IPCCren txostena: klima-larrialdiaren aitzinean geldirik egoten dira politikariak;  herritarren mobilizazioa sekulan baino baitezpadakoagoa

Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC-k) seigarren ebaluazio-ziklo honen bigarren txostena argitaratu du astelehen honetan, urtarrilaren 28an. Klima-aldaketaren inpaktuei buruz den txostenak berriz ere alarma jotzen du, klima-aldaketaren kontrako borrokan sekulan baino erronka handiagoa dela nabarmenduz. Klima arloan, geldirik egotea, maila guzietan nagusi delarik, Bizik klimaren eta justizia sozialaren aldeko martxara deia luzatzen du martxoaren 12an, larunbatean, Baionan.

IPCCren ondorioak behin betikoak dira. Klima-aldaketaren ondorio kaltegarriak ikusgai dira jada, ingurumenean baina baita gure eguneroko bizitzan ere. Idorteak, berote handiak, uholdeak, ekoizpenaren eta hornikuntzaren apaltzea… Gizarteak eta ekonomia, larrialdi klimatikoaz jadanik gogorki hunkituak dira. Giza jarduerek eragindako berotegi-efektuko gasen isurketak mugatzeko ez bada deus egiten, klima-aldaketa bizkortuko da, gure eguneroko bizitza oraino larrikiago hunkitzea mehatxatuz, bai eta ere ondoko belaunaldiena.

Txostenak azpimarratzen du eragin larri horiek arinduak izaiten ahal zirela, gaiak hunkitzen dituen eragile guziak duela zenbait hamarkada mobilizatu baziren. Hala ere, IPCCk gogoratu du oraindik posible dela ekitea ondorio larrienak saihesteko. Gainera, momentu erabakigarri batean gira: gaur egungo berotegi-efektuko gasen emisioak azkarki eta laster murriztea hautatuz gero, historiaren ibilbidea oraino aldatzen ahal dugu.

Alta, klimaren arloan geldirik egotea nagusitzen da gobernantza-maila guzietan. Mundu mailatik tokikora, badirudi gure buruzagiek statu quo-a lehenesten dutela, gure etorkizunaren eta etorkizuneko belaunaldien kaltetan. Emmanuel Macronen bost urteko agintaldiaren bilan klimatikoa sabotajearen parekoa da. Tokiko mailan, hautetsiek larrialdi klimatikoaren aitzinean burua ostruka bezala hondarpean sartzen segitzen dute: Ipar Euskal Herria metamorfosi ekologikoaren 0. fasean da.

Orain presidentetzarako hauteskundeak baino aste batzuk lehenago, larrialdi klimatikoa eta justizia soziala, berriz ere, eztabaidetatik kanpo dira. Borondate politiko faltaren aitzinean, herritarren mobilizazioa sekulan baino baitezpadakoa da.

Bizik herritarrei dei egiten die martxoaren 12an, frantses Estatu osoko mobilizazio egunean, saldoan mobilizatzeko. Elkarte ekologista martxoaren 12an, larunbatez, 15:00etan Baionako geltokian bilduko da, larrialdi klimatikoa eta justizia soziala eztabaida politikoaren erdigunean izan behar direla gogoratzeko.

Martxaren ondotik, Bizik hitzaldia antolatzen du Züzülün (Kordelierren karrikako 25., Baionan) 17:00etan négaWatt egitasmo berriari buruz. NégaWatt elkarteko Paul Neau-k aurkeztuko du. Neurritasuna, eraginkortasuna, energia berriztagarriak trilogian oinarrituta, 2022ko egitasmoak, 2050eko, karbono-neutralasuna duen eta %100 berriztagarria den frantses Estatuaren bideragarritasuna erakusten du.