Bizi ! mugimenduak jendartea deitzen du larunbata, otsailaren 6an, Baionara mobilizatzea ahal bezain bat izaiteko goizaldean laborarien ondoan, eta arratsaldean trenbidetako langileen ondoan.
Elgarrekin larrialdi klimatikoarentzat deiadar eginen dugu eta justizia soziala aldarrikatuko dugu, guretzat eta gure haurrentzat jendarte eta planeta bizigarri baten defendatzeko!
Goizean, 11:00etan, giza kate erraldoi batek René Cassin, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren idazlearen sortetxea Baionako Suprefekturarekin lotuko du. [:]Katearen helburua, podere publikoei Euskal Herriko Laborantza Ganbara elkartearen kontrako jazarpen sistematikoaren gelditzea eta elkarte askatasunaren errespetua galdegitea izanen da. Ikus xehetasunak : http://www.ehlgdoitvivre.org helbidean.
Ahal bezain bat herritarrek parte hartu behar dugu, EHLG bakean bizitzen eta lan egiten utz dezaten galdegiteko. EHLGk azkartu dezan ahal bezain bat bere laborantza herritarra, iraunkorra, sozialki zuzena eta ingurumenarekiko arduratsuaren aldeko proiektua.
Arratsaldean, herritar mobilizazioak jarraitzen du, « Larrialdi ekologikoa, justizia soziala ! » lemarekin, San Ezpiritu auzoan CADE, CGT eta Bizi !k antolatzen dituztelarik hainbat ekitaldi.
Aldi honetan, SNCFak merkantzien garraioaren parte haundi baten deuseztatzeko dituen xedeak, « bagoi isolatuen » desagertzearen bidez, salatuak izanen dira. Frantses Estatu mailako plano zentzugabe horrek 1,2 milioi kamioi gehiago botako ditu bideetara eta trein-bideetako hainbat tokiko azpiegitura deseginen ditu eta kostaldean Fret SNCFak dituen 160 lanpostuetarik 65 kenduko ditu.
Elgarretaratze jendetsua iraganen da Baionan, 16:30tan, eta egun guzian filma, hitzaldi eta besta herrikoien jastatzeko parada izanen da San Espiritu auzoko gune ezberdinetan (Ikus programa zehatza: http://www.copenhague2009bizi.org/?p=1185)
Euskal Herriko Laborantza Ganbarako laborariak eta SNCF Fret kostaldeko trenbideetako langileak, bi langile kategoria ezberdin hauek erakusten digute korporatismo hertsia haundiki gainditzen duen ikuspegi bat. Gaur egun ondoko galdera pausatzen dute argiki : beren aktibitatearen erran nahia eta eragina jendartearen, ingurumenaren, osagarriaren, harreman sozialaren eta lurralde antolaketaren mailan. Biek justizia eta ongizate sozialaren eskakizuna larrialdi eta ardura ekologikoari batzen dituzte.
Horretan dira preseski bi borroka horiek eredugarriak eta geroari buruz esperantzaz beteak. Eta hortarako herritar, hautetsi, kontsumitzaile, langile, erabiltzaile, hiritar, baserritar, etabarrek holako aldarrikapenen eta egiteko moldeen indartzeko interes argia badugu!
Baionan, 2010eko urtarrilaren 27an,
Bizi !