«Kutsadura areagotuko duen neurri bat da»

BERRIA – www.berria.info

«Kutsadura areagotuko duen neurri bat da»

Bizi! kolektiboak hainbat ekintza egin ditu igandeko lanaren kontra, Angelun eta Miarritzen

E. B.

Baiona

Bizi! izeneko kolektibo bat sortu dute Ipar Euskal Herrian, klima aldaketaren kontra, baina «ikuspegi ekologikoa eta soziala lotuz». Klima aldaketari begira abenduan Kopenhagen izanen den goi bilerari begira sortu da. Kolektibo horrek hiru ekintza egin zituen herenegun eta igandean, igandeko lanaren aurka. Herenegun, igande goizetan irekia den supermerkatu bateko pankarta bat afixaz estali zuten, Angelun. UMPren egoitzan ere gauza bera egin zuten. Igandean, Medef-eko kideak balira bezala mozorrotuz ibili ziren, Angeluko hondartzan, patronala igandeko lanaren alde dagoela salatzeko.

«Igandetan lan egitea ez dator bat berotze efektua murrizteko helburuekin. Igandeko lanaren ondorioa gehiago lan egitea da, gehiago kontsumitzea eta gehiago garraiatzea», dio Bizi! kolektiboak.

Saltegiak igandez irekitzeak beste ofizio anitzetan ere eragina baduela dio CFDTko Françoise Lageyrek ere. «Merkantziak ekarri beharko dira, beraz, garraiolariek lan egin beharko dute. Dirua mugituko da, beraz, diru garraiolariak beharko dira, eta horiekin batera segurtasun agente gehiago. Garbitzaileek ere lan egin beharko dute, erosleak baldin badira, saltegiak zikinduko direlako eta garbitu beharko direlako. Gizarte osoan dauka eragina».

Igandez lan egiten dutenek haurrak non atxikiko dituzten ere galdegin du Lageyrek. Elkarte biziari ere kalte eginen lioke neurri horrek, Lageyreren eta Bizi! kolektiboaren arabera. «Elkarte mailako futbol eta errugbi partidak ez dira eginen, jokalariak lanean ari baldin badira», dio CFDTkoak.

«Hurbileko kirola, kultura, giza harremanak, familia bizitza eta aisialdia (mendia, hondartza, txirrindularitza…) suntsituko» lituzkeela gehitu du Bizi!-k.