar Euskal Herriko Lizeo Publiko guziak, Kolegioen %90 eta 6 edo 7 Herriko Etxe biltzen ditu. Eskaria egituratzeko eta presioa egiteko molde bat: “ostalaritza kolektiboak denei, bere diru-sarrerak edozein izanikan ere, kalitatezko janaria eskuratzea ahalbidetzen du”. Nafarroa lizeoko kudeatzaile gisa, tokiko laborantza eta elikadura burujabetzaren aldeko irizpideak zehazteko diren moldeak ere ezagutzen ditu.
Alta, «laborari gisa kantinei buruz joatea ez da sekulan erraza, dio Nicolas Mendiboure Irisarriko baratzezainak. Etxalde ttipi eta ertainetan ezin dugu urte osoan zehar sorta jakin bat modu fidagarrian hornitu”. Ekoizle dendaren gaiak bere bidea egin du, beraz.
Sortzen ari den Iparlab alternatiba 2022ko urrian martxan ezarri zen kalitatezko etxaldeko ekoispenen eskaera handiari erantzuteko. Iparlabek laborariek dituzten oztopoak kentzen ditu, kantitateak eta garraioak batuz eskala-ekonomiak egiteko, prezioak ezartzen uzten dielarik. “Gaur egun, 37 ekoizle ditugu 6 sektoretan. %85 laborantza biologikoan da, heren bat Idoki labelarekin”, zehaztu du Sylvie Laborde-Bresse-k. Sukaldariei astean bitan lehengaiak eskura emana zaizkie eta ontziak kontsignatuak dira, hondakinen ekoizpena mugatzeko. Epe luzera jarduera atxikitzeko eskaintza erregularra atxikitzea da orain erronka.
Ekintzarako beste palanka batzu jorratu dira, hala nola sukaldarien formakuntza praktikoa menu begetarianoetan, edo Ipar Euskal Herrian lekalegintza garatzeko aukera.
Hainbat bide laster garatuak izatekoak direnak, eta urriaren 7an eta 8an beste hainbat gairen artean deskubrituak izaiten ahalko direnak. Euskal Herria Burujabe 2023 ekitaldiak bi egunez animatuko du Baionako hirigunea. Kontzertuak, erakus-mahaiak erakusketak, hitzaldiak, proiekzioak, eztabaidak, gazte eta helduak elkartuko dituztenak, klima-aldaketari buru egiteko aterabideak beren ganatzeko eta aurrekaririk gabeko erronka hau altxatuko duen Euskal Herria irudikatzeko.