Astearte honetan, maiatzaren 4an bozkatua izan den Klima eta Erresilientzia lege proiektua ez da behar den mailara heltzen. Testu honen anbizioa sobera ahula da hemendik 2030era, 1990 urteari konparatuz Frantses Estatuaren berotegi efektuko gasen isurketen %40ez murrizteko helburuaren errespetatzeko. Argi uzten du Emmanuel Macron-ek duen mespretxua berak antolatu duen KHK/CCCrentzat (Klimaren aldeko Herritarren Konbenioarentzat).
Frantses Estatuaren ardurapean diren jatetxe kolektiboetan egunero hautu begetariano baten plantan emaite baitezpadakoa bezalako zonbait neurrietarik kanpo, KHKren neurri egituratzaile bakar bat ere ez da konduan hartua izan… Irri egin nahi izanez geroz, gobernuari beren “kuraiarentzat” ondoko goraipamena egiten ahal ginuke: 2022an debekatua izanen da publizitate hegazkin baten airean ibilaraztea. Hainbat gaixto nahasmendu klimatikoarentzat! KHK-k berekin zeramatzan justizia sozialaren arloko neurriak, jaka horien mugimenduaren ondotik jinak, kasik denak desagertu dira.
Bere idaztetik Legebiltzarreko irakurketa arte, Klima eta Erresilientzia legea, eztabaida demokratikoari ekarriak izan zaizkion golpe sekuentzia bat bakarrik izan da.
Emmanuel Macronen promesa lehenik, erran zuenean KHK/CCCren (Klimaren aldeko Herritarren Konbenioaren) 149 proposamenak irazi gabe onartuko zituela, 3 joker hartuz haatik. Gero, gobernuak eta lobbyek burutu zuten suntsitze lana, funtsa galdua zuen legegaia sortuz. Hartarik landa, parlamentu-eztabaida murriztua, prozedura zalutuan eta legegintza-denbora programatuan antolatua: emendakinen %20a edo 25a onartezinak kontsideratu zituzten (eztabaidatik kanpo atxikiz, legegaiarekin loturarik ez zutelakoan), KHK/CCCren proposamenak barne! Eta azkenik, karrikan: 110 000 pertsona baino gehiagok Klimaren aldeko Martxan parte hartu zutelarik martxoaren 28an (haietarik 430ek Angelun), Legebiltzarraren aitzineko elkarretaratzea debekatu zuten apirilaren 6an, justiziak geroztik baliogabetu zuen erabakia.
Azkenean, lege horrek gobernuak klimari buruz duen egiazko ikusmoldea erakusten du. Klima aldaketaren kontrako gerlan batere sartu gabe, Emmanuel Macron, enegarren aldikotz, ekologiari sentikorrak diren hautesleak bereganatzen entseatzen da bakar-bakarrik, heldu diren hauteskundeen perspektiban, demokraziari trufa eginez aldi berean: “urratsez urrats aitzinatzeaz” harro dago, klima nahasmenduaren kontra konkretuki borrokatzen diren militanteen karikatura eginez. Baina urrats ttipika aitzinatuz, azkenean eskailera maila batzuk huts egiten dira!
Ez diogu konfiantza egiten gobernu honi. Erabaki egituratzaile batzuk nazio eta mundu mailan hartu behar baldin badira ere, klimaren aldeko konponbideen %50-70 tokiko mailan aurkitzen dira.
Ipar Euskal Herriak premiazkoa du azkarki engaiatzea gu denen oraina eta etorkizuna baldintzatzen duen klima aldaketa den erronka altxatzeko. Adibidez, duela urtebete, Iparraldeko biztanleria osoaren %62a ordezkatzen duten 46 herriko etxek Euskal Herriko Metamorfosi Ekologikoaren Ituna sinatu zuten. Herri eta elkargo mailan, erabaki nagusi batzuk plantan ezartzeko engaiamenduak hartu dituzte 7 eremutan: mugikortasun eztiak, energia berriztagarriak, elikadura biologikoa eta tokikoa, energiaren kudeaketa, hondakinen murrizketa, Euskoaren garapena eta Klima Planaren gauzatzea. Denek elkarrekin, ekin dezagun engaiamendu horiek ez daitezen hitz hutsak baizik izan: Hitza Hitz! Eta ez ditzagun ahantz Hitzarmena sinatu ez duten herriko etxeak, haiek ere Euskal Herriaren erresilientziaren erantzukizuna badutelako.
Arrisku klimatikoaren neurria eta hortik ondorio gisa beharrezko ekintzak hartzeko gai ez den gobernu baten parean, guri dagokigu, herritarrei, hautetsiei eta lurraldeei gure bizitzetaz jabetzea: ekin dezagun, hemen eta orain!