Ipar Euskal Herriaren Metamorfosi ekologikoa:
Jadanik 70 herriko zerrenda desafio kolektiboaren gainditzeko!
70 herriko zerrendak Ipar Euskal Herriko biztanleen % 82a orezkatzen duten 43 herritan aurkezten direnak jadanik izenpetu dute Bizi! Elkarteak proposaturiko Metamorfosi Ekologikoaren Ituna. Itun horrek 7 engaiamendu azkar baditu berekin larrialdi klimatikoaren eta krisi ekologikoaren desafio kolektiboa altxatzeko. Jadanik 70 zerrendak ofizialki Ituna beren ganatu dute,Uztaritzen iragan den gaualdi batean, 200 pertsonen presentziarekin, mukurru betea zen gela batean. Beste zerrendek oraino igandea, martxoaren 8a gauerdi arte badute Itunaren izenpetzeko, jakinez Ipar Euskal Herriaren metamorfosi ekologikoaren aldeko manifestaldi handi bat iraganen dela Baionan, larunbat honetan, martxoaren 7an 15:00etan. Bizik kanpaina aktibo bat eramanen du herri hauteskundeen 2 itzuliak aintzin. Bertan deituko ditu hauesleak so egiterat bozkatu aintzin beren zerrendak izenpetu duen ala ez Ituna, horren bidez desafio klimatiko eta ekologikoa, beren herriko eta elkargoko kargualdiaren erdigunean ezarriz.
Izenpetzaile diren zerrendak (ikus beherean) engaiatzen dira, hautetsi bilakatuz geroz, oraindanik eta beren kargualdi osoan 7 tematikaren arloan ekiterat, ukanen dituzten hainbat baliabideak erabiliz: mugikortasun eztiak eta garraio kolektiboak,hondakinen murriztea eta ekonomia zirkularra, tokiko elikadura biologikoa, laborantzarentzat on diren lur erreserben babestea, ekonomiaren birtokiratzea Euskoa den tokiko moneta ekologiko eta solidarioaren sustenguaren bidez, eta Klima Planaren herri mailako deklinatzea segurtatuz. Beren Elkargo Kontseilkuko ordezkarien botzak 7 engaiamendu horiekin ere koherentzia atxiki beharko dute.
Martxoaren 5 honetan, Uztaritzen hartu engaiamenduen Jarraipen Batzorde batek ere egiaztatuko eta segituko du 7 engaiamenduen gauzatzea, izenpetzaile den herri bakoitzean, bai eta ere Euskal Elkargoan, datorren kargualdi osoan.
Bizik segituko ditu bereziki ere Ituna izenpetu ez dituzten Herriko Etxeak, beren jarrerek, azkartzen eta bizkortzen ari den nahasmendu klimatikoarekiko, dituzten ondorioen heinean.
Azken ikerketek erakusten dutelarik +1,5°C muga kritikoa gainditzeko parada badela 2024tik beretik, aurre ikusten den hondamendia ahal bezain bat mugatzeko eta gelditzeko, esfortzu kolektiboaren mailan nehork ezin du bere burua dispentsatu ekarpen aktibo baten egiteaz.