Zergatik Bizi! mugimendu ekologistak, sustengatzen ditu Luhusoan abenduaren 16an desarmatzearen iniziatiba bultzatu duten eragileak

ongibandeausiteeus

 

Bizi!, Ipar Euskal Herriko lurraldean errotua den elkarteak justizia ekologiko eta sozialaren alde militatzen du. Bizi!k publikoki adierazi du bere sustengua 5 bakegileei, haietan zelarik Txetx Etcheverry, Bizi!ren sortzaileetariko bat. 5 bakegile horiek arrastatuak izan dira Luhusoan, abenduaren 16an, ETAren desarmatze operazio bat burutzen zutelarik, horren bidez ETA eta Estatu frantsesaren artean bitartekari zibil bezala kokatzen zutelarik beren burua, duela 5 urte puntu geldian den bake prozesuaren desblokeatzeko.

Euskal Herriko Bake Prozesuari buruz Bizi!k duen jarrera ez da berria, 2012ko urtarrilean berean jada adierazi du, eta berriz aipatu presoen eskubideen aldeko manifestaldietarako dei ezberdinetan.

  • Erroztatze eta ondare militante bat 

Bizi! mugimendua errotua da historia militante indartsua duen lurralde batean, laborantza arloko sindikalgintzan, hizkuntz, kultura eta politika arloko aldarrikapenetan bai eta ere elkarte sare biziki trinkoan. Bizi!k bere lurraldean biziki aberatsak diren dinamika eta trebetasun eta jeinuetaz anitz probetxu hartzen du. Kultura militante hori da mugimenduak bere energia hartzen duen lurbeltza borroka klimatikoan parte hartzeko Euskal Herriko mugetarik harat ere. Hots, Bizi! ez da bere ingurumenetik deskonektatua den mugimendu bat, eta euskal jendarteari lotuak diren funtsezko galderek ere Bizi! hunkitzen dute. Bizi! mugimenduak, bere estatutuen errespetuan, bere iritzia emaiten du, demokraziari eta oinarrizko askatasunei lotua den bortxa-ezaren aktore gisa.

  • Bakearen alde borrokan den Euskal Herri bat

Hamarkadetan borroka armatua ezagutu ondoren, Euskal Herria aro berri batean sartu da, nazioarte mailako komunitateak sustatzen eta jendarte zibilak eta alde guzietako tokiko eragile politikoek begi onez ikusten duten bake prozesu baten martxan ezartzearekin.

Prozesu honen xedea da bake iraunkor baten plantan emaitea, alde guziek pairatu dituzten bortizkeri eta traumatismoak konduan hartuz, bakoitzaren errespetuan, ez dadin oraina izan gatazka geroan berpartitzeko hozi bat. 2011n Bide Orri bat definitua izan da Aieteko Foroan, eta 5 urte berantago, prozesua gelditua da, Estatu frantses eta españolek errefusatzen dutelako konponbide demokratiko batez gatazkaren gainditzea, bake akordio batera helduz biktima guzien errespetuan.

Alabainan, ETA erakundeak erabakia hartu du Aieteko Bide Orriaren gomendioen segitzea, segidan adieraziz gatazka armatuaren bukaera eta progresiboki bere armak zigilupean ezarriz ; eta frantses eta español gobernuei elkarrizketa baten idekitzea galdatuz. Aitzinetikako baldintza horrek desarmaketarekin bururatu behar zuen negoziaketari bidea ideki behar zuelarik. Alta, aitzinamendu horiek ez dira sekulan konduan hartuak izan frantses eta español Estatuetarik. Bi Estatuek politika izigarri ofentsiboak plantan atxiki dituzte. Armen gaia bake prozesuaren behaztopa harrietarik bat bilakatu da. Egoera honek aiherkunde edo gaitzidurak sortzen ditu, eta horrek bake prozesuaren porrota eta bortizkeriaren  ber partitzea ondorioztatzen ahal du.

  • Oinarrizko eskubideen urraketak

Jendarte demokratiko batek errefusatzen du bidegabekeria edo arbitrarioa. Euskal Herriko gatazkaren finkatze punduetarik bat presoei emana zaien zortea da. Alabainan, europear legearen aplikazioari dagokionez, euskal presoek tratamendu diskriminatzailea pairatzen dute. Eskubide horren gauzatze normalak  ahalbidetzen du presoak beren familia girotik ahal bezain hurbil kartzelatuak izan ditezen eta beren espetxe zigorraren ¾ egin ondoren askatzeko eskubidea goza dezaten. Euskal presoen kasuan ez da hola gertatzen. Ber maneran, larriki eri diren presoen kasuan, beren zigor arintzeak errefusatuak zaizkie eta baldintza normaletan arta ukaiteko paradarik ez dute. Batzu kartzelan hiltzen dira eta ezin dute beren hurbilekoetarik inguraturik bukaera duin bat ukan. Horiek guziak ezin onartuzko bortizkeriak dira preso eta senideekiko. Bizi!k 2012tik geroz deitzen du euskal presoen eskubideen aldeko manifestaldietara.

  • Bizi!, bortxa-gabeko mugimendu deliberatua

Bizi!k garatzen du bere sortzetik geroz bortxa-gabeko ekintzen estrategia bat, errefusatuz gordekako ekintzen eta bortxarekilako ekintzen erabilpena. Bortxaren errefusatzea, edoizoin motako bortxaren errefusatzea da. 2016an, Euskal Herrian, bortizkeriaren iturriak xekatu behar dira bake prozesuaren blokatzean. 2016an, bakegilea izaitea Euskal Herrian, blokatze horien altxatzean ekitea da.

  • Bakegileak

Bizi!k, bortxa-eza praktikatzen duen euskal mugimendu gisa, sustengatzen ditu 5 bakegile horiek. Alabainan, beren ekintzarekin, bake prozesuaren blokatzeak altxatzeko aportazioa nahi izan dute ekarri. Arrisku pertsonal garrantzitsu batzu hartuz, jendarte zibilaren ordezkari horiek iniziatiba hartu dute  beren buruak «bitartekari bezala ezartzerat lotura eta menpekotasunik ez duten erakunde armatu batekin, zentzugabeko egoera batetik ateratzeko», hots «erakunde armatuak Estatuari armak nahi dizkio eman, baina azken honek ez du hori ahalbidetzen». Arrisku pertsonal horiek hartu dituzte, bakoitzaren errespetatzaile den bake iraunkor bat plantan  emana izan dadin Euskal Herrian. Gutarik bakoitzari onurak ekarriko dituen bake bat.