Patxa plazaren geroa marraz dezagun!

“Patxa Plaza Kolektiboa” sortu zuten Baiona ttipiko herritar zonbaitek, “Patxondo”, “Baionako Zizpa Gaztetxea”, “Patxoki – Bizi” eta “Mami Txula” elkarteek. Baionako herriko etxearekin elkarlanean, herritar galdeketa antolatu zuen 2017ko urriaren 21ean, Baiona ttipiko Patxa plazaren erreberritzeaz. Helburua zen Baiona ttipiko bihotzean kokatua den plaza honen gerorako konponketa eta erabilpenen irudikatzea, behin aparkalekua kenduta.

Herri galdeketak eta kolektiboak herriko etxearekin batera ereman duen lanak, ahalbidetu du proiektu baten irudikatzea, eta gehiengoak nahi duena definitu ahal izan da:

– Aparkalekuaren kentzea,

– Zoluaren berregitea, espazioaren begetalizazio, gauetako argiztatzearen hobetzea,

– Jendea elkar ezagutzeko ekimen ezberdinak burutzeko espazio bat,

– Zakar ontzien lekuz aldatzea,

– “Patxa Plaza” izenaren ofizializazioa.

Gehiengoaren oniritzia lortu ez duten beste hainbat pundu bozkatzera ezarriak dira. Pundu hauen artean batzuk besteekin bateragarriak dira, beste batzuk kontraerrankorrak. Bizi-ren iritziz, Patxa plazak segitu behar du bazkari, kontzertu edota beste edozein gertakari antolatzeko gunea izaiten, kanpaina ezberdinei, mugimendu herritarraren eta tokiko edo auzoaldeko mugimenduaren beharrei erantzuteko, egin den bezala azken hamarkadetan. Plazaren eraldaketa bere nortasunaren errespetuan eta jarraipenean egin behar da, gaur egun betetzen duen funtzioarekin koherente izanez. Plaza horrek segitu behar du izaiten gune bat nun posible den gertakari zehatz baten antolatzea, eta horregatik preseski merexi luke material egokia instalatua izan dadin bertan (elektrika taula finkoa, ura ukaiteko sarbidea). Bizi-k azpimarratu nahi du arramoldatze finkoek (pik-nikatzeko mahaiak, arbolak, joko moduloak, baratzea egiteko espazioak), nahiz eta plazaren inguruan kokatu, trabatzen ahal luketela bazkariendako mahainen instalazioa, oihal etxe ttipien ezartzea bazkari horien estaltzeko edo erakusmahai batzuen ezartzeko, eszena ttipi baten ezartzeko, eta berez gaurko egoerari parekatuz horrek atzerapausua suposatuko luke. Azkenik, orroitarazi behar da arramoldatze horiek, Patxa plazan ez badira, Baiona hiri erdiko beste plaza batzuetan kokapen egokiagoa aurki dezaketela (pontrique plaza, réduit plaza, Paul-Bert plaza…).

Bizik bere lagun eta kideak, bereziki Baiona hiri erdiko biztanleak mobilizatzera deitzen ditu, bozka horretan parte hartuz :

– internetez otsailaren 2tik (ostirala) 9ra (ostirala)  : https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSf5z-VnumBJ9mg_bz861GJMFlqbqE6vPic8z018wpvSiHbX0w/viewform?usp=send_form

– Euskal Museoan otsailaren 9an ostiralez 12:30etarik 14:00etara eta 17:00etarik 20:00etara.

Otsailaren 9an ostiralarekin 20:00etan Euskal Museoan, emaitzak eta zintzur bustitzea izanen dira !