Urte bat Fukushima eta gero
Iparraldetik 200 kilometro eskasetan, Garoñako Zentral Nuklearra eraikia izan da 1966 eta 1970a artean. Hots, Fukushimakoaren ber garaian, Fessenheim-ekoa baino askoz lehenago. Español gobernuak nahi du haren biziraupena luzatu hainbat urtez, nahiz eta zentral horrek ainitz arazo ezagutu dituen eta ezaugarri arras zaharkituak dituen. Baionan, 2012ko martxoaren 11an, igandearekin, jende kate batek nuklearretik ateratzea eta Garoñako zentralaren berehalako gelditzea aldarrikatuko du.
Aintzineko egunetan Ainiza Monjolosen, Mugerren, Donibane Lohitzunen eta Baionan iraganen diren hitzaldiek energiari buruzko eztabaida hasiko dute. Noski, bertan nuklearretik ateratza aipatuko da. Fukushimako zorigaitzak bortizki inposatu du Japonian. Hara nola, Japoniaren elektrizitatearen %30a hornitzeko aktibitatean ziren 54 erreaktore nuklearretarik 49 hetsiak diren gaur egun! Hots, zonbait hilabetez posible izan dena, eta han inolako preparaketarik gabe, ez litaike posible hemen, zonbait urteren gainean planifikatuz? Horiz zehaztu nahi dugu…
Baina nuklearretik haratago, bera bezain larriak diren beste lanjer batzuk hor daude. Petrolioa, gasa edo ikatzaren konbustioek, batzuk 2050eko aurreikusten duten klima uzkailketara zuzen eramaten gaituzte. Orduan posible dea, gaur egungo teknologiekin, nuklearretik ateratzea eta aldi berean petrolioa, gasa eta ikatzik gehiago ez erabiltzea? Baietz diote Negawatt gidoiaren adituek, gehituz trantsizio energetiko honek gainera enplegu deszentralizatuak sortuko dituela lurralde osoan, eta arrunt bestelako bizi kalitate bat ekarriko digula.
Zer nahi izanik ere, hartaratu beharko da petrolio oparoa eta merkearen garaia itzaltzekotan baita. Energia merkean erabat oinarrituak diren gure gizarteak inarrosiko ditu (garraioak, laborantza, industria, merkataritza, osasuna, aisialdiak, bizitegia, lurralde antolaketa etab.). Gaurko belaunaldiak, haien guraso eta aitamatxien mundu arras desberdin batean biziko dira. Pixka bat errazago izanen zaie horri egokitzea pertsonak eta lurraldeak trantsizio hau gaurtik beretik prestatzen hasten badira, azalduko digute Patrick Baronnet eta Benoit Thévard-ek.
Zenbait egun gogoetatzeko eta etorkizun hobe bat prestatzeko, hona gure ekarpena, aldi berean anbiziotsu eta xumea, Fukushima-ko dramaren lehen urtebetetzearen ospakizun honetan.