Klimari buruzko negoziazioen porrota berria Durban-en: Oraindanik eragitea premiazkoa da!



Durban-eko Gailurrak 2°Cko beroketaren petik atxikitzea bazuen helburua, maila hortarik goiti klimaren aldaketa ezin kontrolatuzkoa baita, argiki huts egin du. Gaur egun mahain gainean ezarriak izan diren helburuekin, 4°Cko beroketa bati buruz ari gira zuzentzen, eta horrek jendartearentzat eta humanitatearentzat ondorio ikaragarriak ukanen ditu.
[:]

2010ak berotegi efektuko gasen isurketen markarik haundienak gainditu dituelarik,
Atmosferan den CO2 gasen konzentrazioa urtero haunditzen delarik, aldaketa klimatiko kontrolaz kanpoko baten arriskua ezin ttipituz,
Idorteak, sekulako euriteak eta munduan zehar bero aldi ikaragarriak bezalako muturreko gertakari klimatikoen bidertzea ikusten dugun unean,
Hots, alerta seinale guziak gorriak diren une honetan, berriz ere, Nazioarte Mailako Klimari Buruzko Negoziaketak, Durbanen, Hego Afrikan, porrota batekin bururartzen dira, Larrialdi Klimatikoaren errealitatetik arras deskonektatua den akordio baten izenpetzearekin. Beste behin ikasle txarrek (Estatu Batuak buru) jokoa irabazi dute gaurdanik aldaketa klimatikoaren biktima zuzenak diren herrien aintzinean.

Hamarkada hau biziki garrantzitsua da baitezpadakoa den trantsizio sozial eta ekologikoaren martxan ezartzeko, hots zuzenean paretaren gainerat eramaiten gaituen ibilbidearen norabidez argiki aldatzeko. Sekulan baino gehiago premiazkoa da oraindanik eragitea, gure berotegi efektuko gasen isurketaren murrizteko hondamendi klimatikoaren saihesteko.
2050an, planetaren eskalan, 1990ari konparatuz, beharko ditugu 3 aldiz ttipitu gure Berotegi Efektuko Gasen (BEG-en) isurketak. Herri industrializatuetan, gure BEG-en isurketak 5ez ttipituak izan behar dira. Hala ez bada, gure geroa eta gure haurrena frango iluna aurreikusten da.

BIZI!k herritar konzientzia guzien jazarpenerat deitzen du gure politika erabaki hartzaileen bultzatzeko, 2012ko hauteskunde garaiak hurbiltzen diren une honetan.

BIZI!k berriz baieztatzen du bere konbentzimendua: ez da klima aldatu behar baina planeta suntsitzen duen sistema kapitalista produktibista. Behar dugu ikasi BESTELA bizitzen, lan egiten, garraiatzen, kontsumitzen eta gure dirua inbertitzen.