Igande honetan, uztailaren 23an, Biziko eta Surfrider Fundazioko militanteek ekintza ikusgarri bat egin dute udako bisitarien artean, Ostreopsis alga tropikal toxikoen ugaritzea sobera bero den ozeano batean, klimaren arloan geldirik egotearen ondorioa dela salatzeko. Babes kimikoko jantziak, gas maskarak, eskularruak eta botak jantzirik, euskal kostaldeko hondartza batera heldu dira, erradiazio nuklearrez kutsaturiko leku batera heltzen den bezala.
Osasun arazoen erantzule den uren berotzea
Haien banderolan idatzia den mezua argia da: “ Alga toxikoak=bainu debekatua”. Ingurumenaren arloko araudien arloan «Europako arauentzat pausa bat» aitzin ikusi nahi bada, Macron presidenteak duela guti proposatu zuen bezala, laster gure bainujantziak babes handiko ekipamenduekin aldatu beharko ditugu hondartzara joateko. Arrazoiarekin! 2021az geroztik euskal kostaldean den Ostreopsis mikroalga toxikoak uretan berriz ikusi dira udako denboraldiaren hasieran.
Azken asteetako beroarekin, uraren tenperatura 23°C ingurukoa izan da, uztailaren 5ean Bidarten ere 25°C-ra heldu da. Apirilaren hasieratik Ipar Atlantikoko Ozeanoak bizi duen itsas bero-bolada indartzen ari da, denboraldiko tenperatura normalaren gainetik batzuetan Britainiar uharteetan +5 °C-ra heldu baita ekainean, eta hori itsas biodibertsitatearentzat lazgarria da.
Ostreopsis-a, gero eta presenteago den alga toxiko bat
2021etik geroz, urte guziz bezala, Ostreopsis-a berriz agertzen da euskal kostaldean. Begi hutsez ikusezina, jatorri tropikaleko mikroalga hau ur epel, bare, barnetasun ttipikoan eta kostalde harritsuetan ugaritzen da: Euskal kostaldean gero eta maizago betetzen dira baldintza horiek eta Ostreopsisak bainu-eremuetan eta surf-guneetan ugaltzea ahalbidetzen dute, bereziki 2021ean Eskualdeko Osasun Agentziari ehunka intoxikazio kasu eraginez.
Ahoan zapore metalikoa eta sintoma asko lotuak zaizkio: zintzurreko mina, begietako sumindura, errinorea, goragalea, larruazaleko gorritasuna eta batzuetan 38°C-tik goitiko sukarra ere bai. Jakina da Ostreopsis ovata-k, hain zuzen, toxina lurrunkor bat askatzen duela, itsas langarran zabaltzen dena eta eragina izan dezakeela itsasoko biodibertsitatean zein kostaldeko erabiltzaileetan, bere lehengusua den Ostreopsis siamensis-a bezala, azken ikerketen arabera, toxkikotasun gutiago edo batere ez duena.
Izan ere, jendeen osasunean dituen ondorioetaz gain, Ostreopsisak itsas ingurunea kaltetzen du eta bere biztanleen gehiegizko hilkortasuna eragiten du itotzearen ondorioz, janen duten animalien hilkortasuna zeren toxinaren eragina ukanen dute, elika-katean azken hauek metatuko baitira.
Klima-ekintza eta erregulazioa: itsasoko erabiltzaileak babesteko premia
Surfriderrek arazo honetan inplikatuak diren lurralde eragileekin lan egiten du eta itsasoko erabiltzaileak eta herritarrak sentsibilizatzen ditu alga honek gure kostaldean egoteak ekartzen dituen arriskuetaz.
Komunikazioa berezia ere burutzen du GKEak, sintomak eta esposizioa gertatuz gero hartu behar diren jestu egokien berri emateko.
«Garrantzitsua da Ostreopsisaren ugalketa jasan duten populazioei ahal bezain untsa informatzea. Horrela, kontzientizazio mezuak eta hartu beharreko jestu onen azalpenak biderkatzen ditugu.» azpimarratzen du Marc Valmassoni Surfriderreko uraren kalitatean adituak. Eta gehitzeko “Bere aldetik, Europar Batasunak bizkortu behar du bainu-uren kalitateari buruzko Europako Zuzentarauaren berrikuspena, itsasoko erabiltzaileen osasuna hobeki babesteko kontrolatu behar diren irizpideak gehitzeko”.
Kontuan izan Ostreopsis-a ez dela euskal kostaldean ugaltzen den alga bakarra, beste batzuk, Liga adibidez edo alga berdeak Ostreopsisaren baldintza berdinetan garatzen dira.
“Ostreopsis algak izozmendiaren aurpegi ikusgarria baizik ez dira, ozeanoa egoera txarrean dela erakusten du, eta lurreko eta itsasoko tenperaturaren igoerak kezkatu behar gaitu eta klima aldaketari buru egitera bultzatu. Basoak erretzen dira, eta ozeanoak ere bai. Egoera larria da, fite jokatu behar dugu» abisatzen gaitu Luxi Detchart-ek, Biziko bozeramaileak!
Bizi! elkarteak, Surfriderrekin elkarlanean, koordinatzen duen ekintza honek Ostreopsisaren arriskuez ohartarazi nahi du biztanleria, eta ber maneran, klima-aldaketaren eragin zehatzak argitara eman nahi ditu ere.”Bertako, Frantses Estatuko eta Europako buruzagi politikoei eskatzen diegu beren ardurak har ditzaten larrialdi klimatikoaren aitzinean orain ekiteko!” adierazi dute bi elkarteetako bozeramaileek. «Ez da «ingurumena babesteko araudietan» pausa egiteko garaia, alderantziz ekintzak bikoiztu behar dira iragarritako hondamendia mugatzeko. Konponbideak alor guzietan dira (mugikortasunak, energia, laborantza, elikadura, etxebizitza, etab.) plantan eman ditzagun berehala!».