Claude Olive-i bizikletarentzat antolaketarik gabeko legez kanpoko bide arraberritzea planifikatzea leporatzen dioten zurrumurruei bukaera emateko, Biziko militanteek erabaki dute Angeluko auzapezaren ohore ekologista defendatzea eta egia berriz finkatzea, Herriko Etxearen seinaleen imitazioak plantan emanez.
Zurrumurru desohoragarria dabil duela zonbait egun Angeluko karriketan barna. Auzapeza, Claude Olive jauna, Brindos etorbidean legea urratuz antolaketa lanak egiteko prestatzen ari da, Angeluko PLUren orientazioei bai eta Ipar Euskal Herriko Mugikortasun Planarenei bizkarra emanez eta Herriko Etxearen aldizkarian agertzen diren asmoen kontra arizanez. Hori zinez anitz da gizon bakar batentzat!
Herriko Etxeko lehen hautetsiaren ohoreari eginiko afrontua garbitzeko xedearekin Bizik Herriko Etxeko komunikazioa segitzen duten bi panel informatibo prestatu ditu. Hara zer dioten:
“Bere engaiamenduak segituz, HEMEN ANGELUKO HERRIKO ETXEAK mozturarik gabeko eta adin guzietako angeluarrei egokitua den BIZIKLETA BIDE segurua ANTOLATZEN DU”. Elkarteko militanteek obrak hasiak dituen bidearen mutur bakoitzean panel bakoitza ezarri dute. Zalantzarik gabe, bere Herriko Etxearen metamorfosi ekologikoan hautetsi gisa izan duen parte-hartzeak gehiegi harturik, auzapezak ahantzi du bere zerbitzuei galdatzea herritarrei argi eta garbi informazioa pasatzea kalumnia akusatzailearen zirkulazioaren gelditzeko.
Adierazpen hauek Españako etorbidearen eta Tour de Lannes karrikaren artean, Brindos etorbidearen antolatzearekin hasten dira. Proiektu honek bi norabideko bizikleta bidearen antolatzea aurreikusten du lehen zati batean, Tour de Lannes karrikaren eta Belay parkearen pasealekuaren artean, mugikortasun aktiboa sustatzeko. Bigarren zatian, Belay parkearen eta Españako etorbidearen artean, mihi gaiztoek kalumniatzen dute. Diotenez, bizikleta bidea Españako etorbideraino luzatzeko ordez, bizikletarentzat mozturarik ez egiteko, gaur egun egiten ari diren lanek aparkalekuak sortzea aitzin ikusten dute.
Izpiritu triste hauek auzapezak bere Herriko Etxeko PLUari ez diola kasurik egiten uste dutela sinetsarazi nahi digute. PLUak bere PADDan (18. or.) baieztatzen duelarik: “Angelu “dena autoari” itzulia den hiriaren arketipoa da”. Baina egiazko auto pilaketen agertzeak, ingurumen-arazoei buruz kontzientziatzeak bezala, autoaren erabilera mugatzera gomitatzen gaitu, bidaiatzeko molde alternatiboak bultzatuz». Horregatik gomendatzen du “bide-sarearen zinezko partekatzea bereziki lehenestea, eta horrek ahalbidetuko luke:[…]
‐ lotura eztiak (espaloiak, bizikleta bideak) eta autobusentzat bakarrik diren bideak lehenestea.
Azkenik, garraiobide eztien erabilera sustatuko da, bai aisialdirako, bai eguneroko bidaietarako».
Ber maneran, fake news horien zabaltzaileek diote auzapeza ausartuko litaikela Euskal-Aturrialdeko Mugikortasun Planaren (PDM) kontra ekitea, azken honek bere Ekintza Planean diolarik (18. or.) “hiri-guneen erdian mozturarik gabeko bizikleta biderik ez egotea lurraldean bizikletaren erabilpenaren garapenerako oztopoa da. Noiztenkakoa eta partziala den antolaketa logika batekin hausteko, zinezko bizikleta bideak sortzea programatua, lehenetsia eta bazkideen artean partekatua izan behar da». Horrez gain (20. or.) dio “erosotasunaren eta segurtasunaren jarraipena bermatzen duten ibilbideen garapena ezinbestekoa da bizikletaren erabilpen erregularra ahalbidetzeko, jadanik konbentzituak direnetarik haratago“.
Kalumniatzaile hauek, gainera, sinesgarritzat jotzen dute Claude Olivek Angeluko Aldizkariaren 159. zenbakian adierazitako engaiamenduen arras kontrako garapena egiteko aukera ematea. Ale honetan Herriko Bizikleta Plana aipatzen da. Azken honi buruz (8. or.) agerian ezartzen da
“Helburua, batez ere, diren zati ezberdinen arteko mozturen murriztea da eta sare koherentea sortzea.[…] Ber izpirituan, bi gurpilen praktika garatzeko, eta ez bakarrik aisialdirako, baina bai etxetik lanerako joan-etorrientzat, errepideen garapen guziek bizikletaren lekua hartzen dute kontuan, eremuak toki aski uzten duen heinean».
Azkenik, itsuskerien erabiltzeko beldurrik gabe, hautetsi errespetagarria ingurumen-kodeko L. 228-2 artikulua urratzera ausartuko litaikela aitzinatzea ausartzen dira. 2019ko abenduaren 24ko “LOM” legearen ondorioz, gaur egun balio duen idazkeran, artikuluak dio hiriguneetan “Hiri bideak eraikitzen edo berritzen direnean […]bizikleta-bideak plantan emanak izan behar dira ondoko antolaketekin: bizikleta bide, bazterbide, bide berde, topaketa eremu”.
Kalumniatzaileen irudimen mugagabearen arabera, Claude Olive hirigintza-gomendioen taula baten interpretazio lauso baten atzean ezkutatzen da legea haustea justifikatzeko, lege artikuluan aitortua ez den 30 km/o gune bat atxikiz.
Aurrekaririk gabeko beroaldi segida bat berriz ere bizi izan dugularik, 40 °C-ra hurbiltzen diren tenperaturekin, nork sinesten ahal du auzapez batek joan den mendeko antolaketak bultzatzen segituko duela? Dena autoz egitera bultzatzen duen antolaketa mota bera eta garraioa frantses Estatuan eta euskal kostaldean berotegi-efektuko gasen isurpenen lehen iturria bilakarazten duen antolaketa. Bizik ez du sinetsi nahi hautetsi batek halako ospe galtzea jasateko arriskua hartuko lukeela. Are gehiago, Bizik ezin du pentsatu auzapezak Angeluko gazteei eta familiei bizikletaz ibiltzeko mozturarik gabeko antolaketa seguruak ukaiteko parada kenduko diela kirol eremu batera eta Cantau Lizeora joateko erabiltzen den bidean.
Gainera, elkarteak zalantza ttipiena balu angeluarren eskubideak urratzen dituen proiektu baten errealitatearen inguruan, afera justiziaren aitzinera eramateko helegitea prestatzen arizanen zen jadanik.
Lanak doi doia hasten dira. Obrek segituko duten bideak, azkenean, jendarte osoari erakutsiko dio Angeluko auzapezaren egiazko aurpegia: bere hiria birmoldatzeko premia ekologiko eta sozialaz jabetua den hautetsi batena, mugikortasun aktiboa sustatuz eta bere hiritarren gehiengoari segurtasunez zirkulatzea segurtatuz, angeluarren osagarria babesten duen aire kalitatearekin.