Larunbatean, maiatzaren 30ean, «1 000 ekimen klimaren alde!» ekintza egunaren karietara 100 pertsonek txirrindulaz desfilatu dute Tram’bus egitasmoa sostengatzeko eta ACBA/EKAH-k 2010ean, Tours eta Bordaleren arteko AHT zatirako bozkatu 26 milioi euroak bizikleta eta autobusak hirigunean garatzeko berriz zuzenduak izan daitezen.
Klimaren nahasmenduaren kontrako borroka datozen 5 urteetan irabaziko da edo galduko da. COP21a, Parisen 2015eko abenduan iraganen den klimari buruzko konferentzia, hitzordu erabakigarri bat bezala aurkeztua da klimarentzat akordio haundi nahi, behargarri eta zuzen baten atxemaiten saiatzeko.
Larunbata honetan, maiatzaren 30ean, besta giroan pedalatzen arizan diren 100 pertsonek ez dute itxoiten klimaren nahasmenduaren kontra aterabideak gainetik etor daitezen. Tokian edo hemen bertan ere aterabideak badira, energia ekoizpenaren, garraioen, etxegintzaren, laborantzaren, etab.-en arloetan.
«Garraioaren arloan, berotegi efektuzko gasen isurpena ttipitzeko aterabideak ezagunak dira: autobusa edo trena hartu, txirrindula erabili, ibili, auto-partekatzea. Hemen, baionar hirigunean, garraioek berotegi efektuzko gasen isurpenaren %55 ordezkatzen dute. Alimaleko proportzioa da. Estatu mailako batazbestea baino bi aldiz gehiago. Baina ondorioz egoerak isurpen horien ttipitzeko parada masiboa eskaintzen du baldin eta aterabide onak plantan emanak badira» azpimarratu du Bizi!ren bozeramailea den Iban Grossier-ek.
Hau bezalako lemak erabiliz «Txirrindulekin, autobusekin, klimaren alde ekin!» edo xinplekiago «Tram’bus-ari BAI! », txirrindiraultzaileek argiki erakutsi dute beren sostengua 2019ko martxan ezarria izanen den Tram’bus-ari buruz. Tram’bus horrek indartuko du eguneroko joan-etorrietan egiazko alternatiba bat autoari. «BABko auzo ezberdinak behar dira ere hobeki zerbitzatu garraioen arloan» zehaztu du parte hartzaile batek.
Bigarren mezu bat, oraino aldarrikatzaileagoa, euskaraz eta frantsesez irakurtzen ahal zen txirrinduletan zintzilikatuak ziren hainbat pankartetan: «Gure 26 milioi euroak, gure autobusentzat, eta ez AHTarentzat!». Bizi!-k berriz azpimarratu du ACBA/EKAH-ko lehendakariari luzatu dion galdea, Tours eta Bordaleren arteko AHT zatirako bozkatu 26 milioi euroak, norbanakoen auto erabilpenen alternatibak diren bizikleta eta autobusak hirigunean garatzeko berriz zuzenduak izan daitezen. «Badakigu jada 9 milioi ordainduak izan direla. Galdegiten dugu oraino ordaintzekoak diren 17 milioiak erabiliak izan ditezen «hirigunean (eta hirigunetik harat) txirrindularen erabilpenerako plano orokorra»-ren gauzatzeko» azpimarratu du Bizi!k. Horrezgain, elkarteak nahi luke hiriguneak berreskura ditzan AHTarentzat jada ordaindu dituen 9 milioi euroak. «Diru kopuru hori, hemengo biztanleena da, ondorioz lehenbizik behar du erabilia izan eguneroko garraio moldeen garatzeko, eta ez behar gabeko proiektua den AHT batentzat».
Parisen, Klimari buruz NBE-k antolatu konferentzia (COP21) baino sei hilabete lehenago eta Baionatik, ekainaren 5ean, ostiralarekin abiatuko den Alternatiba Itzulia baino sei egun lehenago, Bizi!-k berriz azpimarratu du klima nahasmenduaren kontra orain lan egitea beharrezkoa dela. Argi da garraioaren arloan aterabideak badirela. Aterabide horiei molde masiboan gauzatuak izaitea bakarrik falta zaie.