
Maiatzaren lehenean Trump eta haren munduaren aurka manifestatzera deitzen dugu.
Mundu bat non lehen potentziako lehendakaria Parisko Klima Akordiotik ateratzen den, eta “drill, baby, drill” bere leloa egiten duen energia fosilen alde erabat apustu eginez, hondamendi klimatikoak ugaritzen diren bitartean eta behartsuenak bete-betean jotzen dituztenean.
Mundu bat non XXI. mendeko baliabide estrategikoak bereganatzeko, Trumpek munduko ekonomia ezegonkortzen duen merkataritza gerla bat daraman, bere erokeria espantsionistei bidea libre utziz, hala nola Groenlandia eta Panamako ubidea bere menean hartuz, Gazako lurraldea “Ekialde Hurbileko paradisua” bihurtuz, bere aliatuen xede kolonialistak faboratuz, Errusiatik Israelera.
Mundu bat non langileen eskubideak, demokrazia, humanismoa, zientzia zangopilatuak diren: langile kanporatzeak hamar milaka egun batetik bestera, migratzaileen deportazioa mugara, emazteen eskubideak urratuak, transgeneroen aurkako neurriak, funtzio publikoaren, unibertsitateen eta ikerketaren ahalen murrizketa zorrotzak, eta, aldi berean, desinformatzeko tresna eta konspirazioa sustatuz.
Nonahi munduan, agintari atzerakoiek, aberats handienen laguntzarekin, herriak elkarren kontra altxatzen dituzte eta mandatariak izendatzen beren boterea segurtatzeko, beren balioak inposatzeko eta gure gizarte demokratikoen hesiak hausteko. Hitz elektoralista engainagarriak izanik ere, herritar xumeen klaseak izanen dira norabiderik gabeko ihesaldi horren biktimak.
Horrela tentsio geopolitikoek 800 miliar euro ematera bultzatu dute Europa, haren “berriz armatzeko”. Eta Frantziak bere armamendurako dirutza BPGaren % 2,1etik % 3,5era pasa nahiko luke. Erretreten legearen negoziaketak berriz abiatu diren bitartean, batzuek diote lana gelditzeko adina oraindik gibelatu beharko litzatekela gerla honen diruztatzeko.
Aurrekontua gerla ekonomiarantz bideratzen den bitartean eta milioidunek gero eta aberastasunaren zati handiagoa monopolizatzen dutenean, benetako lehentasunetatik urruntzen ari gara: klima aldaketaren aurkako ekintza finantzatzea, aberastasunak partekatzea desberdintasunen aurka borrokatzeko, hezkuntzan, osasunean eta etxebizitzetan inbertitzea, hau guzia defentsa politika alternatibo bat sostengatuz.
Alternatiben eta borroken laborategia den Euskal Herria, Trump eta haren lagunen munduaren kontrako erresistentzia lurraldea da. Sindikatuetako antolakuntza kolektiboa, laborantza herrikoia, tokiko moneta, laborantza lurren zaintzea, berrerabilpena eta konponketa, auzo batzordeak, energia berriztagarri eta herritarrak, tokiko kooperatibak: Trumpen munduaren menpe ez egoteko, tokian tokiko alternatibei lehentasuna eman diezaiegun.
Ez dezagun gehiago gainetik etorriko zaigun aterabiderik igurika. Hemen, eraiki dezagun alternatiba, bakean eta elkartasunean oinarritutako gizarte eredu iraunkor eta burujabe baten alde!
Bizi!-k eta Alda-k hitzordua ematen dizuete maiatzaren 1ean, ostegunez, 10:45ean Baionako Errepublika plazan, elkarrekin manifestatzeko!