524 kide Bizi! mugimenduan! Lortu dugu!
Larunbata honetan, ekainaren 24ean, Bizi! euskal mugimendu altermundialistaren sortzearen 8. urtemugan, ekaina hastapenean gure buruari finkatu genion helburua lortu dugu.
Azken aste hauetan zuen artean mugitu diren guziei esker lortu dugu laguntzaileen konbentzitzea kidetzaren pausuaren emaiten! Txalo handi bat eta eskerrik beroenak deneri!
26 aldiz gehiago:
2009ko ekainaren 24ean, Bizi! elkartea sortu delarik, 20 kide ginen, eta gehiengo handi bat gizonezkoez osatua. 8 urte eta gero 26 aldiz gehiago gira. Eta gizon bezain bat emaztek kidetzaren hautua egin dute (eta egia erran emazte gehiago kidetu dira azken kanpaina honen karietara, sortu girenetik geroz Bizi!k antolatzen duen lehena).
Gure elkartearen indartze honek laguntzen gaitu hobeki lan egiten eta eragin gehiago ukaiten. Guretzat klima aldaketaren kontra daramagun borrokan, trantsizio sozial eta ekologikoaren alde, datozen urte eta hamarkadetan krisi eta erronka hauei gure lurraldeak hobeki egokitzeko behar diren alternatiba zehatzen eraikitzean eta indartzean eraginkorragoak izaitea da helburua.
Ondorioz, noski, ez da arrazoin izpirik 524 kide kopuru honetan egoitea. Segi dezagun aldi oro gero eta gehiago pertsona Bizi!ko kide bilakarazten mugimenduaren lana eta ekintzen sustengatzeko!
Desafio berria:
Datorren desafioa militante eta laguntzaile gehiago beren gaitasun eta arduretan indartzea da. Xede horrekin, Bizi!k antolatuko du osteguna uztailaren 13tik osteguna uztailaren 20ra arte formakuntza aste intentsibo bat Donibane Garazin. Estrategien, ekintzen, kanpainen, alternatiben eta jitekoak diren lan sail eta proiektuen animatzaile eta koordinatzaile gehiago formatzeko.
Milesker eta txalo bero bat deneri!
Bizi !