Martxoaren 22ko Manifan parte hartzeko deia

Bizi!k, Baionan, ostegun honetan 10:30ean iraganen den zerbitzu publikoaren defendatzeko manifestaldian parte hartzera deitzen ditu herritarrak. Alabainan, eta tamalez, Bizi!rentzat argi da Emmanuel Macron Presidenteak babesten duen Edouard Philippe-en gobernuak estrategia liberala bat jarraitzen duela eta horrek ondorio kaltegarriak dakarzkiela klimarentzat eta joan etorri moldeen edo garraiobideen arloko zuzentasun sozialarentzat.

Estatu Frantsesean, SNCFa sortu zenean tokiko bideak konduan hartuz 60 000 km trenbide baziren, eta orain garaian baino bi aldiz burdinbide guttiago atxemaiten dira, hots 30 000 km. Nahiz eta ingurumenarekiko errespeturik handiena eta arrisku guttien duen bai eta sozialki zuzenena izaiten ahal den garraio moldea izan, trenbide garraioak jende eta merkantzien garraioaren %10a baino guttiago ordezkatzen du. Hots, trenbideak garraioek dituzten energia kontsumoen %2a ordezkatzen ditu eta berotegi efektuzko isurketen %1a(*).

 

 

Gaur egun den gobernuak, duela hainbat urte, aintzineko gobernuek eraman politika aplikatzen jarraitzen du. Politika horren helburua trenbidezko joan-etorrien pribatizazio osoa da. Hori jadanik egina izan da autobideentzat. Helburua enpresa publiko zoragarri bat makina kapitalistari merke saltzea da. Jukutria sobera ageri da: trenbide langileak aberats batzurentzat kontsidera araztea, jakinez egiazko aberatsak zerga optimizazio eta ihesa praktikatzen dituzten %1eko aberatsenen multxoan direla. Ez dituzte funtzionarioen edo trenbide langileen aipatu estatus-ek jendartearen loratzea kaltetzen, baizik eta %1 delako horien parte hartze guziz eskasak.

Nahiz eta gobernuak, gure gero klimatikoaren arloan kalteen mugatzeko xedea dutenen lasaitzeko, zonbait froga eman nahi dituen (itxurazko pausak hainbat GPII edo Inposaturiko eta Behargabeko azpiegitura Proiektu Handietan, Spinetta txostenak aholkatzen duenaren kontra, tokiko garraio zerbitzuen segurtatzearen aldeko mezua), itzul-inguruka ibiltzeko estrategia horren helburu zehatza SNCFaren eta trenbide langileen estatus publikoaren ezeztatzea da. Bizi!k herritarrak deitzen ditu adi egoitea eta:

  • zerbitzu publikoen defentsaren aldeko manifestaldian, ostegunean, martxoaren 22an 10:30ean Baionan parte hartzera
  • SNCF-aren Eskualdeko Komite Ekonomikoko hautetsiekin, eta CADE-en partaidetzarekin antolatua den “Transport de marchandise, changeons d’ère” dokumentalaren proiekzioan parte hartzera, ostiral honetan, martxoaren 23an, 19:00etan, Baionako Atalante zinegelan.

 

(*)Paul Aries-en artikuluaren arabera: www.legrandsoir.info/pour-un-plan-b-ecolo-et-social-a-la-sncf.html