Bizi pozten da mugimendu abertzaleak martxoaren 31ko Aberri Egunean igorri duen seinaleaz.
Izan ere, Bagira prozesutik sortu den mugimendu abertzalearen datozen 10 urteetarako bide-orriak dio funtsezkoa izanen dela “artifizializazioa gelditzea, karbonoa atxikitzeko lekuak (oihanak eta hezeguneak) zainduz, garatuz eta indartuz, karbono neutraltasuna lortzeko ezinbestekoak baitira”.
Mugerreko hezegunea ederki sartzen da marko horretan.
Espero dugu Europako Zama Zentroaren ardura duen Tokiko Elkarte Publikoko lehendakaria den Alain Iriart auzapez abertzaleak eta Euskal Elkargoan kargua duten hautetsi abertzale guziek orientabide argi horien ondorioak aterako dituztela. Aukera baliatu behar da Mugerreko hezegunea eredu bilakatzeko, artifizializazioari uko eginez eta Enovisentzat alternatiba bat aurkituz.
Mugimendu abertzaleko kideei dei egiten diegu bide-orriko norabideak gaur berean aplikatzeko, Mugerreko hezegunearen aldeko petizioa izenpetuz eta partekatuz.