Urtarrilaren 9ko deia: zerga ihesa auzitara dezagun!

Zerga iruzur eta ihesa urtero 60 eta 80 miliar euro artean gostatzen zaio Frantses Estatuari, eta 1 000 miliar euro Europari. Mundu mailan, 20 000 miliar dolar zerga paradisuetan aterpetuak direla estimatzen da.

Izigarriko dirutza horiek herri finantzei falta zaizkie, eta gure eskolen, haurtzaindegien, garraio publikoen bizitegien, harrera guneen, hospitaleen, justiziaren, etabarren finantzatzeko baliabideez gabetzen gaituzte, langabezia, pobrezia eta ezberdintasunak emendatzen direlarik.

Dirutza horien eskasia gorria da krisi ekologikoa larriagotuz baitoa eta nahasmendu klimatikoaren lehen eraginengatik eta gerlaren ondorioz munduan zehar milioika pertsona migratzera behartuak dira.  Sozialki zuzenagoa, enplegu sortzailea eta ekologikoki jasangarria den jendarte bati buruz doan trantsizioaren alde urgentzia osoz engaiatu behar dugu. Desafio horren altxatzeko, finantza baliabideak behar dira, zerbitzu publiko indartu batzu eta partekatze eta elkartasun baloreen inguruan elkarretaratu behar dugu.

Horren ordez, bankuek zinezko zerga ihesaren industria antolatzen dute, dirudun handienak eta multinazional boteretsuenak gero eta aberatsagoak izan daitezen (Cahuzac, HSBC, Luxleaks, Panama Papers, etab. eskandaluak)  finantza publikoak bipilduz.

Zerga delitugileek ia impunitate osoa duten bitartean, Antoine Deltour, Raphaël Halet eta Edouard Perrin deiadar-joleak dira gaur egun auzipetuak. 2017ko urtarrilaren 9an, Akizen, Jon Palais, BNP-ren eginkizuna zerga ihesaren sisteman salatzeagatik auzipetua izanen da lehen «aulki bahitzaile» (1) gisa.

Horregatik, 2017ko urtarrilaren 9an, Akizen behar dugun egiazko auziaren egitera deitzen dugu: zerga ihesaren auzia egitera! Bertan zerga ihesaren kontrako borrokaren katebegi bakoitzaren indartzea aldarrikatuko dugu:

  • Finantza delitugileen aurka inplikatuak diren administrazioetako langile eta baliabideen indartzea: Finantza Publikoen Zuzendaritza Orokorrarena  (DGFiP),  aduanena, Tracfin-ena, diru zuritzearen kontrako borrokaz arduratzen den Ekonomia eta Finantzaren Ministerioaren organismoarena,… 2 urtez 10 000 ikuskatze enplegu sortuz.
  • Bercy-ko kisketaren desegitea, Bercy-ren monopolioari bukaera emanez zigor auzitegira jaukitzeen alorrean eta Zerga-arau hausteen Batzordea ezeztatuz.
  • Zerga poliziaren, BNRDF (Zerga Delinkuentziaren Errepresiorako Brigada Nazionala) eta Finantzaren Ministerio Publikoko magistratuen langile kopuruen eta ikerketa ahalen indartzea.
  • Zerga iruzurgileentzat eta hauen laguntzaile direnentzat (kontulariak, abokatuak, bankariak, kontu mandatariak,…) zigor aukerak irekitzea: erantzukizun pertsonala, presondegi zigorrak, kudeaketaren edo lanbide baten betetzearen debekatzea, eskubide zibilen kentzea, hautesgarritasunik eza dakarten zigorrak.
  • Goi-funtzionarioentzat banku pribatuetan lan egitea debekatzea eta alderantziz.

Herritar mobilizazio zabal batera dei egiten dugu 2017ko urtarrilaren 9ko, Akizen gertakizun indartsu eta inspiratzailea antola dadin, aldi berean besta girokoa eta aldarrikatzailea, zerga ihesaren eta zigorgabetasunaren kontra, eta trantsizio sozial eta ekologikoaren finantzamenduaren alde!

(1) “Faucheurs de chaises” edo «Aulki Bahitzaile» mugimenduak zerga ihesean  inplikatuak diren bankuetan herritar aulki errekisizioak burutu ditu. Denak bortxa-gabe eta begitarteak agerian eginak izan diren ekitza horiek hamarnaka pertsonalitatek 196 aulkiren errekisizioa egiteko izenpetu deiari erantzuten zioten. Aulki horiekin, COP21aren garaian, 2015eko abenduaren 6an, Montreuil-en Nazioarteko Gailur bat antolatua zen, zerga ihesari eta trantsizio sozial eta ekologikoaren finantzaketari buruz.

 

Lehen izenpetzaileak: 

Association Nivelle-Bidassoa, association Action Citoyenne Environnementale, Bizi, CADE, Villefranque Cadre de Vie, Mouguerre Cadre de Vie, Eguzki, Stop Mines EH.
Comité pour la Défense des Droits de l’Homme en Pays Basque, Emmaus Tarnos, Inter AMAP Pays Basque.
Union locale CGT de Bayonne, CGT Cheminot de Bayonne, CGT Cheminots Hendaye, Union locale CGT Hendaye, ELA sindikatua, ESK, syndicat ELB, CNT Euskal Herria.
Aitzina, Démocratie et Socialisme, EELV Pays Basque, Ensemble Pays Basque, EH Bai, NPA.