Bizi!k susmatzen ditu justiziaren hutsegite batera eramaten ahal duten jukutriak
Ostegun honetan, urtarrilaren 31n, Bizi! mugimendua agertu da 64 Departamenduko Paueko Egoitza Nagusira, bertan gaitzesteko Departamenduak Moriba Koivogui, Baionan eskolatua den ginear umezurtz gaztearen aurka erakutsi duen gehiegikeria. 64 Departamenduak dudan ezartzen duelarik gazte hau umezurtz dela, eta instituzioak diolarik azken honek aitortu lukeela 22 urte dituela eta ondorioz adinetan dela, Bizi!k argitaratu ditu Moriba-ren bi burasoen heriotza-ohar ofizialak. Haietan ageri da ginear gaztearen ama, 2005ean hila, 1988an sortu zela.
64 Departamenduak dion bezala Moribak aitortu balu 2018ko otsailean 22 urte zituela, haren amak, 1988ko urtearen hasieran edo bukaeran sortua balitz, 7 edo 8 urtetan haurra ukana luke! Datu berri horrek, Koivogui gaztearen txostenari gehitua izan denak, oraino kanore gehiago ekartzen dio gazteak afera honetan hasieratik defenditzen duen bertsioari, hots 2001ean sortu dela eta gaur 17 urte dituela, horrek erakusten duelarik haren amak 13 edo 14 urtetan ukan duela. 2018ko otsailean (hots, ASE 64erat eramana izan den momentoan) 18 urte balitu, horrek erran nahi luke haren amak 11 edo 12 urtetan ukana lukeela, eta hori gertagaitza da. Eta noski, horrez gain, dokumento horiek umezurtz bat dela erakusten dute, 64 Departamenduak ekartzen dituen ukatzeen kontra.
Laster urte bateko gehiegikeria
Bizi!k orroitarazi du Moriba Koivogui, beti adingabea eta umezurtza deklaratu dena, ezarria izan zela, ginear bigarren adingabe batekin, 2018ko otsailean, 64 Departamenduko Haurren laguntzeko zerbitzuen babespean. Baina azken zerbitzu honek, bi haurren ebaluazioa egin gabe ere, zalantzan eman zuen haien adingabe eta bakartu estatusa, salaketa pausatu zuten gazteen kontra, kalte-ordainak galdatu zizkieten eta bi gazteak Baionako helduen presondegian sartu zituzten.
Geroztik, jakinez bi gazteak, Baionako Delituen Auzitegiak ustezko adingabe gisa kontsideratu dituela, gazteen kontrako prozedura osoki baztertuz, 64 Departamenduak etengabe errefusatu du gazte horien bere gain hartzea eta beren adingabetasunaren ezagutzea.
Nahiz eta Departamenduak egin ahalak egin horren saihesteko, bi gazteetarik bat ezagutua izan da bakartua den adingabe gisa eta Haurrendako 64eko Laguntza Sozialaren babespean emana izan da. Baina Moriba Koivogui heldu gisa kontsideratua izan da, jakinez bere hezurren ebaluazioaren arabera ezin zela baieztatu heldua zela eta gazteak bazuela Frantziako Ginear Embaxadak eginiko karta kontsular bat non baieztatua zen adingabea zela. Moribak erabaki horretaz dei egin du. Bere kontra erabilia den elementuetarik bat da Moribak aitortu lukeela 22 urte dituela eta hori aipatua litaike PAF edo Airetako eta mugetako poliziak 64 Departamenduari zuzendua lukeen email misteriotsu batean. Email hori 64 Departamenduak luza arazi luke Haurren jujeari eta honek luke ondorioz Moriba heldu gisa deklaratu.
Gertatzen dena da, email hori ez dela sekulan Moriba-ren abokatuari ezagutzera emana izan, ez delako txosten juridikoan gehitua izan.Txosten horretan aldiz, PAF-eko agiri guziek argi uzten dute Moriba Koivogui-k baieztatzen duela adingabea dela eta 2001ean sortu dela.
Bizi!k salatzen du 64 Departamendua:
Bizi!ko militanteek altxatzen zituzten banderloa batzu non mezu akusatzaileak aitzinean emanak ziren «Le Départe…ment, un an d’acharnement !» («Departamendua gezurretan eta gehiegikerietan dabil», edo « La Méditerranée ne les a pas coulés, le Département veut s’en charger » («Mediterraneoak ez duena lortu, Departamenduak nahi bururatu». Bizi!ren bozeramaile batek, Txetx Etcheverry-k, ofizialki 64 Departamenduari deia luzatu dio: «64 Departamenduak dena egina izanen du haur horiek ez ditezen adingabeak ezagutuak izan, horren bidez ez dadin ofizializatua izan egin duen hanka sartze animalea, hots bi gazte horien kontra egina izan den akats larria: haien presondegiratzea, haien adinaren ebaluazia egina ukan gabe, jakinez haien babespean emanak izan zirela. Gure aldetik, ez ditugu ekintzak gelditzen, gure galdeei ez dugunez erantzunik lortzen: nora pasatu da PAF-aren email misteriotsu hori, jakinez bertan den edukia gaur egun Moribaren amaren heriotze agiriak gezurtatzen duela, eta zer elementu zehatz dira email horretan? Nolaz posible da Moribaren abokatuak ez ukaitea email horren berri? Beste elementu batzu prozeduratik kenduak izan dira edo Moriba Koivogu-ren defentsari gordetuak? Ba ote dea komunikazio kanal paralelo bat PAF-a, 64 Departamendua eta Baionako Haurren Jujearen artean, bakartuak diren adingabeei buruz, usaiako prozedura judizialak saihesten dituenak eta etorkinen defentsak ezin duena ezagutu?»