Martxoaren 30a: Mugerreko Hezegunean egun bateratzaile eta atsegina

Larunbat honetan, 2024ko martxoaren 30ean, 150 lagun elkartu dira Mugerreko hezegunean Bizi! elkarteak deiturik. Lagunarteko giroa izan duen egun honek elkarteak batu ditu eta hainbat jardueratan parte hartu duen publiko kuriosa eta kartsua erakarri du. Roland Hirigoyen auzapezari hilabete bat xuxen gelditzen zaio Mugerreko Hezegunearen gupidesteko, antolaketa-baimena kenduz eta Enovis enpresari beste kokapen bat proposatuz.

 Martxoaren 30ean larunbat honetan parioa irabazia Europako merkantzien zentroaren handitzearen eta Enovis enpresa Mugerreko Hezegunean instalatzearen kontra mobilizaturiko elkarte eta bizilagunentzat. 12:30etatik 17:00etara, herritarrak hurbildu dira mehatxaturiko hezegune hauek ezagutzera.

Inguruko herrietatik, familian edo lagun artean etorri adin guzietako parte hartzaileek, artifizializazio proiektua eta bere ondorioak ulertzeko parada ukan dute, instalazio hidraulikoak bisitatuz edo guneko biodibertsitate aberatsa ezagutuz eta beren sustengua erakutsiz argazki kolektibo baten karietara edo petizioa sinatuz. Baina egunak bere izaera atseginagatik ere arrakasta kausitu du: haurrendako marrazki tailerrak, jokoak, Hezegunearen babestearen aldeko txapen egitea, bazkari partekatua… Balio handikoa eta hauskorra den ekosistema honen historiarekin eta paisaiekin hurbiltasuna biltzen lagundu gaituzten hainbat jarduera.   

Elkarte askok erantzun diote Biziren deialdiari! hala nola, duela aspaldi inplikatuak diren Mouguerre Cadre de vie eta CADE-ek, baina baita ere Vue d’Ensemble kolektiboa, Terre Buissonnière ingurumen sentsibilizazio elkartea, Eveiller sa nature-eko botanikariak, Uramap uraren kalitatean espezialistak, edota  Angeluko ​​Juzan oihana defendatzeko mobilizatua den Juzan Vivant. 

Elkarteek elkarretaratze hau baliatu zuten Hezegunearen garrantzi ekologikoa gogora ekartzeko. “Gure mundua itzulipurdikatuko da: uholde arriskua handitzen ari da, biodibertsitatea kolpez erortzen ari da, klima aldaketa bizkortzen ari da, ur baliabideak murrizten ari dira… Hezeguneek nahasmendu horiek mugatzen laguntzen gaituzte, eta gero eta maizago gertatuko diren muturreko gertakarietatik babesten» erran du Emma Tosini Biziko bozeramaileak egun horren karietara.

Elkartearentzat, Mugerreko Hezegunearen  inguruan nabarmendu diren erronkak eta hautu politikoak tokiko problematikatik haratago doaz. «Hezegunearen babestea elkargo mailan seinale indartsua izanen litaike, segitzen du Emma Tosinik. Ezin dugu onartu karbono-biltze gune tipienaren suntsitzea, zeren gune horiek klima-aldaketa mugatzen laguntzen dute eta karbono-neutraltasunerantz aitzinatzen ere. Horrek ere erakutsiko luke Ipar Euskal Herrian zinez gure lurralde-antolaketaren logika aldatzen hasiak girela, klima eta erresilientzia legeak plantan eman Zero Artifizializazio Garbi-ari buruz joateko antolatuz».

Bizik jadanik 1.300 sinadura baino gehiago bildu dituen petizioa zabaltzeko deia luzatzen du, eta ondoko ekintzak prestatzen ari dela iragartzen du Roland Hirigoyen Mugerreko auzapezak Mugerreko Hezegunea gupidetsi dezan, antolaketa baimena kenduz eta Enovis enpresari beste leku bat proposatuz 2024ko apirilaren 30eko epea aitzin.