Bizik 300 zapata pare utzi ditu Euskal Hirigune Elkargoaren egoitza aitzinean, Enovis enpresarentzat konponbide bideragarri ezaz ohartarazteko. EHEk Mugerreko hezegunean proposaturiko kokapenaren ilegaltasun nabariak enpresaren 300 lanpostuak mehatxatzen ditu. Elkarteak galdegiten du ordezko aterabide bat aurki dezaten ahal bezain laster, aldi berean hezegunearen babestea eta tokiko enpleguen atxikitzea segurtatuko duena.
Bizik 300 zapata pare utzi ditu astelehen honetan apirilaren 22an, Lurraren Eguna kari, Euskal Hirigune Elkargoaren (EHE) Baionako egoitza aitzinean. Horrela, adierazi nahi du EHEren norabide aldaketa eza ez dela berri ona ez ingurumenarentzat, ez Enoviseko 300 langileen enpleguentzat.
Elkarteak EHEren erantzukizuna azpimarratzen du, enpresari proposatu baitio Mugerreko hezeguneetako 4 hektareatan jartzea, hau argi eta garbi legez kanpo izan arren. Alabaina, “lehentasunezko” gisa sailkatua den hezegunea suntsituko luke horrek, SAGE Adour Aval-en araudiak (Uren Antolaketa eta Kudeaketa Eskema) horren artifizializatzea debekatzen duelarik. Beraz, ezinezkoa dirudi enpresa eremu horretan plantatzea.
Bizi EHEko lehendakari Jean-René Etchegaray-ekin bildu zen martxo hastapenean eta Mugerreko hezeguneak artifizializatzeko ezintasuna jakinarazi zion. Elkarteak ez du berririk geroztik. “Jarrera hori jasanezina da. Azkenean enpresa beste leku batera joanen da, zinezko aterabide bat laster aurkitzen ez bazaio. 300 tokiko lanpostu arriskuan leudeke orduan “, dio Biziko bozeramaile Elouan Trichard-ek. Elkarteak alternatibak iradoki zituen, jada artifizializatuak diren lursail batzuetan, eta enpresaren beharrei erantzunen zieten lurrak bilatzeko deia luzatu zuen ere.
Bizik gogorarazten du hezegune horien garrantzia; izan ere, klima-aldaketatik biodibertsitatearen hondamendira arte, egunetik egunera areagotzen ari diren krisi ekologikoei konponbidearen zati bat ematen baitiete. Bestalde, Enovis enpresarentzat jadanik artifizializatua den leku baten ezagutzeak Euskal Elkargoa lagunduko luke 2021-2031 hamarkadarako artifizializazioa %50 murrizteko lege-helburua betetzen, aitzineko hamarkadaren aldean, Zero Artifizializazio Garbiaren helburuaren karietara.
“Lurraren Eguna ospatzeko data hau baliatu nahi dugu berresteko lurraldeko aktibitate ekonomikoa eta gure bizi-baldintzak finkatzen dituzten erronka ekologiko nagusiak uztartzen dituen bide bat badela, dio Maina Rivière-ek. Horixe da Mugerreko hezeguneen kasua, eta, oro har, Euskal Herri zuzen, jasangarri eta bizi baterako segitu behar den norabidea da. Elkargoa iritzi berekoa izatea espero dugu”.