Bizi! euskal mugimendu altermundialistaren deiaren haritik 450 pertsonatik goitik desfilatu dute El Khomri-ren legea eta Hollande-en gobernuaren politika sustengatzeko aberatsen manifan, Baionako karriketan gaindi Maiatzaren Leheneko ohiko manifestaldiaren barnean
Aberatsek idekitzen zuten bereziki animatua zen jende lerro bat, bertan aldarrikatzen zituztelarik martxan den lan legearen erreformaren eta gobernuaren politikaren sustengatzeko arrazoin guziak. Eramanak ziren pankartak eta oihuka errepikatuak ziren lemak nahaskeriarik gabekoak ziren : “ Smic-ik & Assedic-ik ez, ez dugu fitxik ordaindu nahi!” ; « Lan gehiago, jada dutenentzat, aberastasun gehiago, jada ainitz dutenentzat!” ; «Bankariekin, elkartasuna!» ; “Funtzionario guttio, milionario gehio !” ; “32 euroko asteari, BAI!” ; “Ezkerrari bai, eskuinekoa delaik!” etab.
Ondotik Macron eta konpainiak marrazten duten jendartea sinbolizatzen zuen galera bat zetorren, miliardunetaz amestuz, errealitatean milioika galera arraunlari lan ttipi eta prekarioetarat, lan baldintza gero eta gogorragoetarat edo perspektibarik gabeko langabezia masiborat kondenatzen dituena.
Horren gibeletik, Bizi!ren ikurriñek manifestari jende multzoa kolorestatzen zuten, denek gaitzesten zituztelarik aintzinean desfilatzen zuten izigarri-aberats horiek eta berek funditzen dituzten oreka orokor sozialak eta planetaren oreka ekologikoa. « Langabeziaren kontra, lana partekatu ! Miseriaren kontra, aberastasuna partekatu ! » oihuak lagun, manifestariek deitzen zuten ez amor emaiterat eta mobilizatua egoiterat El Khomri lege proiektua osoki kendua izan arte.
Aberatsen desfileak bi geldi une sinboliko ere egin ditu HSBC eta Société Générale-en Baiona hiri guneko agentzietan bertan kantatzeko frantses kantu famatu arramoldatua « Denak joanen gira paradisu… fiskalera ! Denak joanen gira Panamara ! ».
Bizi !ren manifestaldia ondotik joan da Tonneliers karrikara, Baionan Ttipian eta bertan amaitu da zintzur bustitze batekin non « aberats » eta pobreak bildu diren eta bazkari herrikoi haundi batean parte hartu.
Bukatzeko, hara frantsesez “Merci patron!” kantu famatuaren airean kantatua izan den “Vivent les patrons!“ kantuaren hitzak : bizimugi.eu/wp-content/uploads/2016/05/Merci-patron.pdf