Migrazioa: zubiak eraiki ditzagun, ez harresiak!

Beren erreferentziak, beren lurra, beren hurbilekoak, beren familia, beren sustraiak utzi; errepideetan beren bizitza arriskuan ezarri, Mediterraneoa zeharkatu nahian, herrialde ezezagun batera heltzeko, asko dira bide luze eta arriskutsu hau egin behar dutenak. Gerla, errepresioa, miseria edo hondamendi naturaletatik zuzenean ihes egitea ez bada, emazte, gizon eta haur horiek beren etorkizuna zalantzan ikusten duten eskualdeetatik alde egiten dute.

Mendebaldeko herrialdeek eginkizun garrantzitsua betetzen dute bahituak diren etorkizun horietan. Kolonialismoaren, lurren eta baliabideen bidegabeko desjabetzearen, gizakiaren esplotazioaren eta kulturen desjabetzearen artean, Hegoaldeko herrialdeetako biztanleentzat gauza guti gelditzen zaie ondare gisa, erbestearen beharra aparte. Horri gehitzen zaio, duela urte batzuk orain, herrialde industrializatuak historikoki erantzuleak diren klima aldaketaren eraginak. Ingurumenean duen eraginaren ondorioz (edateko uraren xuhurtzea, itsas mailaren gorakada, hondamendi naturalen maiztasunaren areagotzea, idorteak), klima-aldaketa horrek herrialdeetako eta eskualdeetako bizi-baldintzak jasanezinak bihurtzen ditu, populazio osoak mugitzera bultzatuz. Baina klimaren zaintzea ez baita buruzagi politikoen lehentasunetan, segur da XXI. mendea migrazioarena izanen dela.

Migratu egokitzeko

Betidanik, bide berri batzutara migratzea zailtasun sozioekonomikoei, gatazkei eta ingurumenaren andeatzeari egokitzeko modua izan da. Fenomeno global eta sistemiko baten aitzinean, ezin dugu segitu giza ondorio dramatikoak dituzten politika murriztaile eta sinplistak hartzen. Beren oinetan lehorreratu eta metatzen diren hamar milaka gorputz, beti goragoak eta zeharkaezinak diren harresiak eraikitzea ez da aterabidea. Horregatik, migrazioa onartu behar dugu eta mundu mailako ingurumen arazoen parean ondorioetako eta biziraupenaren aterabideetako bat bezala ikusi behar dugu. François GEMENNE, klima aldaketaren eta migrazioaren gaietan ikertzaile eta aditua, jarrera horren aitzindaria da.

XXI. mendeko erronka estrategikoetako bat ulertu

Ikertzaile engaiatu hau azaroaren 5ean, osteguna, arratsaldeko 7etan, Biziko migratzaileak taldeak antolatutako “Klima Aldaketa eta Migrazioa” bideokonferentziako gomitatuetako bat izanen da! Gure mendeko bi erronka nagusi horiek nola lotuak diren erakutsiko digu, haiei hobeki erantzuteko. Bere ondoan, Peul leinuko OUMAROU IBRAHIM ekintzaile nekaezinak Txadeko aintzirako eskualdearen egoeraren lekuko izanen da, klima aldaketaren eraginak populazio osoak larriki hunkitzen baititu.

Bideokonferentziaren bigarren zatiak Iparraldea izanen du ardatz, azken urte hauetan Magrebetik eta Mendebaldeko Afrikatik iragaiten diren migratzaileendako pasabide bat bihurtu baita. Thomas SOMMER-HOUDEVILLLE ikerlariak azalduko du nola elkartasun lekua den Euskal Herriak ahalbidetu dituen migratzaileendako elkarte eta laguntza sare anitzen sorrera.

EtorkiZUna – Euskal Herria harrera lurralde baten alde aritzea

Arratsaldea bukatzeko, migratzaileen aldeko harrera eta elkartasuna Iparraldean Webgunearen atari berria aurkeztuko da. Lineako tresna hau asmatua izan da denei, bakoitzak bere mailan, elkar laguntza sarean parte hartzeko, bere ahalen arabera eta nahi izanez gero. Gaur egun elkartasuna erakustea, gure sistemaren alde bortitzari buru egitea baita. Baina, batez ere, biharko Euskal Herriaren oinarria den gizarte zuzenagoa, baketsuagoa eta gizatiarragoa eraikitzea da.


Sinatzaileak: Gabrielle Arestegui, Elise Ayrault, Neizha Ben Amrane, Romain Dussault, Jean-Marc Sarthou, Doris Uebel