Klimaren aldeko ekintza ikusgarria
Astelehen huntan ekainaren 2an 6:30etan, Bizi! mugimendu altermundialistako 20 militantek 1,8 tona ikatz bota dituzte bi kamioekin Société Générale-aren eskualdeko egoitzaren aintzinean Baionan. Ekintza horren bidez nahi izan dute galdegin banku frantsesaren berehalako kentzea Alpha Coal proiektutik Australian, kontsideratua dena planetako 14 klima lehergailuen detonatzaileetarik bat bezala (1).
Alpha Coal ikatz ustiapen eta esportatze proiektu bat da. Burutzen balitz, atmosferan isuriko lituzke bederen 1,8 miliar tona CO2 – gertatzen ari den nahasketa klimatikoaren arduradunetarik bat den berotegi efektuzko gasa – eta ahalbidetuko luke beste 8 ikatz hobiren ustiapena, orotara guziek urtean Alemania osoa bezain bat gas isuriko lukete.
Zonbait minututan zehatz mehatz prestatua zen gidoi bat segituz iragan da ekintza. Hori baino lehen beste ekintza batzuk burutu ziren leku berean, batez ere joan den maiatzaren 16eko okupazioa.
Bortizkeriarik gabeko ekintza zehatzak eta usu ikusgarriak burutzeko ezaguna den Bizi mugimenduak publikoki jakinarazi zuen 1,8 tona ikatz botako zituela Société Générale-aren eskualdeko egoitzaren aintzinean Baionan, maiatzaren 20a eta ekainaren 5aren artean, sekula anartean bankuak ez baldin bazuen adierazten Alpha Coal proiektutik kentzen zela, hots GVK enpresarentzat kudeatzen dituen egingarritasun eta diruztatze ikerketak gelditzen zituela.
Bizi!-k crowdfunding operazioa egitea lortu zuen ere, kanpaina horrentzat beharrezkoak ziren 3800 euroak biltzeko (kamioien alokatzea, ikatzaren erostea, afitxen inprimatzea, pegatinak, eskuorriak, etab…). Azken finean 4500 euro bilduak izan dira 15 egunez bakarrik (crowdfunding operazioa aurkezten duen 3 minutako bideoa ikus hemen: https://bizimugi.eu/stop-alpha-coal/ ).
Bizi!-ren ordezkarietako bat den Jon Palais-ren iritziz: “Gaurko ekintza hastapena baizik ez da. ATTAC-Frantzia eta Les Amis de la Terre-ekin eremaiten dugun kanpaina hau indartuko da eta geldituko da bakarrik Société Générale-ak bere sustengua kentzen baldin badio proiektu klima-erahiltzaile honi. Société Générale-ak asko du galtzeko irudiaren aldetik kasko gogorra egiten segitzen badu, COP21 gailurra kari antolatzen ari den nazioarteko mobilizazioaren helburuetarik bat bilaka daiteke. Aldaketa klimatikoa aipatzeko izanen den munduko gailur garrantzitsua Parisen iraganen da 2015ko urte bukaeran.”
(1) “Point of No Return” txostena greenpeace-EK ARGITARATUA 2013KO URTARRILEAN:
http://www.greenpeace.org/international/en/publications/Campaign-reports/Climate-Reports/Point-of-No-Return/