Txirrindularien manifestazio bat antolatua da BABko hiribidean abenduaren 8an, igandearekin, Klimaren aldeko nazioarteko egunaren karietara. Auto gidariei eskatzen zaie bide horretarik ez pasatzea 10:30 eta 12:30 artean, berant ibili nahi ez baldin badute, bizikletek hain segur BABko hiribide osoa hartuko baitute.
BABko hiribidea hiriguneko bide nagusietarik da. 7 km luze da, Aturriren eta Biarritzeko aireportuaren artean. Ordokia da eta itzulingururik gabea, hots, bide bikaina egun guziz bizikleta erabiltzen dutenendako. Bizitegi anitz eraiki da ardatz horren inguruan, eta haiekin batean, bide hori har dezakeen jendearen kopurua azkarki emendatu. Baina bizikletei zuzendu segurtasun-antolamendurik ez eginez gainera, handik pasatzea debekatu zaie! Agintariek trabak jartzen dizkiete mugitzeko manera eztiak erabili nahi dituzten hiritarrei, etsiarazi nahiz bezala.
BABko ardatz zentral hori, orain, autoaren nagusigoaren sinbolo bihurtu da, bai eta txirrindulariek gaur egun pairatzen dugun mespretxuaren adierazle ere. Klima, ekologia eta osagarri alorretako desafioei serioski erantzuteko borondate politikoaren sinbolo bilakatu behar da; gutien kutsatzen duten eta traba gutien egiten duten ibiltzeko moldeei lehentasuna emateko borondate politikoaren sinbolo.
Arduraz joka dezagun, desobedi dezagun! Abenduaren 8an, igandearekin, urte guzian debekatua zaigun BABko hiribidea bizikletaz hartuko dugu, kolektiboki. Klimaren aldeko nazioarteko egun honen karietara, agintariei fermuki eskatuko diegu gure eguneroko joan-jinak klima nahasmenduan parte hartu gabe egiteko posibilitatea eman diezaguten.