Odéys, CAUE 64, Audap: Eragile gehiago sartu dira eraikin xuhurraren itunean

Etxebizitzaren nazioarteko eguna kari, BIZI elkarteak plazer handiz jakinarazten dizue Hego Akitaniako Eraikin Xuhurraren Itunak honako erakundeen sostengua jaso duela:

  • Odéys Akitania Berriko eraikuntza eta antolaketa iraunkorraren klusterrarena,
  • AUDAP Atlantikoko eta Pirinioetako Hirigintza Agentziarena,
  • CAUE 64 Pirinio Atlantikoetako Hirigintzako eta Ingurumeneko Arkitektura Kontseiluarena.

Ituna eraikitzaileei zuzendua zaie (eta bereziki hautetsiei), eta gakoak ematen ditu bizileku-proiektu sanoak, kalitatezkoak eta ingurumena errespetatzen dutenak programatzeko eta diseinatzeko. Xuhurtasun Zoriontsu eta Sortzailearen aldeko Mugimenduak eta BIZIko etxebizitza taldeak idatzi dute.

Berotegi gasen emisioak, artifizializazioa, energiaren kontsumoa, hondakinak, baliabideen agortzea: eraikuntzaren alorra lehentasunezko sektorea da metamorfosi ekologiko eta sozialerako.

Izan ere, eraikuntzen kokatzeari, formei, materialei, eta energiari eta ekipamenduei buruzko hautuek eragin handia dute ingurumenean, baina baita biztanleen osasunean eta ongizatean ere.