Astelehen honetan, otsailaren 4., Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldeak (IPCCk) klima aldaketa mugatzeari buruzko seigarren ebaluazio-ziklo honetako hirugarren txostena plazaratu du. Otsailaren 28an argitaratu azken txostenak jada ikusten diren klima-aldaketaren ondorio kaltegarriei buruz alarma piztu zuen. Txosten berri honek aldiz, ondorio horien mugatzeko berotegi-efektuko gasen isurketak manera azkarrean eta lasterrean (ia ia berehala) arlo guzietan murriztu behar direla azpimarratzen du.
Ukrainako gerrak erregai fosiletatik ateratzeko beharra ankerki nabarmendu badu ere, IPCCren txosten berriaren ondorioek oraino gehiago azpimarratzen dute premia hri. Erregai fosilekiko dugun menpekotasuna bukatzea, larrialdi klimatikoaren ondorioak arintzeko gai funtsezkoa dela nabarmendu dute adituek. Aukera eraginkor eta bideragarrien artean, IPCCk azpimarratzen ditu: neurritasuna (energia eta baliabide guttiago kontsumitzea), energia berriztagarriak, haragi gutiago duen elikadura, mugikortasun ohituren aldaketa, etab.
Berrirz ere, txostenaren ondorioek beroketa globala +1,5°C-ra mugatzeko jardutea premiazkoa dela gogoratzen dute. Eta, hala ere, frantses Estatu mailan, Iparraldean bezala, inertzia politikoak norma izaten segitzen du: larrialdi klimatikoari dagozkion gai eta neurriak, justizia sozialarekin lotuak direnak bezala, ez dira larrialdiak galdatzen duen heinean… Oraino txarrago, beharrezkoak ez diren eta inposatuak diren proiektu handiek agenda politikoaren lehen lerroan segitzen dute GPSO-ak bezala… AHTren itzulerarekin.
Aspaldian isilpean egona, kostu ekonomiko eta ekologiko izugarriak dituen proiektu klimatizida hau agenda politikoaren lehen tokietara itzuli da, frantses Estatuko exekutiboak sustengatzen duen Alain Rousset Akitania Berriko eskualdeko presidentearen bultzadaz,. Amaigabe errepikatzen diren hipotesi okerren gainean, eta edozein azterketa eta oposizio herritarren kontra, proiektuak bere bidea segitzen du arras antidemokratikoa den moldean. Izan ere, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluko presidenteak proiektuaren lehen faserako finantzaketa plana sinatu du. Hori eginez, hartu zituen engaiamenduak ez ditu errespetatu zeren Euskal Elkargoak, Gironde eta Lot et Garonne departamenduek proiektuaren gauzatzearen kontra bozkatu dute. Testuinguru honetan, Bizik CADE-ekin batera informazio bilkura publikoa antolatzen du apirilaren 12an, asteartean, 19:00etan, Baionako Lan Boltsan. Topaketa honek behargabeko proiektu handi eta inposatu honen ingurumen, ekonomia baita sozial arloko kostuen berri eman nahi du. Gure lurraldea jadanik gogorki hunkitzen duen etxebizitzaren krisian AHTak dituen ondorio kaltegarrien ezagutzeko parada izanen da.