Klimaren aldeko nazioarteko eguna:
433 pertsonak desobeditu diote BAB hiribidean bizikletaz ibiltzeko debekuari
Igande honetan, abenduaren 8an, 433 bizikletarik BAB hiribidea okupatu dute, 2 orenez, nazioarteko klimaren aldeko eguna kari. Horren bidez, hiribide hortan bizikletaz ibiltzeko debekua hausten zuten, elkarteek azkarki eztabaidan ezartzen baitute. COP25aren erdian, herritarrek beren hautetsiei dei eginez, gainetik etorriko denaren zain egoiteko ordez, beren lurraldearen alde ekitea galdegiten duten ekintzak biderkatzen dituzte. Larunbat honetan, abenduaren 7an, Izpiritu Sainduko zubian bizikleta bide baten estreina egiteko Txirrind’olak egin deiaren ondotik, gaur Bizik argi uzten du BAB hiribidean ez dela bizikletentzat segurtasun-antolamendurik.
Hiribide hori hirigunearen ardatz nagusietakoa da. Ordokia da eta itzulingururik gabea, hots, bide bikaina egun guziz bizikleta erabiltzen dutenendako. Ainitz hiritarrek antolaketa hobeak itxoiten dituzte beren joan-etorrien egiteko, bizikletaren hautua egin aintzin. Ekologikoa, ekonomikoa eta osagarriarentzat ona, bizikletak errexki egin litzazke gure hirietan 3 km petik diren eguneroko joan-etorrien erdiak!
Bizikleta-manifestazio horren bukaeran, Marion Pichery-k, «Dena autoz»-ari alternatibak taldearen bozeramaleak, BABko hiru auzapezei dei egin die: «Etchegaray, Olive, Veunac jaunak! Ezin diozue holako mobilizazio hiritar bati ez ikusiarena egin. COP25aren erdi-erdian, klima alorreko urgentziaren parean, galdera bakarra eginen dizuegu: bizikleten bide segurua BAB hiribidean, noizko ote?»
Denetan, bizikletaz egiten diren mobilizazioak biderkatzen dira eta ainitz herrik trantsizioa abiatu dute. Tokiko elkarteek presioa atxikitzea erabaki dute, ekintzak gauzatuz eta manifestaldiak antolatuz, ondorioak agertu arte. Bizik 2020ko Herrietako hauteskundeetara aurkezten diren zerrendei galdegiten die, besteak beste, «bakarkako autoaren» erabilpenaren ordez mugikortasun alternatiboa lantzen duen Ipar Euskal Herriko Metamorfosi Ekologikoaren Itunaren alde engaia daitezen.