San Balendin kari, originaltasun eta ausardia gutizia dut!

San Balendin kari denbora goxo eta on bat partekatzen baginu, ondasunen partekatzeko ordez ?!

Beherean diren bi gutunak Charlotte eta Julie-k, Jon eta Léa-k, Ainhoa eta Iban-ek, Stéphane eta Txomin-ek, Marie-Louise eta Raymond-ek, Philippe eta Edouard-ek… idatziak ukaiten ahal zituzten… San Balendin, ospatzen da… edo ez! … Eta horrek ez du uros izaitea saihesten! Eta San Balendin, egunero balitz?

« Maitia,

Laster San Balendin dugu, eta zerbait badut nik zuri erraiteko… ez zaitut ez  gaitzitu nahi… ondorioz… ez denez errexa… nahiago dut idatziz arizan…

Duela zonbait hilabete, biziki inportantea da enetzat ahalik eta ondarkin guttien sortzea… eta badakit ez zirela arras ados. Proposatzen dautzudalarik saski eta zaku ber-erabilgarrien erabiltzerat, errefusatzen datazu eztiki esplikatuz “ez duzula erosketen egiteko buru hausterik nahi”. Zure hautua da eta errespetatzen dut. Eta nahi nuke ere gai horri buruz zuk eneak errespeta ditzazun. Gainea aurten, engaiatu niz ez deus berririk erostea. Aipatu dautzut, eta irriño bat egin datazu… Eta egia erran, gai hori aipatzen dudalarik, beti badut sentsazioa zuretzat extra-lurtiarra naizela…

Ondorioz, aurten, San Balendin kari, gogoa dut zerbait elkarrekin egitea, zerbaitek… bier plazerra ekartzen duena.

Dudarik gabe arreta handiz hautatzen dituzun lore sortaz eta xokoletaz aldatuko du…  Originaltasun eta ausardia gutizia dut!

Ondorioz prestatu dautzut elkarrekin egiten ahal ditugun hainbat gauzen zerrenda bat... bakarrik hautua egitea gelditzen zaizu:

  • Itsas Arima elkartearekin itsasontziz itzuli baten egitea
  • Baiguran jauzi bat parapentez egitea
  • balneoan egun bat iragaitea
  • masaje gaualdi bat egitea
  • kontzerto batera joaitea
  • sukaldaritza klase baten hartzea
  • gure mendi ederretan ibilaldi baten egitea
  • antzerkira ateratzea
  • arno jastatze tailer batera joaitea
  • nik apailaturiko kandela argitan eginiko afari erromantiko bat!
  • La Verna-ko hartzuloan espeleologia ateraldi bat
  • Do It Alone  edo Zuk Egin tailerretan parte hartu egunereko beharrentzat lagungarri diren ekoizpenen bakarrik egiten ikasteko
  • eguraldi onaren garaia itxoitea eta gau batez izarpean lo egitea

Zure zoriona kausitu duzu? Ez?

Jostakina zirenez, ondoko desafioa emaiten dautzu: luza gustian beste proposamen batzu! Ados?

Amultsuki besarkatzen zaitut… Zure Kolibria»

Erantzuna :

« Ene Kolibria
Hain untsa joaiten zaizu izen goiti hori.
Egia zure engaiamenduek inbaditzen nautela batzutan… eta berdin, ainitzetan! Beharbada arrazoin duzu, baina nik ez dut astirik!  Ainitzetan erraiten didazu nik mugitzeko itxoiten dutala oliba ondoek naturalki Gaineko bidea azpatu edo bazterkatu dezaten… eta orduan sobera berant izanen dela.

Desafiatzen nauzu nik zuri proposa dezadan zerbait, jakinez jostakina naizela. Orduan, jar zite, ene Kolibria, hara ene proposamena, originaltasun eta ausardiaz betea:

Duela bulta bat badugu eraikitzeko xedea, eta ez gira ados emaiten… Proposatzen dautzut energia pasibodun etxe baten eraikitzea, hots, egurrezko etxe baten eraikitzea. Aipatu didazu, eta informazioak bildu ditut gaiari buruz… Proiektu handia da… eta buru haustea izanen da ere… Erosketa saskiarentzat baino gehiago ene Kolibria!

Ordian, ados, zira?

Besarkada handi bat, ene Kolibria… eta laster arte!

OI : Otoi, geldi aipatzen oliba ondoen presentzia euskal lurretan, morala peko errekan ezartzen dit eta»

 

Informazio gisa, besta hau Europara jina omen da Bigarren Mundu gerla bukaeran Estatu Batuar soldadoekin. Geroztik besta komertzial arrunta bilakatu da. Baina maitasuna, merkantzia hutsa bilakatzen ahal dea?