Migratzaileak: 30 bolondres “Haiek, gu dira!”, José Bové barne
Migratzaileak: 30 bolondres “Haiek, gu dira!“, José Bové barne
30 bolondres “Haiek, gu dira!” José Bové barne,
asteartean, apirilaren 3an 9:00etan, Hendaiako Erretentzio Zentroan aurkeztuko dira,
migratzaileentzat diren 30 tokien hartzeko
Astearte honetan, apirilaren 3an, goizeko 9:00etan, Frantses eta Espainiar Estatuen arteko mugatik bi urratsetan, 30 bolondres, José Bové barne, aurkeztuko dira Hendaiako erretentzio administratiboko zentroaren ateen aitzinerat, bertan migratzaileentzat diren tokien hartzeko.
30 toki dituen erretentzio zentro horrek apirilaren 3an behar du ideki, eta migratzaileek behar lukete segidan bertara eramanak izaiten hasi.
Apirilaren 3 honetan ere hasiko da Gérard Collomb-en “Geriza eta Immigrazioa” lege proiektuari buruz eztabaida parlamentuko batzordean. Testu horrek aurreikusten du erretentzio denbora 45 egunetik 90 edo 135 egunetara luzatzea.
30 “Haiek, gu dira!” horiek saiatuko dira erretentzio administratibo zentroan sartzera, bertan migratzaileen ordez egoiteko.
Jendetasun, harrera, partekatze eta elkartasun baloreei atxikiak diren pertsona guziak deitzen dituzte beren segitzerat, astearte honetan, apirilaren 3an, 9:00etan, Erretentzio zentrorat, 1, Joliot Curie karrikan, poilizia-etxe ondoan, eta Hendaiako tren geltokitik hurbil.
“Behar dugu ahal bezain kopuru handian mobilizatu, hobengabeentzat diren zinezko presondegi horien errefusatzeko, eta Collomb lege proiektuak aurre ikusten duen erretentzio iraupenaren bikoizte edo hirukoizteari ez errateko! Harrera eta elkartasuna oinarritzat dituzten politikak nahi ditugu eta ez berekoikeria et presondegiratzea” adierazi du Jon Palais, ekintza horren jatorrian den Bizi! Euskal mugimendu altermundialistako Koordinaketako kideak.
Bizi!ko kide den Florence Warembourg-entzat, “Erretentzio zentro horretan sartu nahi dituzten migratzaileak ez dira gu baino hobendunagoak. Bertan atxilotuak dira, bizia ezinezkoa bilakatu den munduko parte batean sortzeagatik, gerlatik edo miseriatik ihesi egiteagatik. Zein erretentzio zentrotan atxilotuko gaituzte bihar, aldaketa klimatikoak sortutako ozeanoen igotzeagatik bizia ezinezkoa bilakatuko balitz euskal kostan? Migratzaileek babesaren eskubidea dute eta ez presondegiratzearena!”.