Kanpoko berri: TAFTA : klima eta askatasunak suntsitzeko akordioa

Badu zonbait urte Europar Batasunaren eta Estatu Batuen artean (TAFTA) eta Europar Batasunaren eta Kanadaren artean (CETA) negoziazioak isilka apailatzen ari direla. Negoziazio horiek demokraziarentzat eta ingurumenarentzat izigarri kezkagarriak dira.  Komertzioaren liberalizazio politika horiek eta inbertsio egileen eskubideen haunditze horiek bost axola dute planetaren eta jendarteen egoeraz; alderantziz, energia fosilen lurpetik ateratzeko, transformatzeko eta garraiatzeko azpiegituren menean den eredu energetiko ezin jasangarria sustatzen dute. Horren ondorioz, nahasmendu klimatikoaren saihesteko edozoin xede haundinahi baztertzen da.

TAFTAren kontrako ekintza 2014ko urriaren 11an, Miarritzen

TAFTAren kontrako ekintza 2014ko urriaren 11an, Miarritzen

Pertsona gero eta gehiagok, munduan zehar ulertzen dute eta beren hautuetan konduan hartzen dituzte, baitezpadakoa den neurritasuna, beharrezkoa den ekoizpen sistemen bertokiratzea, funtsezkoa den energia berriztagarrien garapena eta ezinbestekoa den herritarren areko elkarlana. TAFTAk eta CETAk energiaren eta industriaren multinazionalen interesak asetzen dituzte, beren muga gabeko apetituari erantzuten diote, inbertsio pribatua eta merkataritza askea sobera babestuz.

Horrelako akordio batzuen izenpetzeak, bizitzeko goxoagoak diren, lagun giro haundiagoa duten, solidarioagoak, zuzenagoak eta gizatiarragoak diren jendarteen sortzen ikusteko esperantzak deuseztuko ditu. Ondorioz, TAFTAren eta CETAren kontra bokorrokatzea, aldaketa klimatikoaren kontra borrokatzea da, trantsizio ekologiko eta sozial baten aldeko egiazko praktika eta politikak plantan emaiteko posibilitateen zaintzea baita. TAFTA GELDI: bi hitz ezin bereiziak.

Xehetasun gehiagorentzat: www.collectifstoptafta.org