Alda eta Bizi elkarrekin atera dira euripean Baionako karriketara maiatzaren 1eko manifestazio tradizionalaren karietara. Haien animazio eta antzerki ironikoekin, bi elkarteek eskaera seriosa egin dute: hots, “aberatsak zergapetzeko”, horri esker justizia soziala eta eraldaketa ekologikoa diruztatu ahal izateko.
“Zergapetu ditzagun aberatsak” aldarrikatuz atera da Baionako karriketara Bizik eta Aldak antolaturiko jende lerro alai, umoretsu eta deliberatua, 2024ko maiatzaren 1eko asteazken honetan. Han bildutakoek altxatu pankartetan irakur zitekeen aldarrikapen hau, manera ezberdinetan deklinatua: “Bai Estatu sozialari, bai justizia fiskalari”, “Zergapetu ditzagun aberatsak, diruzta dezagun eraldaketa ekologikoa” edo baita “ Sustenga ditzagun alokatzaileak, ez akziodunak!” ere.
60 miliar euroko billete faltsu banaketa batek obratu beharreko hainbat proposamen konkretu jakinarazi dizkie oinezkoei : “Dirua, bada ! ATTAC-ek proposatu 6 neurriek 60 miliar ekartzen ahal lituzkete berehala, gobernu honek aberetsenei ordainarazteko nahikaria balu, erdi mailako eta langile klasei sistematikoki mendekatzeko partez.”
Talde ttipi batek arreta erakarri du, Bolloré, Arnault, Pouyanné, Le Maire edota ere Bettencourt-en jantzi dotore eta maskak erakutsiz. Horrela desfilatu dute, sakelak billete faltsuz beteak eta eskabideekin “Akziodunak Bruno Le Mairekin”, “Gora sokadako aintzindariak”, “Gehiago lan egin ezazue gehiago irabaz dezagun!”, manifestarien behako jostakinen artean.
Baina Alda eta Bizi erakundeentzat, maiatzaren Lehena parada izan da mezu biziki serios baten hedatzeko. «Desberdintasunak handitzen ari diren bitartean eta inflazioak biztanleriaren zati handi baten bizi-mailan pisua duen bitartean, gobernua, handitu beharko liratekeen aurrekontuak, murrizten ari da, hala nola trantsizio ekologikorako, eraikinen isolamendu termikorako, etxebizitza sozialaren ekoizpenerako, osagarria eta jendarte elkartasunarendako aurrekontuak” gogoratu du Ainize Butron Aldako ko-lehendakariak. Elouan Trichard Biziko koordinatzaileak salatu du: “Estatuak aberatsenei eta enpresa handiei bizia errexten die, eta gero eta gehiago hertsadura ezartzen klase ertain eta herrikoiei. Horrek ezin du iraun, aberatsak zergapetu behar ditugu, aberastasuna birbanatzeko eta justizia soziala eta metamorfosi ekologikoa finantzatzeko».
2024ko maiatzaren lehena, Baionan
Alda eta Bizi
(*) Superirabazi guziak zergapetu (sartzeak 10 eta 20 miliar euro artean), iruzur fiskalaren kontrako zerga unitarioa ezarri (18 miliari euro), zinezko aberastasunaren gaineko zerga plantan eman (10 miliar euro), aktibo handien transmisioa hobeki zergapetu (5 eta 10 miliar euro artean), zerga eta gizarte salbuespenak berrikusi (15 eta 20 miliar euro artean), fiskalitatea progresiboagoa bilakarazi finantza-errenten zergapetze zuzenaren bidez (2 miliar euro inguru).